Zezeilaren 8ra arte zabalik egongo da MIN sarietan izena emoteko epea

Bizkaie! 2024-01-31 13:47   Musikea

Etxepare Euskal Institutuak, urtero bezela, euskerazko diskorik onenarentzako saria eskainiko dau.



MIN sariak artista barriak publiko barriei ezagutarazoteko, musikea gizarteari hurreratzeko eta sormen-jarduerearen onarpena sustatzeko sortu ziran orain 16 urte. Etxepare Euskal Institutuak 2013tik eskaintzen dau euskerazko diskorik onenaren saria, euskeraz egindako musikea eta euskal musikari independenteei ikusgarritasuna eta zabalkundea emoteko.

Edizino honetan, 2023an argitaratutako diskoak, EPak edo singleak dituen artista eta zigilu independenteek emon leikie izena. Euskerazko diskorik onenaren kategorian 2023an argitaratutako euskerazko lanak aurkeztu daitekez. Prozesu hori diskoetxeek, musika argitaletxeek, artistek edo kudeatzaileek egin leikie MIN Sarien webgunearen bidez.

Euskerazko diskorik onenarentzako kategorian izena eoateko oinarriak eta prozedurea MIN sarietako webgunean konsultau daitekez. Zezeilaren 8an zarratuko dan izena emoteko fasearen ondoren, botazino herrikoia egingo da eta publikoak kategoria bakotxeko hautagaitzak aukeratzeko eta hamabost lan hautatzeko aukerea izango dau. Ondoren, epaimahaiak publikoak aukeratutako hamabost izentautakoetatik bost hautagaitza aukeratuko ditu. Nominatuen izenak Izentauen Irakurketa publikoan jakinarazoko dira.

Aurreko sari banaketak Iruñean, Burgosen eta Palma de Mallorcan egin dira, eta aurtengo eguna eta lekua laster iragarriko ditue. Ekitaldian, MIN sarien galea egingo da eta kategoria guztietako saridunak izentauko dira.

Unión Fonográfica Independiente-k atondutako sariak 2009 urtean sortu ziran estadu mailako sorkuntza artistikoari, kultur aniztasunari, talentuari eta musika arloko enpresa txiki eta ertainek produzidutako lanei ikusgarritasuna emoteko eta musika independentea estadu mailan eta nazinoartean sustatzeko. XV. MIN sarietan (2023), euskerazko diskorik onenaren saria Niña Coyote eta Chico Tornadoren Niña Coyote eta Chico Tornado Vs Don Condor eta Ñora Alacrán lanak jaso eban.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu