Iñaki Osoro Otadui: 'Klub soziala da gurea'
2024-02-12 07:54 Barriketan1924ko urtarrilaren 30ean jaio zan, Candido Arrizabalaga Apotxianok gidatutako batzarrean eta, beraz, Eibarreko Klub Deportiboak 100 urte bete barri ditu betiko esentziari eta filosofiari eutsiz. Mendia, pelotea, atletismoa eta txirrindularitzea dira lau arlo nagusiak baina kirola eta kulturea buztartzen be lan handia egin dabe ibilbide luze eta emonkorrean. Izenean deportibo berbea agertzen bada be kirola, kulturea eta euskerea be jorratzen ditue.
Mendea, 100 urte, ez da gitxi, zenbat gauza aldatu diran, maila ekonomikoan, sozialean eta politikoan; eta hori guztia sanoa aberasgarria izan da. Zer ikusi ha ikasi. Umeek etxean ikusitakoari eusten deutse, hainbat etxetan ohiturea izan da seme-alabea jaio eta Deportiboko bazkide egitea eta datu legez baino ez bada be, hamahiru sail eta 2.729 bazkide ditu Gipuzkoako alkarterik handienetakoak.
Ehun urteko ibilbidea hamar bat galderako alkarrizketara batzea gatxa bada be, Iñaki Osorok emon deuskuz eskatu deutsaguzan azalpenak
1.- Zorionak, Eibarreko Klub Deportiboak 100 urte bete ditualako. Klub berezia, sorrerako esentziari eta filosofiari eusten deutsona? hamahiru sail eta 2.729 bazkide, ez da bromea...
Bai. Eskerrik asko. Bazkideak piloa dira eta eustea ez da txarra. Azken 25 urteotan maila horretan gabiz eta pozarren gagoz. Esentzia eta filosofia nabarmentzen dozuz eta egia da, dabilenari ez jako trabarik ipinten. Klub soziala da gurea, denpora librean, aisialdian egiteko jarduerak bideratu eta atondu dituana, kirol arloan zein kultur eremuetan.
Eibarreko Klub Deportiboa 1924ko urtarrilaren 30ean jaio zan, Candido Arrizabalaga Apotxianok eraginda eta ordutik hona makinatxu bat gauza egin doguz.
2.- Zuk zeuk zenbat denpora daroazu Eibarreko Klub Deportiboan? Oso oker ez bagagoz liburu bat be idatzi zenduan orain hamar bat urte. Presidente ezagunak izan ditu Klub Deportiboak, nortzuk?
Umetatik, 14 bat urtegaz edo sartu nintzan. Mendiaren arloan beharrean ibilitakoa naz, apurka-apurka laguntzen, atontzen eta holakoetan gaur arte; 53 urte edo egin ditut hemen. Tartean, 25. urteurrenean liburu bat atara genduan eta hor ibili ginan testuak gainbegiratzen eta zuzentzen. Fundatzaileei grabaketak egiten, testigantzak jasoten, hemen, hor eta han datuk batzen eta Klub Deportiboan egozan artxibo dotorera batutakoakaz oso gustora ibili ginan.
Gurean izandako presidenteei jagokenez, eibartar asko ibili dira presidentetzan zein bestelako arlo batzuetan eta Juanito San Martin euskaltzaina, Juan Gisasola Juanito Txoko txirrindularitzearen arloan Arratera igoerea atondu ebana, Petrus, oraindino bizi dana eta kaletarrak be ez dodaz ahaztu gura, pentsakera guztietakoak.
3.- Zelakoak dira Klub Deportiboaren tripak, azpiegiturea?
Hamahiru sail eta 2.729 bazkide ditu gure Klubak. Bazkide izateko gure lokalera etorri edo webgunean sartu eta han dagoan formularioa bete, besterik ez da behar. Urteko kuotea 20 eurokoa da eta umeentzako kuotea be badago.
Edozelan be baina gure azpiegiturea guztiz bolondresa da, borondatetsua, hamairu batzorde gara eta zuzendaritzea batzordeetako ordezkariakaz egiten doguz batzarrak. Datu legez, astero 150-200 bat lagun ibilten gara beharrean.
