Museoen bildumak digitalizauta 'MuseoTIK' plataforma barrian

Bizkaie! 2024-02-01 13:08   Kulturea

Ondarea gorde eta jagoteaz gan, zabaltzeko asmoagaz jaio da.

Euskal Autonomia Erkidegoko 40 bat museo eta ondare-erakunderen objektuak, piezak, artelanak, eskutitzak edota dokumentazinoa topau daiteke MuseoTIK atarian Museoetako langileei zuzendutako lan-tresnea da eta aldi berean, euskal ondarea ezagutzeko, gozetako eta lankidetzan ibili nahi dauen edozein herritar eta kultura-eragilerentzako gunea.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak, museoetako 40 bat eragilegaz batera, MuseoTIK lankidetzarako plataforma digital barria aurkeztu dau. Atari honetan Euskal Autonomia Erkidegoko museo eta ondare-erakunde guztien bilduma, funts, objektu eta dokumentazino dago katalogauta eta digitalizauta. Lan hori oinarritzat hartuta, MuseoTIK plataformea lankidetzarako tresna izateko jaio da, bai museoetako 300 bat profesional eta langileentzako, baita gainontzeko erakunde publiko, unibersidade zein herritarrentzako. Helburua da bertoko kultura-ondarea ezagutzera emotea, istorio, kontakizun eta aukera barriei bide emoteko. Horretarako museoetako bildumak digitalizauta erakutsiko dira MuseoTIK plataforma barrian.

Gaur goizean Euskadiko Artxibo Historikoan egindako aurkezpenean, Bingen Zupiria sailburuagaz batera, Kultura sailburuorde Andoni Iturbe eta museoetako eta ondare-erakundeetako eragileak izan dira.

Bingen Zupiria sailburuak eskerrak emon deutsee museo eta ondare-erakunde guztiei epe-luzeko proiektu honetan parte hartzeagaitik: Etorkizunera begira, MuseoTIK aukera barriak edegiko dituan ataria da. Kultura 2028 Plan Estrategikoari erreferentzia eginez, Bingen Zupiriak ondarea jagoteari garrantzia emon deutso hori baita historiatik gorde eta jagon nahi dogun hori, hurrengo belaunaldiei transmitiduteko. Esangura horretan, ondokoa gehitu dau sailburuak: MuseoTIK plataforma herritarren eta museoen arteko alkargunea da, ondareagaz konektetako eta eduki baliotsuez gozetako aukera ezin hobea. Bildumen digitalizazinoan azken urteetan egindako lanak gure ondareko funtsak publikoaren eskura modu irisgarri eta errazean jartea ekarri dau.

MuseoTIK

Gaur aurkeztutako MuseoTIK plataforma digitala ez da ezerezetik hasten. MuseoTIK ataria EMSIME webgunearen garapenetik sortu da, hau da, bertan Euskadiko museo eta bildumetako funtsen inbentario orokorra batzen dauen Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak bultzatutako aplikazinoa. Beraz, alde batetik, MuseoTIK ataria jarraituko dau izaten museo-bildumen dokumentazinorako eta digitalizazinorako erreferentziazko katalogoa; eta bestetik, eraldatu egin da ikuspegi eta behar barrietara egokitzeko. Orain, eskuragarriagoa, anitzagoa, eta inklusiboagoa da.

Zergaitik da interesgarria MuseoTIK ataria?

MuseoTIK lankidetzarako proposamen digitala be bada, izan be, digitalizazinoa eta parte-hartzearen bitartez, bilduman eta gainerako jarduerak zabaltzea erraztuko deutse museoetako 300 bat langile eta ordezkariri beren banakako zabalunde-estrategiak osotzeko. Era berean, euskal ondarea ezagutzeko, gozetako eta haregaz lankidetzan ibilteko nahia sentiduten daben persona, talde edota kultura-eragile guztientzako gunea be bada.

MuseoTIK ondarea gorde eta jagoteaz gan, zabaltzeko asmoagaz jaio da:

Museo-jardueran inplikautako eragile guztiak integrau nahi ditu, Euskal museoetako ondareari balio erantsia emon eta danon artean, kultura nortasuna nabarmentzeko narratiba barriak sortu.

Zer eskainiko dau MuseoTIK atariak?

  • Eskuragarritasuna: Artea eta kulturea edonorren eskura edonoiz eta edozein lekutan.
  • Nabegazino aukera barriak eskainiko ditu, intuitiboagoak.
  • Bistaratzeko esperientzia barriak emongo ditu: 3D bisorea eta erresoluzino handiko irudi galeria.
  • Bildumei eta egileei buruzko edukiak eta istorioak eskainiko ditu.
  • Museoetako jarduera-agendearen bitartez, kultura-ondarea bizitea ahalbidetuko dau.
  • Norberaren gustuetara egokitzeko aukerea egongo da, bilduma personalizatuak sortuz.
  • Norberaren gustu edo ekarpenak egiteko aukerea egongo da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu