'Emakume Zientzialari eta Teknologo' erakusketea, Zabalgunen ikusgai

Bizkaie! 2024-02-09 12:00   Kulturea

Gaurtik, hilak 9, astelehenerarte egongo da ikusgai.

Zezeilaren 11n ospatzen dan Emakume eta Neska Zientzialariaren Nazinoarteko Egunaren barruan Bilboko Udalak Emakumeak zientzialari eta teknologo erakusketea atondu dau, Zabalgune Eraikineko atari nagusian ikusi ahal izango da gaurtik zezeilaren 13ra arte.

Erakusketak zientzia eta teknologia arloko 12 emakumeren irudiak ditu. Doban bisitau ahal izango da, aldez aurretik erreserbau barik, 10:00etatik 19:00etara.

Xabier Ochandianok, Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza, Turismo eta Enplegu Zinegotziak, adieraza dauenez aurten, barrikuntza bezela, zientziaren eta teknologiaren arloko 12 emakumeri omenaldia egin nahi izan deutsegu erakusketa bategaz. Bilboko Udalak jakin daki oso garrantzitsua dala neska eta gazteen artean bokazino zientifiko-teknologikoak sustatzea, Bilbok Unibersidade eta Jakintzaren Uri gisa dituan etorkizuneko erronkei aurre egiteko.

Erakusketeak gizartea eta, bereziki, umeak eta gazteak, egungo eta iraganeko zientziaren eta teknologiaren benetako erreferente diran 12 emakumerengana hurreratu nahi dabe, gaur egungoak,iraganekoak eta ibilbide profesional zabala daben emakume gazteak. Ondoko Honeek dira Bilboko Udalaren eta Elhuyarren #O11Erakusleihoak kanpainako irudietan oinarritutako erakusketako 12 zientzialari protagonistak:

  • Ana Zubiaga Elordieta (Forua, Bizkaia, 1959). Biologoa.
  • Angela Saini (Londres, Erresuma Batua, 1980). Zientzia-gaietako kazetaria.
  • Brigitte Baptiste (Bogota, Kolonbia, 1963). Ekologoa.
  • Uxue Fernandez Lasa (Urretxu, Gipuzkoa, 1984). Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako ikertzailea.
  • Ana Teresa Diego (Bahia Blanca, Argentina, 1954-1976). Astronomiako ikaslea eta ekintzaile komunista.
  • Mary Anderson (Greene, AEB). Asmatzailea eta ekintzailea.
  • Miriam Friedman Menkin (Riga, Letonia, 1901-1992). Genetista eta enbriologoa.
  • Elena Ponciano Paino (Durango, Bizkaia, 1980). Arte Plastikoetako eta Ehunen Diseinuko goi-mailako teknikaria. Soldadura eta galdaragintzako teknikaria.
  • Wangari Maathai (Ihithe, Kenya, 1940-2011). Ingurumenaren aldeko aktibista eta politikaria.
  • Chieko Asakawa (Osaka, Japonia, 1958). Informatikaria.
  • Gro Harlem Brundtland (Bærum, Norvegia, 1939). Medikua eta politikaria.
  • Maia Duguine Haristoy (Hazparne, Lapurdi, 1979). Euskal hizkuntzalaria.

#O11Erakusleihoak

Bilboko Udalak eta Elhuyarrek zezeilaren 1ean jarri eben martxan Erakusleihoak, zezeilaren 11 #O11Erakusleihoak proiektuaren bosgarren edizinoa, aurten be Bilbon harrera oso ona izan dauen ekimena: Uriko 8 barrutietako 87 establezimendu atxiki dira, 2023an baino 8 gehiago.

Establezimenduek erakusleihoak apainduta ditue zezeilaren 11ra arte, emakumeek zientziaren eta teknologiaren arloan egiten daben lana ezagutarazteko.  Zabalgune Eraikineko erakusketea Bilboko Udalaren eta Elhuyarren proiektuaren ondorioz erakusleiho horreetan ikusgai dagozen irudietan oinarrituta dago.

Emakume eta Neska Zientzialariaren Nazinoarteko Eguna

Nazio Batuen Batzar Nagusiak Emakume eta Neska Zientzialariaren Nazinoarteko Eguna aldarrikatu eban 2015ean, eta zezeilaren 11n ospatzen da. Ospakizun horren helburua da emakumeen eta nesken zientziarako sarbidea eta parte-hartze osoa eta bidezkoa lortzea eta horien artean bokazino zientifikoak sustatzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu