Martxan da 13. Euspot

Bizkaie! 2024-02-08 09:08   Kulturea

Mobikorrek edade txikikoei eskaintzen deutseen aukerak eta mehatxuak adierazo beharko ditue aurtengo iragarkietan.

Euspot, euskerazko ikus-entzunezko iragarki edo spot-en lehiaketan parte hartzeko deia egin dabe hamairugarren urtez, oraingo honetan eskuko mobikorrak eta edade txikikoak gaia landu beharko dabe.

Betiko legez, Debagoieneko eragile ugarik egin dabe bat Euspot atontzeko, tartean, Mondragon Unibersidadeak, Arizmendi ikastoleak, Aretxabaletako Udalak eta Arteman Komunikazinoak. Halandabe, aurtengo edizinoko babesle nagusia Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila izango da. Horreezaz gan, Bai Euskarari Alkarteak eta Music Library-k, euren laguntzinoa eskainiko dabe.

Aurtengo gaiari jagokonez, ondoko hau da: 12 urteko seme-alabak mobikorra eskatu deutse gurasoei. Zer egin?,  gaiari erantzun behar deutsen spot sortzaile eta originalak bilatzen gabiz. Teknologiak eta mobikorrek edade txikikoei eskaintzen deutseen aukerea eta mehatxuak aintzat hartuko dituen iragarkiak. Gizarte orokorrari, baina bereziki adin txikiko umeen guraso eta hezitzaileei zuzendutako iragarkia izan behar da.

Kontuak kontu, parte hartu nahi dabenek, gehienez 30 segunduko ikus-entzunezko iragarkia aurkeztu beharko dabe, euskeraz. Formatua librea da, hau da, bertikalean zein horizontalean grabau leikie. Sari ugari dagoz jokoan, 2.800 euro guztira. Ikus-entzunezkoak bidaltzeko epea maiatzaren 20ra arte egongo da edegita.

Nahi daben guztiak parte hartzera animau ditue, Euspoten sartzeko ez dalako behar jakintza sakonik edo profesionalen pareko teknikarik. Irudimena, horixe da atontzaileek eskatzen daben gauza bakarra. Lehiaketea edegia da eta edozeinek hartu leike parte, ganeratu dabe.

Lanak aurkezteko modua eta oinarriak hemen.

Sari orokorren artean lau dagoz: Spot-ik onena (1.000 euro), Publikoarena (500 euro), Musika sinkronizazinorik onena (300 euro) eta gazteen saria (14-18 urtekoentzat, 500 euro). Horrezaz gan, Mondragon Unibersidadeko ikasleek egindako iragarkirik onenak 500 euro eroango ditu eta Arizmendi ikastolako onenari, 250.

Ikus-entzunezkoen arloko ikasle, sortzaile zein zaleen artean, entzute handia izan dau Euspot lehiaketeak hasiera-hasieratik. Horren erakusgarri dira atontzaileek emondako datu batzuk:

Orain arteko hamabi edizinoetan, 750 spot inguru aurkeztu dira, eta Euspoten webguneak 20.000 bisita izan ditu. Horrezaz gan, sare sozialetan 2.000 jarraitzailetik gora ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu