'Kiroletik Bagoaz Euskaraz' sariak sortu dabe
2024-02-12 10:33 KultureaAurtongo autortzea Aritz Olagoi psikologoak jasoko dau.
Eusko Jaurlaritzeak Kiroletik Bagoaz Euskaraz saria sortu dau Kirol munduan euskerearen aldeko praxiak autortzeko. Sari horren bidez, egunerokoan euskerearen erabilera sustatzen daben kirol klubak eta norbanakoak saritzeko idea dago. 2023 urtean, lehen edizinoan, Kiroletik Bagoaz Euskaraz saria Aritz Olagoi psikologoari emongo deutse.
Autortzea, zezeilaren 14an, eguaztena, arratsaldeko 18:00etan Donostiako Aquariumean jasoko dau.
Aritz Olagoi Psikologian Lizenziatua da eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Psikologian espezializauta dago. Haren ibilbide profesionala psikologiaren, kirolaren eta euskerearen inguruan egin dau; arlo horretan, euskerea kirolean sustatzeko hainbat egitasmo propio sortu ditu eta Kirol Entrenamenduetan Euskerea Sustatzeko (KEES) Metodologia garatzeagaitik, batez be, jasoko dau saria.
Metodologia horrek kirol hezitzaile-entrenatzailea dau helburu, bera baita euskerearen erabilerea sustatzeko arduradun nagusia. Entrenamendu saioak euskeraz gidatzeko gaitasuna daben entrenatzaileak euskeraz egingo deutse umeei beti eta entrenamenduetan zein partiduetan informazinoa, aginduak eta zuzenketak euskeraz emongo ditu. KEES metodologiaren bidez entrenatzaileek baliabide eta tresnak ezagutuko ditue gaur egun bizi dogun elebitasunezko errealidadeak umeakaz dogun komunikazinoan sortzen dituan egoera anitzak kudeatu ahal izateko.
Lehen edizinoko hautagaitzak
Lehen edizinoan 11 hautagaitza ebaluau dira eta autortzea be jasoko dabe ekitaldian:
- Aritz Olagoi.
- Añorga Kultur eta Kirol Elkartea.
- Oarsoaldeko Kirol Lan-Mahaia.
- EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultatea (IVEF).
- Gaztedi Rugby taldea.
- EHUko GIKAFIT Ikerketa taldea.
- Oihana Azkorbeitia.
- Ostaiska Egia.
- Arritxu Iribar.
- Ibon Oregi.
- Pou Anaiak.
Sariak 2021-2024 Kirolean Euskerea Sustatzeko Planean dau bere jatorria eta urteroko edizinoak izango dira aurrerantzean. Egitasmo horren bitartez, kirolean euskerearen erabilerea era sistematikoan lantzen daben klubak eta personak autortzea eta kirol arloan euskerearen erabilerea gizarteratzea dau helburu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!