290 saltokik bat egin dabe 'Zezeilaren 11 erakusleihoak' ekimenegaz

Bizkaie! 2024-02-01 12:16   Kulturea

Ginkana batean parte hartzeko aukera be izango da.

Emakume eta Neska Zientzialarien Nazinoarteko Eguna izango da zezeilaren 11n. Nazino Batuen Batzar Nagusiak egun hori aukeratu eban 2016an, emakumeek eta neskek zientzian parte-hartze eta protagonismo handiagoa izan deien bultzatzeko eta nesken bokazino zientifikoak sustatzeko. Egun horretarako, Zezeilaren 11 erakusleihoak ekimena jarri dau martxan Elhuyarrek, eta Abanto-Zierbena, Barakaldo, Beasain, Bilbo, Deba, Elgoibar, Gueñes, Ibarra, Laudio, Ordizia, Plentzia eta Zarauzko 290 saltokik hartuko dabe parte, zezeilaren 1etik 11ra. Hemen parte hartuko daben denden zerrendea.

Establezimendu bakotxak emakume zientzialari bati eskainiko deutso erakusleihoa. Zientzialariaregaz lotutako ilustrazinoak eta informazinoa batzen dauen horma-irudiak jarriko ditue dendan, eta haren ikerketan inspirauta apainduko dabe dendako erakusleihoa. Halanda ze, emakume zientzialarien bizitzearen eta lanaren dibulgatzaile bihurtuko dira dendariak, eta emakumeek zientziari egin deutsen ekarpena ikusarazten lagunduko dabe.



Horrezaz gan, bigarren urtez jarraian, Ginkana batean parte hartzeko aukera be izango da herri hauetan: Abanto-Zierbena, Barakaldo, Bilbo, Elgoibar, Gueñes, Laudio eta Ordizia.

Horretarako, mugikorrean Actionbound aplikazinoa jaitsi, eta, dendaz denda, omendutako 12 emakumeen kartelak bilatu eta bertako QRak eskaneau beharko dira. Emakumeen kartel bakotxeko QR kodea eskaneauta, emakume horren inguruko galdera bati erantzun beharko deutsegu. Horrela, saltokiz saltoki 12 emakumeen QR kodeak bilatu eta galdera guztiei erantzun arte. Herritarren artean eta ikastetxeetan ginkanak igaz izan eban arrakasta ikusita, aurten egokitu egin dira galderak, eta zailtasun-maila ezbardinetakoak dagoz parte-hartzaileen adinaren arabera.

Horrezaz gan, egitasmoan ikusgai egongo diran irudietan oinarriturik, Emakumeak zientzialari eta teknologo erakusketea egongo da zezeilean Astigarragan, Barakaldon, Bilbon, Plentzian, Zarautzen eta Donostiako Eureka Zientzia Museoan. STEAM hezkuntzearen bitartez, Elhuyarrek urte osoan dihardu neskek zientzia eta teknologia gaietan parte har deien bultzatuz, eta, horretarako, emakume zientzialarien lanaren balioa nabarmentzen eta bistaratzen dau, erreferenteak sortzeko eta, hainbat proiekturen bidez, emakume zientzialarien eredua hurreratzeko gazteei. Hala, emakume horreen bizitzea, ibilbidea eta eredua ezagutzeko aukerea emoten deutse gazteei, uste okerrak eta estereotipoak gainditzeko.



Emakume eta Neska Zientzialarien Nazinoarteko Egunari lotuta, beste hainbat ekintza atondu ditu Elhuyarrek. Teknopolisek saio berezia egingo dau zezeilaren 10-11ko asteburuan ETB1en eta ETB2n, besteak beste, zientziaren munduak behar dauen paradigma-aldaketari buruz ibiliko dira Uzuri Albizu EHUko ikertzaileagaz, eta belaunaldi ezbardinetako emakume zientzialarien esperientziak jasoko ditue BRTAko ikerketa-zentroetan.

Bestalde, Euskadi Irratiko Norteko Ferrokarrilla irratsaioak be gai hori izango dau hizpide nagusi zezeilaren 9ko saioan. Donna Strickland 2018ko fisikako Nobel sariduna izango da alkarrizketatu nagusia. Historian Nobel sari hori irabazi daben hirugarren emakumea da.

12 emakumezko Zientzialari omenduak

  • Ana Zubiaga Elordieta (Forua, Bizkaia, 1959). Biologoa
  • Angela Saini (Londres, Erresuma Batua, 1980). Zientzia-kazetaria
  • Brigitte Baptiste (Bogota, Kolonbia, 1963). Ekologoa
  • Uxue Fernandez Lasa (Urretxu, Gipuzkoa, 1984). Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako ikertzailea.
  • Ana Teresa Diego (Bahía Blanca, Argentina, 1954-1976). Astronomia-ikaslea eta ekintzaile komunista.
  • Mary Anderson (Greene, AEB). Asmatzailea eta ekintzailea.
  • Miriam Friedman Menkin (Riga, Letonia, 1901-1992). Genetikaria eta enbriologoa.
  • Elena Ponciano Paino (Durango, Bizkaia, 1980). Arte Plastikoetako eta Ehungintza Arteko Diseinuko goi-mailako teknikaria. Soldadura eta Galdaragintzako teknikaria.
  • Wangari Maathai (Ihithe, Kenya, 1940-2011). Ingurumenaren aldeko ekintzailea eta politikaria.
  • Chieko Asakawa (Osaka, Japonia, 1958). Informatikaria.
  • Gro Harlem Brundtland (Bærum, Norvegia, 1939). Medikua eta politikaria.
  • Maia Duguine Haristoy (Hazparne, Lapurdi, 1979). Euskal hizkuntzalaria.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu