Badator 'Lautan Hiru' antzerki jaialdia

Bizkaie! 2024-02-02 12:46   Kulturea

Antzerkiaren gorputzari erreparauko deutse.

Urtero lez, XI. Lautan Hiru antzerki-jaialdiak Bilboko Zazpikaleetako bazterrak astinduko ditu zezeilean. Lau astez eta eguenetan, euskerazko antzerkia izango da nagusi uriburuko Alde Zaharrean. Danetara, 8 ekitaldi eskainiko dira jaialdiaren barruan: 5 antzezpen, bakarrizketa bat, tailer performatibo eta parte-hartzaile bat eta irakurraldi dramatizadu bi (azken horreek ekitaldi berean). Ganera, EHAZEgaz batera atondutako Ikusle-kluba be egingo da

Aurten, zezeilaren 8an, 15ean, 2an eta 29an egingo dira ekitaldiak. Bilboko Udalak babesten dau jaialdia, eta ohi legez, Euskaltzaindiak alkarlanean atondu dau egitaraua, hain zuzen be, Cafe Bar Bilbao, BIRA Kulturgunea eta 7Katu erakundeegaz batera. Eszenatokiei jagokenez, La Sinsorga kulturgunea gehitu da. Hortaz, sei lekutan programauko dira lanak: La Sinsorga, Kalderapeko, BIRA, Cafe Bar Bilbao, 7Katu gaztetxea eta Euskaltzaindiaren egoitzea.

Igaz dramaturgia izan eban ardatz jaialdiak, eta aurten antzerkiaren gorputza-ri erreparauko deutse. Horrenbestez, estreinako egunean, gorputzearen adierazpen konzientzia lantzeko tailer performatibo eta parte-hartzailea emongo dabe Ainhoa Artetxek eta Itsaso Payak, Euskaltzaindiaren egoitzan. Horrezaz gan, bost antzezpen (tartean estreinaldi bi), irakurketa dramatizadu bi eta Telmo Iruretaren bakarrizketea hartzen ditu aurtengo egitarauak.

Lautan Hiruren helburuak ez dira aldatu: Euskerazko antzerkia hauspotu nahi da (antzezlan guztiak euskeraz emongo dira); antzezlanak erakusteko gune barriak eskaini nahi deutsee sortzaileei; eta Bilboko Zazpikaletako giroan eragin nahi da, kultura aukerak zabalduz.

Andres Urrutia euskaltzainburuak eskertu nahi izan dau Bilboko Udalaren babesa eta laguntzinoa, eta horregaz batera Zazpikaleetako kultur eragileakaz izandako alkarlana nabarmendu dau, geuretzat garrantzitsua dalako hori, hau da, gizarte eta kultur eragileakaz batera jokatzea. Jaialdiak urteetan irabazi dauen sendotasunaz be egin dau berba euskaltzainburak: Mikrokosmos lako bat da Lautan Hiru, sortu da giro bat, antzerkia ikusteko gogo bat... Akontezimentu bat da, eta hori garrantzitsua da. Zaleek jagoten dabe jaialdia eta erantzuten deutse eskaintzen dogunari, aretoak betez. Euskereak eta euskal antzerkiak bilatu dau txoko polit bat Bilbon, arnas leku bat.

Bere aldetik, Eider Inunciaga Bilboko Udaleko Euskera, Herritarren Arreta eta Partaidetza, Agenda 2030 eta Nazinoarteko zinegotziak zoriondu egin nahi izan ditu euskera jatorrian eta helmugan dauen jaialdian parte hartuko daben guztiak. Euskerea eta antzerkia, ze konbinazino berezia. Jakina da holakoetan interesgarriena dala ikuskizunak ikusi eta antzezlanen berezitasunak bertatik bertara gozetea. Animetan zaituet, baina azpimarrau nahi neuke, baita, euskereagazko eta haren zeharkakotasuna sendotzeko danok dogun erantzunkizuna. Jaialdia horren guztiaren adibide da, adierazo dau Inunciagak.

Antzerki-produkzinoari laguntzinoa

2020an, Euskaltzaindiak antzerki-produkzinoa sustatzeko laguntzinoa sortu eban, Bilboko Udalaren babesaren lagunrtzinoagaz. Estreinako laguntzino hori Artekartu konpainiak eskuratu eban, Hauts artean lanari esker. 2021ean, barriz, Les Bobe Bobe konpainiak jaso eban laguntzinoa (Udaberria heldu da). 2022koa emon barik gelditu zan, eta aurten Iruñeko La Piel konpainiak jaso dau (Beren izenez). Azkenengo hori, zezeilaren 22an estreinauko da.

Ikusle Kluba

Euskal Herriko Antzerkizaleen Alkarteagaz (EHAZE) batera, 2022an Ikusle kluba atondu zan. Aurten be esperientzia hori errepetiduko da, eta ikusle talde batek Franca Rame eta Dario Fo-ren Putaren bakarrizketa eroetxean antzezlana aztertuko dau. Zezeilaren 8an taularatuko dau obrea Laura Penagos aktoreak, La Sinsorgan, eta Ikusle kluba aurreko egunean batuko da: Zezeilaren 7an, 19:00retan, La Sinsorgan bertan.

Sarrerak eta zozketak

Urtero lez, bonuak eta sarrerak jarriko dira salgai. Bonuak 7 euroan, eta jardunaldi bakotxeko ikuskizun biak ikusteko aukerea izango dabe erosleek. Sarrera bakarra be erosidaiteke, ikuskizun bakotxeko 4 euro. Bonuak Bilboko Plaza Barriko Cafe Bar Bilbaon eta Erronda kaleko Bira Kulturgunean salduko dira, agortu arte. Ganera, bonua erosi daben zaleen artean opariak zozketatuko dira astero. Zozketa azken emonaldiaren ostean egingo da beti, eta opariak Zazpikaletan euskera eta euskal kulturea bultzatzen daben negozioakaz adostuko dira.

Egitaraua

- Zezeilaren 8an:

  • Gorputzaren adierazpen kontzientzia lantzeko tailer performatibo eta parte-hartzailea, Ainhoa Artetxe eta Itsaso Paya, 45’. (Euskaltzaindia, 19:00).
  • Putaren bakarrizketa eroetxean, Laura Penagos, 50’. (La Sinsorga, 20:15).

- Zezeilaren 15ean:

  • Duzhe Dobre, Iñigo Elosegi, Eneritz Sanchez eta Iñaki Cid, 25’. (Bira, 19:00).
  • Belarriprest, Amaia Bono, 50’. (7Katu, 20:00).

- Zezeilaren 22an:

  • Beren izenez (estreinaldia), La Piel konpainia, Lautan3 jaialdiaren laguntzinoagaz, 30’. (Kalderapeko, 19:00).
  • Goya non-stop, Telmo Irureta, 20’. (Euskaltzaindia, 20:00).

- Zezeilaren 29an:

  • The Question (estreinaldia), Cecilia Paganini eta Gorka Ganso, 15’. (Euskaltzaindia, 19:00).
  • XXI. Cafe Bar Bilbao-Tartean sariak (irakurketa dramatizatuak); Arropa zuria (Iñaki Cid, 20) eta Dolu (Pantzo Hirigarai, 20’). (Cafe Bar Bilbao, 20:00).

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu