Gaur, hilak 6, hasiko da 'Emakumeak Bizkaian' zikloa

Bizkaie! 2024-02-06 10:45   Kulturea

Zezeileko martitzenetan, arratsaldeko 18:00etan.

Euskalerriaren Adiskideen Alkartearen (RSBAP-EAE) Bizkaiko Batzordeak, Bizkaiko Batzar Nagusien laguntzinogaz, emakumeen arazoetan eta gizartean daben rolean sakondu gura daben jardunaldien laugarren edizinoa atondu dau. Ibilbide profesional autortua daben emakumeen ahotsen bidez, ganditzeko dagozan erronkak eta aukera barriak erakustea da helburua. Hareen eretxiak mahai-inguruen bitartez entzun ahal izango dira zezeileko lau martitzenetan, Bizkaiko Batzar Nagusiak kolektiboaren egoitzako Berbaldi Aretoan, Bilbon.
 
Emakumeak Bizkaian jardunaldien edizino hau epigrafe honegaz programau da: Etorkizuna eraikitzen. Partekatzeko erretratuak: sormena eta barrikuntzea, enpresa eta gizarte balioak, emakume konsulak Bilboko Konsulen Kidegoaren mendeurrenean (1924-2024). Begoña Cava Mesak atondutako eta Ricardo Franco Vicario eta José Luis Neyro Bilbaogaz batera berak moderautako lau saiotan zehar, hizlari talde bikaina batuko da. Horreen artean, artea, modea, komunikazinoa eta publizidadea, musikea, enpresa-barrikuntzea, antzerkia, arkitekturea, politikea eta bestelako arloetan ibilbide sozio-profesional autortua daben emakumeak dagoz. Lehenengo saioa gaur egingo da, eta sormena izango da argudio nagusia. Miriam Alzuri Milanés, Miren Arzallus Loroño, Virginia Knörr Barandiaran eta Isabel Urrutia Rasinesek hartuko dabe parte.

Jardunaldiak zezeilaren 6an inaugurauko ditue, 18:00etan, Bizkaiko Batzar Nagusiak kolektiboen buruak, Ana Otadui Biterik eta RSBAP-EAEren zuzendariak, Amelia Baldeón Iñigok. Ganerako hiru saioak ordu berean eta leku berean (Hurtado de Amezaga 6, etxabea) egingo dira, zezeileko beste martitzenetan (13an, 20an eta 27an), beti be, 18:00etan hasita, eta sarrera libre eta dobakoagaz, aretoa bete arte.

Batzar Nagusiak erakundeko buruaren esanetan, Bizkaiko kamarearen Emakumeen eta Gizonen Bardintasunerako II. Planean (2022-2025) aurreikusitako ekimenen barruan dagoz jardunaldiak. Horreetara bertaratuko diran ahotsak emakume sortzaileak eta barritzaileak dira, eta enpresa eta gizarte balioak eta erantzukizun handiak dabe. Eurak eta euren moduko emakumeak dira etorkizunaren giltea, eta oinarrizko zeregina dabe genero-bardintasunari gero eta inportantzia handiagoa emoten deutsagun eta apurka-apurka aldatzen doan gizartean, adierazo dau.

Beste alde batetik, Amelia Baldeónek nabarmendu dauenez, parte hartuko daben erakundeek, Euskadiko bizimodua hobetzeko borondate bera dabe eta topaketa horreek norabide horretan doaz. Jardunaldiok ezinbestekoak dira euskal prospekzinoaren esparruan, bai landuko diran gaiakaitik bai hizlariek emongo daben ikuspegiagaitik.

 

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu