Angel Galloren 'Biltegiak' lanak irabazi dau Zientzia Fikzinoko Alberto Magno saria
2024-01-31 07:55 KultureaEuskerazko bigarren lana da sariketea irabazten dauena.
2013an sari bakarra emotea erabaki zanetik, kontakizuna idatzita dagoan hizkuntzea edozein dala be UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultadeak Alberto Magno Zientzia Fikzinoko XXXV. Literatur Lehiaketearen epaia iragarri dau. Angel Gallo (Zumaia) da lehen sariaren irabazlea eta 2.000 euro eroango ditu etxera, Biltegiak euskerazko lanagaitik. Bigarren saria, 1.000 eurokoa, Beatriz García Sánchezi (Salamanca) emon jako, Spolia kontakizunagaitik. Azkenik, finalista izendapena Sara Sacristán Horcajadari (Madril) emon jako, La Singularidad kontakizunagaitik.
Biltegiak, saritutako kontakizuna, zientzia fikzinoa eta misterioa nahasten dituan distopia bat da. XXI. mendearen amaieran, Internet misteriotsuki desagertu da eta informazino faltsuak, kontrainformazinoa eta negazionismoa edonon dagoz. Normalean baino kontakizun ilunagoa dakart. Normalean, gehiago kontetan dot, baina akaso hondamendiz, gerraz eta gatazkaz betetako garai ilun batzuk bizitea egokitu jakunez, kontakizun honetan ilunago geratu naz. Nahiz eta uste dodan nire beste kontakizunen pop azentu horri eusten deutsadala adierazo dau irabazleak.
Biltegiak, lehiaketa hau, estadu mailan dekanoa, irabazten dauen euskerazko bigarren lana da 2013an sari bakarra emotea erabagi zanetik, kontakizuna idatzita dagoan hizkuntzea edozein izanda be. Euskerazko lehen ipuin irabazlea be, Aztarnategiak, Angel Gallok egin eban.
Sari hau oso berezia da, edizinoak eta edizinoak batzen dituen lehiaketea entzutetsua izanik, lanen kalidadea eta aurretik irabazi dabenen izenak ikusita, eta hainbat herrialdetatik heldutako narrazinoak dagozala kontuan hartuta, asko poztu nau. Are gehiago euskeraz idatzitako lana izanik! Zinez, sekulako poza emoten deust, urduri be banago, azaldu dau Angel Gallok.
Zientzia eta Teknologia Fakultadeak atondutako lehiaketa hau 1989an hasi zan eta urte horreetan zehar ehun kontakizun baino gehiago saritu dira. Aurreko edizinoetako irabazleen artean, kulturearen munduko eta UPV/EHUko persona esanguratsuak dagoz (Xabier Kintana, Iban Zaldua, Iñaki Irazabalbeitia Félix Goñi eta Gotzone Barandika, besteak beste), baita zientzia-fikzinoko idazle ezagunak be, berbarako, Jose Antonio Cotrina, lehiaketea 3 aldiz irabazi dauena.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!