4.- Hasierako garai hareetan emakumeek ez eben bazkide izateko aukerarik baina geroago egoerea aldatu egin zan. Zelakoa izan zan prozesua?. Emakume presidenterik ez da izan orain arte, arduratzen zaitue gai honek?
Arduratu edo bai baina kontuan izan behar da pilo bat emakume dabizela beharrean isilean. Emakumeek lan handia egin dabe Klub Deportiboan eta gaur egun presidenteordea emakumea da, zuzendaritza batzordean sei emakume dagoz. Datu lez baino ez bada be, bazkideen % 33 emakumeak dira. Mendiaren gorabeherakaz lotuta, lehen emakumeak gerra aurretik hasi ziran mendira joaten eta beste batzorde batzuetan be presentzia handia izan dabe.
5.- Eibarko Klub Deportiboak zeresan eta zerikusi handia izan eban Federación Vasco Navarra de Alpinismo ezagunaren sorreran, beti be alkarlanari eutsiz...
Bai. Mendia eta naturea, hasieratik arlo garrantzitsua izan da guretzako, horreen bueltako gauzetan beti ibili gara gustora eta, esan dozun legez, aitatu federazinoaren sortzaileetako bat gara eta bost edo bagabiz oraindino beharrean. Mendi Federazinoak aurten 100 urte beteko ditu eta hori be gogoangarria da.
Ganerakoan, mendi-bideak markau eta planifikau, babeslekuak edo errefugioak be gestionau izan doguz: Urrakiko Zuloagatarren errefugioa, Kalamuako eta Arrateko bide ondoko errefugioak, sasoi batean garrantzia handikoak ziranak. Mendira ibilaldiak be atondu izan doguz eta gure jarrera laguntzaile eta solidarioari eutsiz, erreskate lanak be ez dodaz ahaztu gura bai mendian eta bai urpekaritza taldekoek egindakoak.
6.- Atletismoa izan zan Klubaren sorrerako hiru oinarrietako bat hainbat lehiaketa eta txapelketatan parte hartzeaz gan, herriko kaleetan bertan egiten diran lasterketa herrikoiak bultzatu dira, besteak, beste, kluben arteko olinpiadak edo urte amaierako San Silbestrea atonduz. Bolumburu saria edo Simon Aldazabal lasterketa ezagunak be gogoratzen doguz. Besterik nabarmenduko zeunke?
Esan dozuzan horreek oso ezagunak dira bai hemen eta bai beste herri batzuetan be eta asko etorten ziran gure lasterketatan parte hartzeko asmoz. Makina bat urtetan jente asko ibili da arlo honetan eta emoitzak dira lasterketok baina eliteko kirolariak be izan doguz atletismoan, besteak beste, Asier Cuevas, Eneko Larrea eta Odei Jainaga.
6.- Txirrindularitzearen arloan, nork ez ditu ezagutzen, Pedalaren Eguna, Arrateko Igoerea, San Juan Saria edo Mardaras Saria. Arrateko Igoereak eragindakoa sekulakoa izan zan, izan be, 1980an Klub Ziklistaren Eibarko Bizikleta eta Arrateko Igoerea batu eta mundu mailako kategoriako lasterketa bakarra atontzen hasi zinien (Euskal Bizikleta), gaur egun Euskal Herriko Itzulia bilakatu dana....
Espainiako Ziklo-kros txapelketak be urte askoan atondu ditu Eibarko Klub Deportiboak baina Pedal Eguna eta Arrateko Igoerea eredu dira aurrerago Eibarko Bizikleta, Arrateko Igoerea eta mundu mailako kategoriako lasterketa bakarra atontzen be hasi ziran, Euskal Bizikletea, hain zuzen be eta gaur egungo Euskal Herriko Itzulia be nork ez dau ezagutzen...
7.- Txirrindularitza eskolea eta emakumeen taldea be nabarmendu gura neukez. Zelako ekarpena egin eban eskoleak?
