‘Mikel Laboa... izan liteke konstelazino, izan gabe izar...’ erakusketea Bizkaia Aretora heldu da
2024-02-09 12:16 KultureaZezeilaren 5etik 29ra zabalik egongo da Bizkaia Aretoko Axular aretoan.
Mikel Laboa Katedreak bultzatutako erakusketea egileari egindako omenaldia da, haren heriotzearen 15. urtemugan. EHUk, Mikel Laboa Katedraren eskutik, EHUkultura eta Loraldiagaz batera, erakusketea zezeilaren 5etik 29ra egongo da zabalik.
Erakusketea aurkeztu dabeute Miren Koro Campos erakusketearen komisarioak; Gorka Morenok, Bizkaiko Campuseko errektoreordeak; Imanol Agirrek, Loraldia-ren zuzendari artistikoak; eta Beatriz Zabalondok, Bizkaiko Campuseko Euskera eta Kultura zuzendariak. Patxo Tellería, bilbotar aktoreak, musika ikutua emon eutson aurkezpenari eta zenbait abesti kantau ditu.
Erakusketea Mikel Laboaren bizitza, ahots eta musikeari egindako omenaldia da, haren heriotzearen 15. urtemugan. Mikel Laboa Katedreak bultzatutako beste lan batean oinarrituta dago: Ni ez naiz Mikel Laboa komikia, Unai Iturriaga eta Harkaitz Cano idazleek eta Joseba Larretxe Josevisky ilustratzaileak sortua. Komikiagaz jazoten dan lez, erakusketea ez da ohiko biografia bat, baina Laboaren musika-espirituak, haren nortasunak eta haren umoreak gidatzen dabe komikiaren irudiakaz osotutako erakusketa honen istorioa.
Erakusketan ikusi daitekez, besteak beste, Mikel Laboaren 3Dko arpegia, bihotz-formea dauen moztutako panel bat, beirako arasak eta idulkiak, eskulturak, kartelak, diskoak, kontzertu-sarrera, programa, edota argazkiak.
Miren Koro Campos komisarioak ondokoa azaldu dau: Erakusketea atal askotan banatuta dago. Atal bakotxa uniberso bezela atondu dogu, hau da, artistearen bizitza personala (ikasketak, lana, gaixotasunak, traumak...), atal esperimentala edo Lekeitioak, Laboak asmautako musika adierazpide barri bat eta Mikel Laboa zilbor-heste bat bezela, euskal kultura zaharra eta gaur eguneko belaunaldien bitartekari handienetako bat.
Bestalde, Bea Zabalondo Bizkaiko Campuseko Euskera eta Kultura zuzendariak ondokoa adierazo dau: Euskal Herriko Unibersidadea etenik bako lanean dabil euskerea eta euskal kulturearen sustapenean eta bere jomugan dago unibersidadeko komunidadeari eta publikoari hurreratzea gaurkoa lako ekimenak. Zabalondoren ustez, Euskal kantautorearen unibersoan barruratzeko ibilbide ederra atondu da hemen; artistearen ibilbidea ahaztu barik, haren izakerea eta bizipen personalak nabarmentzen dira.
Gorka Moreno Bizkaiko Campuseko errektoreordeak alkarkidetzea berbea azpimarratu dau: Alkarkidetzea Loraldia lako erakunde bategaz, Bizkaian Euskerea eta Kulturea bultzatzen eta suspertzen dabilenagaz; baina alkarkideteza UPV/EHU barruan eta katedren artean be, izan be, erakusketa hau Mikel Laboa Katedreak bultzatu da eta, esangura horretan, alkarkidetza honek bide oparoa edegitea espero dot.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!