Badator XIX. 'Harrapazank' programea

Bizkaie! 2024-02-09 10:01   Kulturea

Zezeilaren 15etik 29ra bitartean edegiko da izena emoteko epea.

Bilboko Udalak Harrapazank gazteentzako euskerazko aisia-programearen 19. edizinoa jarri dau martxan. Aukeratu zure bidea! izenburuagaz, sormena, musikea, bideo-jokoak eta beste hainbeste jarduera landuko ditue.

Aurtengo nobedade nagusiak, Game eta Kale Ginkana tailerrak izango dira. Parte-hartzaile bakotxak gurago dauena aukerau ahalko dau.

Izena emoteko epea zezeilaren 15etik 29ra arte egongo da edegita, Harrapazank programearen web-orrian, eta martitik maiatzera bitartean martxan jarriko da.

Programearen helburua da 10 eta 16 urte bitarteko neska-mutil bilbotarrek euskerea ezagutu eta erabiltea aisialdiko jardueretan, eta, era horretan, euren guneetan eta denpora librean euskerearen aldeko motibazinoa eta euskerearen erabilera indartzea. Ganera, programan zeharkako gaiak lantzen dira, balioegaz zerikusia dabenak, esaterako, bardintasuna, inklusinoa eta dibersidadea edo osasuna.

Harrapazank Bilboko Udalaren programea da, eta Euskaltzaleen Topaguneagaz alkarlanean egiten da. Bilboko gazteek euskera esperientzia positibo eta gozagarriagaz identifikatea da gure helburu nagusia, motibazinoa eta erabilera sustatzeko, adierazo dau Eider Inunciaga Euskerako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazinoarteko Gaietako zinegotziak.

Harrapazank-en aurtengo hiru ildoak

- Klikazank. Aisia digitala.

12 eta 16 urteen artean jaiotakoek bideo-jokoen munduan sartzeko aukerea izango dabe, lehiaketa eta tailerren bitartez. Aisialdian euskerearen erabilera sustatzeaz gan, bideo-jokoen balio positiboak landuko dira.

  • Game Player lehiaketea. Rocket League bideo-jokoan oinarritutako torneoa da. Lau online proba norbanako bezela gainditu ondoren, parte-hartzaileak maiatzaren 25ean finalera joango dira, Euskeraren Etxean, goizeko 11:30ean. Irabazleek 150 eta 50 euroko bonuak jasoko ditue.
  • Game tailerrak. Streamer edo gamer tailerretan ikasiko dabe zer dan stream-ean ibiltea eta zer baldintza bete behar diran gamer izateko. Tailer guztiak Euskeraren Etxean egingo dira, arratsaldeko 17:30ean.

- 2. Eszena. Bilboko talentuen lehiaketea.

Banaka zein taldeka parte hartu ahalko da. Lehenik eta behin, atondu diran zuzeneko castingetan parte hartu beharko dabe. Lehen urrats hori gaindituta, master class bat jasoko dabe, euren talentua garatzeko. Finalera sailkatzen diranak tutoretzak jasoko ditue, adituen laguntzinoagaz, aurkeztuko daben ikuskizuna hobetzeko, maiatzaren 25ean, Bilborock aretoan. Hainbat sari dagoz eta guztira 1.100 euro banatuko dira.

- 3. Kale Ginkana. Erronkak taldean gainditzea.

Apirileko eta maiatzeko asteburuetan, 12 eta 16 urte arteko gazteek galdera baten erantzuna topau beharko dabe, erronkak gaindituz. Horretarako, 4 eta 8 kide arteko talde bat osotuko dabe, eta erronkak eta pistak lotu beharko ditue Bilboko lau auzoetako kaleetan zehar. Asteburu bakotxean, kaleko ginkana auzo batean izango da. Saria, afari bat izango da talde irabazlearentzat. Jarduerea hori egiteko, ez da beharrezkoa izango aurretik izena emotea: Ginkana antontzen dan lekura joan behar da bakarrik, taldeagaz.

Aurtengo eskaintza guztiak hemen ikusi.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu