Balmasedako basoa lehengoratzeko ekimena aurkeztu dabe

Bizkaie! 2024-02-06 10:12   Kulturea

Basoa Bizi izenekoa.

Balmasedako Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilbao BBK Live-k eta Basoa Fundazinoak Basoa Bizi ekimena aurkeztu dabe. Lankidetza publiko-pribatuko proiektua da, eta erakunde eta entidade horreek 2022ko urrian Enkarterrin izandako suteak kaltetutako lurren zatia berreskuratuko dabe, bertako bizilagunen lankidetza eta inplikazino zuzenagaz.

Horretarako, ondoko honeek bateratzen dituan ibilbide bat ezarri da: Sensibilizazinoa eta prestakuntzea, baso-sute hori (azken 30 urteetan Bizkaian izandako larriena) jazo zan lursailetan hainbat zugatz-espezieren aleak landatzea, dibulgazino-materiala sortzea, ekimenaren azterketa akademikoa eta, aldi berean, karbono-aztarna konpensetako proiektu bat, Udalaren eta Bilbao BBK Liveren eskutik.

Tailerrak eta prestakuntza-jardunaldiak

Prestakuntza-saioak hainbat jardunalditan egingo dira, eta horreetako bakotxa publiko mota bati eskainiko deutse. Lehenengoa zezeilaren 22an izango da, Balmasedako eskola bitan (Zubi Zaharra Eskola eta Mendia HLHI) eta Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleei zuzenduta egongo da. Bigarren prestakuntza-tailerra egun berean egingo da Klaret Antzokian eta herriko biztanle guztiei zuzenduta egongo da. Zezeilaren 29an tailer horreetako hirugarrena eta azkena atonduko da Zaharren Etxean.

Bizkaiko Foru Aldundiko aditu talde batek, Udalak berak eta Basoa Fundazinoak lau gairi buruzko informazinoa emongo dabe: 2022ko sutea, basoek eskaintzen dituan zerbitzu ekosistemikoak, baso-kudeaketa iraunkorra garatzeko beharra eta Basoa Bizi ekimena bera.

Landaketa bi eta bisita gidatu bat

Hiru tailerrak egin ostean, prestakuntzearen osogarri bezela, zugatz-espezien landaketa bi egingo dira oraindik birpopuletako dagozan beste hainbeste lursailetan.

Herriko eskoletako ikasleak martiaren 18an joango dira lursailera, bertan 180 zugatz landatzeko. Martiaren 23an, barriz, landaketa herrikoia egingo da. Bertan parte hartzeko, aldez aurretik izena emon beharko da, Balmasedako Udalaren webgunean eskuragarri egongo dan formularioaren bidez.

Horrezaz gan, ekimena sustatzen daben erakunde eta entidadeek, bisita gidatua atondu dabe bagilaren 15ean basobarritutako eremura. Bertan, suak hartutako mendian egindako berreskuratze-lanen bilakaerea adierazoko da.

Parte hartu eta irabazi

Basoa Bizi proiektuko jardueraren batean parte hartzen daben persona guztiek, ikaskuntzaz eta konexino sozialak sortzeaz gan, prezio bereziak izango ditue Bilbao BBK Live jaialdiaren aurtengo edizinorako bonuak erosteko.

Era berean, publiko orokorrari edegitako lehiaketea atonduko da, proiektuaren lau ardatz tematikoei buruzko hamar galdera eginez. Galdera guztiak asmetan dabezanen artean, eguneko 17 sarrera zozketatuko dira Bilbao BBK Live jaialdirako, Nazino Batuen Garapen Jasangarrirako 17 Helburuei eta 2030 Agendeari erreferentzia eginez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu