Elhuyar, Europan
2024-02-08 12:36 Euskerea berbagaiParlamentuan aurkeztu dau hizkuntza-teknologien eta adimen artifizialaren inguruan egiten dauen lana.
Elhuyar Europako Parlamentuan izan da, Orai adimen artifizialeko zentroan egiten dauen lana aurkezten. Agerraldia, Jon Abril Olaetxea Elhuyarreko koordinatzaile nagusiak egin dau, Igor Leturia Azkarate Oraiko hizketa-teknologien arduradunaren laguntzinoagaz, Europako Parlamentuko Estrasburgoko egoitzean, Gitxiengoen Batzordean. François Alfonsi Berdeak-Europako Aliantza Librea alderdiko dipudadu korsikarrak konbidauta izan dira bertan.
Europako beste hizkuntza gitxiagotu batzuen esku jarri dau Elhuyarrek bere esperientzia eta ibilbidea. Hizkuntza-teknologien eta adimen artifizialaren inguruan egiten dauen lanaren barri emon dau (Elia itzultzaile automatikoa, Aditu hizketa-ezagutzailea, eta TTS hizketa-sintesiko zerbitzua, besteak beste).
20 urte baino gehiagoko ibilbidea egina dau Elhuyarrek alor horreetan, eta aspalditik ohartuta dagoz horrek guztiak geure hizkuntzearen garapenerako dauen garrantziaz. Horregatik eta horretarako sortu eben duela urte eta erdi Orai, Elhuyarren adimen artifizialerako zentroa. Digitalizazinoak euskerearen irisgarritasuna eta hedapena errazten ditu, eta euskerearena bezela, beste edozein hizkuntzarena baita be. Gizarte digital batean bizi gara, eta eremu digitalean sendo ez dan hizkuntza baten etorkizuna oso larria izango da. Hizkuntzen bizibarritze-prozesuetan digitalizazinoa oso aintzat hartu beharreko elementua da. Horretaz be ohartuta dagoz Europako hizkuntza handienak, frantsesa, gaztelania edota alemana kasu, izan be, ingelesaren mehatxuak euren hizkuntzei funzionalidade eta erabiltzaile ugari galtzea ekar daiteke. Are nabarmenagoa da mehatxu hori hizkuntza gitxiagotuentzat, adierazo dau Jon Abril Olaetxea Elhuyarreko koordinatzaile nagusiak.
Mundu globalizau honetan, kulturak eta hizkuntzak homogeneizatzeko joera gero eta handiagoa danean, euskerearen antzeko mailan dagozen hizkuntzak Interneten aktiboki agertzeak beste gizarte-eredu bat eraikitzen laguntzen dauela azpimarratu dau Abrilek, askotarikoagoa, eta pertsonentzat pentsatua, hizkuntza gitxiagotuen digitalizazinoa ez dago soilik komunikazinoa eta informazinoa eskuratzeagaz lotuta, halanda ze, eragina dau kultura-aniztasunean, hazkunde ekonomikoan eta hizkuntzearen etorkizunean. Ildo horretan, Abrilek nabarmendu dauenez, euskerea geure eskuko mobikorretan egon behar dau, baliagarri izan behar da telefonoagaz eta bestelako edozein gailuregaz idatziz zein ahoz komunikatzeko. Neurri horreek lege-arlokoak eta ekonomikoak izan behar dirala erantsi du Abrilek. Bide beretik, azken hilabeteotan Europako instituzinoetan euskerearen, katalanaren eta galegoaren ofizialtasuna ezbaian dagozen horretan, ofizialtasun hori berebizikoa dala adierazo dau Elhuyarreko koordinatzaile nagusiak.
Igor Leturia Azkarate Oraiko hizketa-teknologien arduradunak, barriz, hizkuntza eta hizketa teknologien eta adimen artifizialaren inguruan egiten dan lanearen inguruan berba egin dau, eta azpimarrau dau euskerea beste hizkuntza gitxiagotu asko baino egoera hobean dagoala, badirelako hamarkada bi baino gehiago ikerketari eta garapenari ekin eutsenetik, hizkuntza ardatz hartuta. Unibersidadeak, ikerketa zentroak, enpresak, teknologia zentroak… hizkuntza-teknologien eremuan ari gara lanean aspaldidanik. Edozein estrategia digitaletan hizkuntza erdigunean jartzearen garrantzia azpimarratu dau Leturiak.
Hizkuntza gitxiagotuetako eragileen arteko lankidetza beharra azpimarratu dau Leturiak, alkarregaz errazago lortuko dogu. Bide bat hasita daukagu Linguatec IA proiektuagaz, Interreg-Poctefa funts europarragaz lagundutakoa, euskeratik hasita, katalana, aragoiera eta okzitaniera. Eredu hau zabaldu behar dogu, eta metatutako jakintza Europako beste hizkuntza batzuen eskura jarri.
Horrelako proiektuak egiteko dirulaguntza-lerro berezi bat martxan jarri beharko luke Europak, Elhuyar eta Oraiko kideen ustetan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!