Eli Zalduak eta Samu Rodriguezek irabazi dabe Bertxoko Sariketea

Bizkaie! 2024-01-29 08:57   Bertsolaritzea

Paula Amilburu-Ane Arexolaleiba, Maddi Agirre-Aitor Najera eta Eli Zaldua-Samu Rodriguez bikoteak izan dira finalistak.

Bertxoko irratsaioak euren 20. urteurrena ospatzen jarraitzen dau Hala Bedi irratian sortu zanetik eta pandemiaren ostean sariketea martxan jartea kostatu arren baditu aurtengo irabazleak.

Hasieran, Hala Bedi irratiko Babazorra irratsaioko neskak urten eben euren ikuskizuna eta aurkezpena egitera eta Irati Martinez gai-jartzailearen laguntzaz bertsolariak agurtu zituen: Paula Amilburu-Ane Arexolaleiba, Maddi Agirre-Aitor Najera eta Eli Zaldua-Samu Rodriguez bikoteak. Bertsolariek agur berezi eta musikatuakaz emon eutsen hasierea saioari eta kanporaketetan baino ariketa gehiagori aurre egin behar izan eutsen: 8ko handia, 8ko txikia, puntu erantzunak... Serapioren rapa edo Sandwich mixto ariketek be ez eben hutsik egin, entzuleek barre gehien bertan egin zituen. Horren ostean, egoera bati aurre egin behar izan eutsen bikoteek kartzela ariketan eta banaka sartzen eta abesten joan ziran. Azkenik, koplaka eta puntuka egin eben librean botazinoaren momentua heldu arte.

Aurreko kanporaketetan bezela entzuleak bihurtu ziran epaile eta papeltxuetan irabazleen izenak idatzita Eli Zaldua eta Samu Rodriguez irabazle izatea erabagi eben. Entzuleek eta bertsolariek pozik eta lagunartean ospatu eben garaipena Bertxokotarrek atondutako mokau bereziagaz.

Kontuak kontu, lau saio jentetsu eta ganberroen ostean, amaitutzat emon daiteke Bertxoko Sariketea baina seguru hurrengo urtean be bueltan izango dogula.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu