Hitzetik Hortzera sudur gorriagaz

Bizkaie! 2024-02-09 07:55   Bertsolaritzea

Beatriz Egizabal kontalari lasartearra izango da zapatu gaueko programako protagonista.

Ipuin kontalaria, clown-a, umoregilea… Kontakizunen munduan arlo ugari jorratzen ditu Beatriz Egizabal lasartearrak. Beragaz alkartuko da asteon Mirari Martiarena. 25 urte daroaz herriz herri, baina oraindino askotan galdetzen deutse ia nondik urten dauen. Umorea dau lanerako erreminta eta aldian aldian laguntzinoa emoten deutso sudur gorriak, ez dalako gauza bera clown-a izatea eta bakarrizketak egitea.



Begirada feministatik sortzen ditu bere emonkizunak, halanda ze, askotan esaten dabe askok haren umorea emakumeentzat dala. Etiketa horreei buruz, emakumeen umoreari buruz eta umorearen norabideei buruz berba egingo dabe, baita 2024ko proiektuei buruz be.

Bertsolaritzea be izango dabe berbagai Beatriz Egizabalek eta Mirarik. Bertsozale estandartzat dau bere burua Beatrizek. Azken urteetan Ane Labaka bertsolariagaz Erradikalak gara eta Erradikalak ginen emonaldiak eskainiz ibili da eta orain heldu deutse Bertso clown emonaldi bereziei.



Zeanuri eta Abadiño

Bizkaia aldeko saio biko bertsoaldiak eskainiko ditue asteko Hitzetik Hortzeran. Batetik Zeanurin egiten dan urteroko bertso jaialdiari egingo deutse lekua. Eñaut Intxaurraga gai-jartzailearen aginduetara ibili ziran Amets Arzallus, Igor Elortza, Nerea Ibarzabal, Alaia Martin eta Maialen Lujanbio.

Bestetik, Abadiñon egin zan bertso afariko bertsoaldiak izango dira. Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus ibili ziran kantuan eta Txaber Altubek eta Aitor Bizkarrak jarri zituen gaiak.

Hitzetik Hortzera, zapatutan 21:00etan ETB1en, eta ondoren, EITB Nahieran atarian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu