Zabalik dago 'Bertatik Bertara 2024' laguntza deialdia Santander, Bilbo eta Logroñoko kultura sektorerako
2024-02-07 08:22 KultureaZezeilaren 7tik martiaren 7ra da epea.
Santanderko, Bilboko eta Logroñoko kultura-arloko enpresa, alkarte eta profesionalek aukerea izango dabe Bertatik Bertara 2024 laguntza-deialdira aurkezteko. Helburua da beste urte batez hiru uri horreetako kultura-sareak ekimenak alkarregaz jorratzea eta, holan, urtean zehar beren kultura-eskaintzan txertatzeko.
Sustatzaileak Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza Saila, Santander Creativa Fundazinoa (FSC) eta Logroñoko Udaleko Kultura Unidadea dira. Laguntza horrek 90.000 euro ditu, hiru instituzinoek zati bardinetan jarriak (bakotxak 30.000 euro), hautatutako 6 proiektuen artean emongo diranak, horeetako bakotxerako aurrekontua 15.000 eurokoa izango baita.
Ekimenak 2024. urtean gauzatu beharko dira eta, gainera, barriak izateaz gan, gitxienez hiru urietatik bitako kultura-eragileren arteko alkarlanaren emoitza izan beharko dabe. Halan da be, hiru urietako eragileek bultzatutako proposamenak be kontuan hartuko dira. Kultura edo sormen-sektoreko enpresa, alkarte eta profesionalek hiru udalerri horreetako batean izan beharko dabe soziedadearen egoitza, edo garatu beharko dabe euren jarduera nagusia.
Deialdian ohikoa danez, hiru urietako ordezkariek osotutako Balorazino Batzordeak aukeratuko ditu proposamenak, eta proiektuen kalidadea, interesa, bideragarritasuna eta barrikuntzea ebaluauko ditu. Kontuan hartuko da, besteak beste, proposamenek lagunduko ete daben hiru urien artean lotura egonkorrak ezartzeko kultura-sektore profesional bat sortzen, jarraitzen edo aberasten.
Deialdiaren oinarriak eta aurkeztu beharreko eskaerea FSCren webgune honetatik deskargau daitezke: www.santandercreativa.com. Dokumentazio guztia info@santandercreativa.com helbidera bialdu beharko da.
Memoria eta balantzea
Langile Autonomoen Araubide Berezian izena emonda dagozan profesionalak eta enpresak edo bestelako erakundek aurkeztu ahalko dira deialdira, beren forma juridikoa edozein dala be, kultura-ondasunak sortzen, produziduten, banatzen eta merkaturatzen badabiz, beren jarduera hiru urietako batean egiten badabe eta ez badira toki-erakundeei, tokiko organismo autonomoei edo tokiko enpresa-erakunde publikoei atxikitako merkataritza-soziedadeak.
Proiektuak uri bitako kultura-eragile bik edo hiru urietako hiru kultur eragileek (uri bakotxeko batek) aurkeztu ahal izango ditue. Hautatzen diran ekimenek amaierako memoria eta proiektuaren balantze ekonomikoa aurkeztu beharko ditue.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!