Emakume Hautetsien Asanbladea martiaren 1ean izango da
2024-02-08 13:22 KultureaGernikako Batzar Etxean egingo da.
Bizkaiko Batzar Nagusietako Bardintasunerako Taldea alkartu da, 2022-2025 aldirako Emakumeen eta Gizonen Bardintasunerako Planean jasoten diran ekintzak gauzatzen jarraitzeko. Batzar Nagusietako beharginek eta talde politikoetako kideek lan saioa egin dabe, ibilbide-orri horretako ekintzarik esanguratsuenetakoa dan Bizkaiko Emakume Hautetsien Asanbladea, antolaketeari jagokonez, ixten joateko. Emakumearen Nazinoarteko Eguna ospatzeko ezohiko batzarra Gernikako Batzar Etxean egingo da, martiaren 1ean, barikuan.
Bilboko egoitzan egin dan saioan, Bizkaiko Parlamentuan bardintasunean aurrera egiteaz arduratzen dan taldeak adostu dau, baita be, Batzar Nagusietako taldeak hobekuntza-ekintzak gauzatzeko egiten ari diran jarduereari buruzko informazinoa jasoteko metodologia onuragarriagoa emoteko planari.
Emakumeen eta Gizonen Bardintasunerako II. Planak erakundean bardintasunaren arloan egiten ari ziran jardunbide egokiei eusteko eta ekintza barriak txertatzeko estrategiak batzen ditu. Azkenik, Bizkaiko parlamentuaren bardintasun-planaren barrikuspenak bardintasun-taldeak aztertu dituan 22 helburu eta 65 hobekuntza-ekintza batzen ditu, hiru jarduketa-eremutan (Gobernamentu Ona, Komunikazinoa eta Eragina Gizartean), zortzi ildo estrategikotan moltsokatuta. Ildo horreen artean dagoz, besteak beste, genero-ikuspegiaren integrazinoa, bardintasun ikutua dauen beharginen kudeaketea, komunikazinoa, emakumeen ahalduntzea, indarkeria matxistaren kontrako burrukea edo zainketen aintzatespena.
Bizkaiko Batzar Nagusietako Emakumeen eta Gizonen Bardintasunerako II. Plana erronka handia izan da bertan parte hartu dabenentzat, izan be, Bizkaiko parlamentua Espainiako Estaduko bigarrena izan zan bere garaian, Nafarroaren atzetik, Bardintasun Plana eukiten, eta Euskal Autonomia Erkidegoko parlamentuen arteko lehenengoa. Proiektu honek herri-administrazinoek euren personen (kasu horretan, lantaldea eta Batzar Nagusietako taldeak) bardintasuna bultzatzeko politika espezifikoak sartzeko arau-errekerimenduari erantzuten deutso, holan, ganerako erakunde politiko, sozial eta ekonomikoentzako bardintasun-politiken erreferente bihurtzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!