'Burdinazko emakumeak' erakusketea Ortuellan
2024-02-12 11:15 KultureaBizkaiko meatzaritzearen historian emakumeek izandako zeregin garrantzitsuaren autortzea da.
Gallartan dago Euskal Herriko Meatzaritzearen Museoa eta behin betiko hartuko dau erakusketea Meatzaldeko hainbat udalerritan ibili ondoren. Erakusketa Teresa Laespadak, ahaldun nagusiordeak eta Enplegua, Gizarte Kohesinoa eta Bardintasuna sustatzeko diputaduak eta Saulo Nebredak, Ortuellako alkateak, inaugurau dabe. Asmoa da ikusgarritasuna emotea ezelako duda barik lurraldean aldaketa historiko baten protagonista izandako emakumeen oinarrizko lanari. Ekitaldian, aldi berean, Pilar Pérez-Fuentes egon da, Historian doktorea, erakusketearen muntaian kolaboratzailea eta Burdinazko emakumeak: historia eta memoria - Mujeres de hierro: historia y memoria liburuaren egilea, izan be, erakusketea liburu horregaz eta igazko martiaren 16an Gallartako Euskal Herriko Meatzaritzearen Museoan ipinitako oroimenezko plaka bategaz osotzen da. Hain zuzen be Museo honetan kokatuko da modu iraunkorrean erakusketa (Muskizen eta Trapagaranen be egon da). Burdinezko emakumeei omenaldia egiteko ekimena Batzar Nagusiak erakundeko Podemos alderdiak proponidutako eta Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeak aho batez adostutako aginduaren parte da.
Laespada diputaduak erakusketaren inaugurazioan adierazi dauenez, emakumeak Bizkaiko aldaketa historiko eta ekonomikoaren protagonistak izan dira burdinaren meatzaritzan izan zuten zeregin garrantzitsuagatik; burdinak lurraldea eraldatu zuen, Ibaizabal itsasadarrean zehar industria bultzatuz, izan garen gizarte aberats eta oparoaren oinarriak jarri zituena. Badakigu emakumeak oinarrizkoak izan zirala hazkunde bizkorreko hamarkada hareetan, lan eta bizi-baldintza penagarriak, langileen burruka epikoak eta industria-proiektu handiak gorabehera. Meatzaritzearen historian gizonen kontakizun bati egin behar deutsagu aurre, ia ez baitago emakumeen arrastorik, salatu dau.
Laespadak zehaztu dauenez, Ortuellara ekarri dogun erakusketa honek gogorazoten eta omentzen dituan burdinazko emakumeak meategietan lan egin ebenak izan ziran, jakina, baina baita beste asko be. Personentzat baino ia gehiago animalientzat pentsautako ustiapen ekonomikoaren ondorioz etxe kaskar eta txiroen iraupena euren bizkar gainetan jasan eben emakumeak, eta hareekaz zorretan gagoz.
Era berean, Ortuellako alkateak, Saulo Nebredak, ondokoa adierazo dau: Indarrak, gure meatzeak eta gure historiak, mineralari eta mendiari deutsagun begirunea, Meatzaldea eskualdeak, badabe zeozer amankomunean. Danak femeninoz idazten dira. Guztiek berez ahaldundutearen kontzeptuetara bueltetan gaitue, gaur egun omenaldi bikain eta ezinbesteko honetan: indarra, burrukea, lan nekaezina. Emakume horreen adorea, bai etxe barruan bai etxetik kanpo be, baita meategian be, balio handiko herentzia da gure lurraldean, Meatzaldean, hain zuzen be. Auzokide guztiak animetan ditut protagonista honeen historia ezagutu deien; ziur nago Ortuellan gustauko jakela eta asko gainera, gaineratu dau.
Burdinzko emakumeak: historia eta memoria proiektu honetarako aitatutako Euskal Herriko Meatzaritzearen Museoaren laguntzea izan da (argazki-artxiboak eta objektuak); era berean, AHOArena (ondare immaterialaren artxiboa), izan be, erakusketeak QR kodeak be baditu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!