Eskolearen indarra sekulakoa da, 1996. urtean jarri eben martxan, maila guztietan, lasterketak atontzen eta gazteak kirol horretara erakarten. Zeozertxu nabarmentzearren afizionatuen mailan aurrera goaz eta talde lan horretan 25 urte baino gehiago daroaguz. Eta emakumeen taldeari jagokonez, lan handia egin dogu, beste inon emakumerik ez ebilenean.
8.- Peloteari be aparteko garrantzia emon deutsazue eta Pelota Eskolea gaur egun be martxan dagoz, betidanik izan dau presentzia Klub Deportiboaren bizitzan eta gaur egun be bizi-bizi jarraitzen dau pelota-jokoaren sustapenean, txikienetatik hasita, edade guztietako 50 neska-mutil baitabiz Pelota Eskolan eta kirol horregaz lotutako beste hainbat jarduera atontzen...
Pelotea hasierako arloa da, indar handikoa eta horren erakusgarri, Klubeko pelotari Miguel Gallastegi bera, Mariano Juaristi Mendizabal, Atano III ezagunari irabazi eutsola. Baina palan be badabil talde bat eta hori be nabarmendu gura neuke.
9.- Euskal Jaia, Indalezio Ojanguren mundu mailako argazki-lehiaketea, Deportiboko Kezka taldea, Aratosteetako Koko-Dantzak edo Arrateko Amaren Dantzak, urpekaritzea, boletina, Kezka aldizkaria, artxiboaren digitalizazinoa....
Bai. Internetera artxiboak batzen gabiz (deporeibar.artxiboa.eus) eta uste dot gauza zoragarriak dagozala: Juanito Txokoren eta Juan Luis Atxaren familiak beren argazki bildumak eta Indalecio Ojangurenen familiak itxitako albumak be bai, mendi ibilerenak eta.
Bestetik, Kezka, hasiera batean sei hilabeteko aldizkari zana urtekari bihurtu zan eta 1975eko urtarrilean etorri zan azken alea. Edozelan be, handik urte batzuetara, beste edizino bat izan eban 1989 eta 2001 bitartean. Aldizkari horreek ondo islatzen dabe klub barruan egindako lana eta gizarteak momentu bakotxean zituan ardurak.
Beste alde batetik, aitatu dozuzan horreek eta gehiago be aitatuko deutsudaz, besteak beste, xake-taldearen jarduerea, Eibarko Hiria Jose Mari Kruzeta Memoriala Xake Lehiaketea atontzen dauena arrakasta handiz eta Xake-Eskolea Lehen Hezkuntzako 5. mailara arteko ikasleentzat.
10.- 300 bat lagunek Arrajolatik Urko mendira doan bidea argiz markau zenduen, 100 zenbakia margotuz. Erretratu elegantea plazaratu dozue 400 bat lagun agertzen diralarik...
Bai. Urteurrenaren bezperan egin genduan eta esperientzia polita izan da, bidea argiztau eta 100 zenbakia be adierazo genduan. Ehundaka batu ginan.
11.- Eibarreko Klub Deportiboaren 100 urteko ibilbidea batzea ez da erraza baina zertzelada batzuk emon doguz...
Gauza batzuk esan doguz baina egia da alkarrizketa zein liburuak be ez dirala nahikoa gorabehera guztiak, esperientziak, momentu txar eta onak batzeko baina beharrean segiduten dogu eta 1954tik lokala dogun arren, artxiboa, erretratuak, dokumentuak eta bestelakoak Eibarreko ehundaka etxetan egongo dira, zati batzuk baino ez badira be.
12.- Eibartarrentzat eta besteontzat aparteko mezurik?
2024. urtean, gure lana kalera eroatea da asmoa (Atletismoa, mendia, xakea eta pelota kalean, kriterium bat kalean...), herritarrek ikusi deien ze lan egiten dan Eibarreko Klub Deportiboan.
Horrezaz gan, arlo administratiboa nabarmenduko neuke. Gaur egungo eskariari erantzuteko lan karga handia dago eta sano gatxa izango da profesionalizazinora salto egitea.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!