Bilbok Aratusteetako programea aurkeztu dau

Bizkaie! 2024-02-05 07:53   Kulturea

Zezeilaren 8tik 13ra kaleak mozorrotuko dira.

Aratusteen egitarau osoaren barri emon dau Udalak. Edozeinentzako dobako jarduerak izango dira eta herritarrek jai guztietan parte hartzeko eta inpliketako konbita egin dau.

Lutxo Egia eta Jasone Akizu artista bikoteak antzeztuko dituen personaje nagusiek, Farolinek eta Zaranbolasek, inoiz baino presentzia handiagoa izango dabe programautako ekitaldi guztietan.

Ikastetxeetako Umeen Desfilea (bariku goizean), Farolin eta Zarambolasen epaiketea eta mozorro-lehiaketak izango dira programako jarduera garrantzitsuenetako batzuk. Era berean, beste hainbat ikuskizuna egongo dira: Umeentzako jarduerak eta tailerrak Plaza Barrian (zezeilaren 10ean, zapatua, goizez eta arratsaldez eta zezeilaren 12an, astelehena, arratsaldez), musikea eta jantzaldiak urian han eta hemen, eta ikuskizunak eta kontzertuak Plaza Barrian, zapatu gauean.

Sardina izango da 2024ko Aratusteetako beste protagonista nagusietako bat, eta zapatu arratsaldean, Berastegi kalean, horregaz selfieak egiteko aukerea egongo da.

Eguena, hilak 8, Pirata Jai eta Farolinen eta Zaranbolasen epaiketea

Bariku goizean, protagonismoa Bilboko 10 ikastetxeetako 1.600 ikasle baino gehiagorentzat izango da, umeen desfilean. Ondoko honeek dira parte hartuko daben ikastetxeak: Zurbaran Eskola, Juan M. Sánchez Marcos, Mujika Eskola, Tomas Camacho Eskola, Ángeles Custodios, Esclavas SC-Fátima, Cervantes Eskola, Zazpi Landa, Artxanpape Ikastolea eta Iparragirre Ikastolea. Goizeko 10:30ean hasiko dira Albiako Lorategietan. Helburua, Plaza Barria abordetea eta altxorra (txokolate-jana) lortzea izango da, Pirata Jaia musika-ikuskizunagaz batera.

Arratsaldean, 18:00etatik aurrera, Farolin eta Zarambolasen atxiloketearen kalejirea hasiko da udaletxean. Atxiloketea 18:30ean izango da, Arriaga plazan, eta handik Plaza Barriko karparaino eroango ditue. Han epaiketea eta trufa publikoa egingo deutsee. Jaiak han bertan jarraituko dau, 20:15ean, Aratusteetako Koplatxoen Lehiaketako irabazleen ekitaldiagaz.

Plaza Barriko karpea aretoko jantzen agertokia be izango da, Bilbao Sozial Jantzaren eskutik, 20:45ean. Ondoren, 22:30ean, Asier Bilbaok Ametsak ikuskizuna eskainiko dau.

Zapatua, hilak 10, umeentzako tailerrak, jantzaldiak, lehiaketak eta kontzertuak

Aratusteetako egun handia zapatua da, eta egun horretan, txikienentzako ondoko jarduera honeek egingo dira: Tailerrak Plaza Barrian, 11:00etatik 14:30era eta Terra festa ikuskizuna, 17:00etan. Horrezaz gan, Gargantua jarriko dabe Pedro Ibarretxe plazan (12:00etatik 14:30era).

Eguerditik aurrera, jai-agendea beteten hasiko da, Farolin eta Zarambolasek Plaza Biribileko esparrua edegiten dabenean, 12:00etan. Ondoren, 12:15etik aurrera, kaleak musikaz eta animazinoz beteko dira: erraldoiak eta buruhandiak izango doguz Arriaga plazan eta Zazpikaleetan (12:00-14:30), Bilboko Gaiteroak eta fanfarrea Kale Nagusian.

12:15ean hasi eta 14:30era arte, banakako mozorro-lehiaketarako izena emoteko aukerea egongo da Berastegi kalean. Sari-banaketea 16:45ean egingo da, plaza Biribileko eszenatokian.

Jantzak eta musikea uriko hainbat lekutan eskainiko dira, esaterako, eskolen jantzak, Bizkaiko Jantzarien Biltzarraren eskutik, Arriaga plazan, 12:30ean.

16:00etan, Aratusteetako ohiko kalejirea egingo da eta mozorro-lehiaketarako izen-emoteak hasiko dira, Portuko Markesaren kalean. Leku berean, 17:00etan hasita, epaimahaiaren aurretik ibiliko dira mozorrotuak eta sari-banaketea 20:30ean egingo da Plaza Barrian.

Eta arratsalde-iluntzean, Laztana Laztana taldearen Laztana laztana ikuskizuna izango da Plaza Barrian, 21:30ean, eta Trikizio taldearen kontzertua, 23:00etan hasita.



Kontzertuak eta Sardinearen hiletea

Domekan, Erraldoiek eta Buruhandiek giroa alaituko dabe barriro Arriaga plazan eta Zazpikaleetan, Bizkaiko Jantzarien Biltzarraren eskutik (12:30etik 14:00etara), eta 18:30etik aurrera jantzak izango dira protagonista, Plaza Barriko karpan, Gaztedi Jantzari Taldearen eskutik. Ihauteri Festa ikuskizuna eskainiko dabe.

Astelehenean, zezeilak 12, Bilboko Udal Bandeak, Mitxel Santamaria e Iñaki Marurigaz batera, familia-giroko kontzertua eskainiko dau Plaza Barriko karpan. Iñaki Urkizu Udal Bandako zuzendariordea ibiliko da zuzendari-lanetan. Arratsaldean, ostera, umeentzako tailerrak egingo dira atzera be plazan (16:30etik 19:30era).

Martitzenean, zezeilak 13, Aratusteak agurtuko doguz. Eguna hasteko, Plaza Barriko karpan, 12:30etik 14:00etara, Udal Txistularien Bandak kontzertua emongo du Maite Guevara eta Anduriña Zurutuza (Clowns), Eriz Pérez (gitarra) eta Gorka Eskauriaza (baxua) artistakaz; zuzendari-lanetan Gorka Zabaleta ibiliko da, Bandako zuzendari eta lehen txistua.

Arratsaldez, 19:00retan Sardinearen hiletea egingo da Plaza Barrian. Musikeari, bertsolari, jantzeari eta zirkuko artistek osotutako segizinoak, Farolin eta Zarambolas buru dirala, eta Jaietako batzorde Mistoko ordezkariek, lagun egingo deutse Sardineari bere agurrean.

Ibilbidean, Done Jakue plazan geratuko dira, 19:45ean, eta euskal jantzak  erakutsiko deutsee (zortzikoa edo soka jantzea) ikusleei; 20:00etan Arriaga plazara helduko dira. Han, betiko lez, 20:30ean, sardinea erreko dabe, 2024ko Aratusteei amaierea emoteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu