Euskalduna Jauregiak diru sarreren errekor historikoa hausi dau
2024-02-12 11:11 KultureaZortzi miloe euroko diru sarrerak eta 364.597 bisitari izan ditu.
Euskalduna Bilbaok 100 miloe eurotik gorako eragin ekonomikoa izan eban Bilbo eta Bizkaian 2023ko ekitaldian, eta ia 365.000 bisitari. Diru-sarrerak eta nazinoarteko kongresu kopurua lako atal garrantzitsuetan izandako sekulako emoitzek eta daborduko zenbaki positiboetan agiri dan cash flow-ak, 2020tik denporan zehar izandako arlo positiboaren jarraipena danak, finantza-kontrolaren bidea indartzen dabe.
Egoera horrek, eraikinean hobekuntzak egiteko inbersino-estrategia bat martxan jarteko aukerea emoten dau, uriko Biltzar Jauregiaren eta Musikearen irisgarritasunean eta jasangarritasunean aurrera egiten jarraitzean zentrauta.
25. urteurrenaren ospakizunetan, marka historikoak hausi ditu Euskalduna Jauregiak. 2023an izandako 8 miloe eurotik gorako diru sarrerek, uriburuak 1999ko zezeilaren 19an inaugurau eben Kongresu eta Musika Jauregiaren funtsa, esanahia eta gaitasuna bermatzen dabe.
Nerea Lupardo, Euskalduna Bilbaoko zuzendari nagusiaren arabera, Euskalduna Bilbaoren helburua da Bilbo eta Bizkaiari bultzada ekonomiko eta soziala emongo deutsen ekitaldi eta topaketen egoitza izaten jarraitzea, nazinoarteko ekitaldiak erakartearen alde eginez. Egoitzearen estrategia, kudeaketa jasangarrian oinarritzen da, funts propioen bitartez.
2023, Meetings and Events fakturazino errekorra
Kongresu-jarduerak errekorreko diru-sarrera izan eben, 4 miloe euro ingurukoa, 2018an ezarritako kopuruaren gainetik, aurreko marka onena. Igaz, Euskalduna Bilbao MICE alorreko 358 ekitaldiren topaleku profesionala izan zan, eta hori fakturazino osoaren ia % 48,5 izan zan. 2022. urteurrenaren aldean, 2023an fakturazinoaren igoerea %38,59koa izan da, ekitaldien kopurua % 3 handiagoa izan baitzan.
2023an nazinoarteko batzar handiak egin dira, irailean bereziki, eta horren ondorioz jentearen joan-etorriak ugari izan ziran. Igazko beste errekorretako bat da irailean zehar, miloe bat euroko mugea gainditu zala diru-sarreretan. Ekitaldien tipologiari erreparauta, osasun arlokoak nagusi izaten jarraitzen dabe (% 28), teknologia bigarren (% 18) eta iraunkortasunaren gaia jorratzen dituenak hirugarren (%14). Dibulgazinoa eta ezagutzea, irisgarritasuna eta inklusinoagaz lotutako jardunaldiak aurreko ehunekoan dagoz laugarren tokian (% 11).
Kultura jarduera eta ekitaldi bereziak
2,7 miloe euro inguruko diru-sarreregaz, kulturako, arte-erakusketetako eta ikuskizunetako 348 ekitaldiek guztizko fakturazinoaren % 34 inguru hartu dabe. Produkzino propioko muntaia eta proposamenak publiko barriak erakarteko lantzen dabizen arlo estrategikoetako bat dira gazteak, horrek entretenimendu eta aisialdi kulturaleko programazino anitza nahiago baitau.
Ondoko ekitaldi honeek izan dira aitagarrienak: Europa 80 urte geroago. Varsovia atzo, gaur Ukraina; Esther Pizarroren Kartografia Ukiezinak eta Elixabete Mendiberen Una Mirada sobre Frida; Aire Zabalean; Enigma; eta Itsaso Txikian bela-bataioa Aste Nagusian, 5 urtetik gorakoentzat pentsautako jarduerea.
2023ko programazino osoa kontuan hartuta, jente gehien batu eban ekitaldiak 22.155 persona alkartu zituan: Musika-Música zikloaren kontzertuek. Produkzino propioan, Kartografia ukiezinak erakusketea 4.300 personak bisitau eben.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!