Mariasun Landak Emakunde Saria jaso dau
2024-02-07 08:22 KultureaLiteraturearen bidez bardintasunari egindako ekarpenagaitik.
Iñigo Urkullu Lehendakariak, Nerea Melgosa Bardintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuagaz eta Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariagaz batera, Bardintasunerako Emakunde Saria emon deutso Mariasun Landa Etxebeste idazleari, neskato, nerabe eta emakumeen bardintasun eta duintasunari egindako ekarpen sortzaileagaitik.
Lehendakariak eskerrak emon nahi izan deutsoz Mariasun Landari, umeei eta gazteei zuzendutako bere obrakaitik, horren bidez aukerea emoten deutselako mundua ezagutu daben bezela zalantzan jarteko, galdera barriak egiteko, balioak eta bizi-ereduak transmitiduteko.
Urkulluk azpimarrau dau beharrezkoa dala eredu bardinzaleak izatea fikzinoan eta errealidadean, mundu hobea, bidezkoagoa, bizigarriagoa eta bardintasunezkoagoa irudikatzeko kapaz diran emakumeak eta gizonak. Etorkizunera begirako proiekzino horretan kokatu dau Lehendakariak Emakundeko Zuzendaritza Kontseiluak onartutako Emakumeen eta Gizonen Bardintasunerako 2030 Estrategia. Herrialdeak 2030. urteari begira bardintasunaren eremuan heldu nahi diran 11 jomuga zehazten dira, esan dau Urkulluk.
Bide horretan, Nerea Melgosa Bardintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak gogorarazo dau Emakunde Sariak hiru hamarkada baino gehiago daroazala hainbat persona, erakunde eta alkartek bardintasunaren alde egindako lana ikusarazoten eta baloretan.
Mariasun Landaren kasuan, literaturearen arloan egindako lanaz gan, sarituaren ibilbide bikaina nabarmendu dau sailburuak, Gaur idazle batek bere literatur produkzinoaren bidez egindako ekarpenaz gan, emakume batek bere militantzia feministearen bidez gizarteari egindako lana eta konpromisoaren bidez egindako ekarpena be saritzen doguz.
Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak epaimahaiaren argudioak gogorarazo ditu Mariasun Landari saria emoteko aho batez hartutako erabagian. Aitzindaria izan da ume-literatura modernoan, emakumeen mundua ulertzeko modu barri bat islatzen dauelako. Neska eta nerabeen personaje ausartak eta autonomoak eregi ditu, sentiberak baina ausartak.
Elgarrestak adierazo dauenez, Mariasun Landari emondako Emakunde Sariagaz, fikzinoko munduak eregiten dituen sortzaileen ekarpena be autortu nahi da, bestelako mundu bat, bardintasunezkoagoa, irudikatzeko aukerea emoten deuskulako.
Ibilbidea eta sariak
Beste hizkuntzetara gehien itzulitako egileetako bat da Mariasun Landa eta idazlearen hautagaitzea REDAGI Gipuzkoako Emakume Elkarteen Federazinoak bermatu dau.
Landaren militantzia feminista aktiboa nabarmentzen da, 80ko hamarkadatik Donostiako Emakumeen Asanbladan, Literaturearen Didaktikako Irakasle Titular bezela egindako unibersidade-irakasle-lanaz gan, dibulgazino-jarduera zabal bati gehitu eutson, gaur egungo feminismoaren historian eta genealogian oinrrizkoak diran beste emakume batzuen lanari buruzko artikulu, ikastaro eta hitzaldien bitartez.
Mariasun Landaren lanak hainbat literatur sari jaso ditu, besteak beste, Ume eta Gazte Literaturako Lizardi Saria, 1982an; Ume eta Gazte Literaturako Euskadi Saria, 1991n; eta Um eta Gazte Literaturako Sari Nazionala, 2003an. 2014an, Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Humanidade, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien Saria jaso eban, eta 2016an, Rosalía de Castro Saria. Landa, ganera, Jakiundeko (Zientzia, Arte eta Letren Akademia) kidea da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!