Eibarko Klub Deportiboak 100 urte bete ditu gaur

Bizkaie! 2024-01-30 12:27   Kulturea

Hamahiru sail eta 2.729 bazkide ditu Gipuzkoako alkarterik handienetakoak.

Eibarko Klub Deportiboa 1924ko urtarrilaren 30ean jaio zan, Candido Arrizabalaga Apotxianok gidatutako batzarrean, alkarte barria atletismoa, txirrindularitzea eta alpinismoagazko zaletasuna pizteko sortu zala adierazoz. Club Deportivo de Eibar izena jarri eutsen alkarte sortu barriari eta erregelamendua be onartu zan. Izenari jagokoonez, erabagia aspaldi hartuta baegoan be, 2023ko martioan egindako Batzarrean, euskeraz “Eibarko Klub Deportiboa” idaztea berretsi eben kideek. Jaiotzatik bertatik erakutsi eban herriko jentearen jakin-mina asetzeko asmoa eta kirolean jarduteko prestakuntzearen garrantzia, horretarako propio berbaldiak atonduz.

Hasierako garai hareetan emakumeek ez eben bazkide izateko aukerarik, baina 1933an Estatutuak aldatu egin zituen eta holan heldu ziran momentu haretan emakume bi zuzendaritza-taldera. “Eibarko Klub Deportiboak zeresan eta zerikusi handia izan eban Federación Vasco Navarra de Alpinismo ezagunaren sorreran; horixe da-eta alkarte honen beste ezaugarrietako bat, beste erakunde, alkarte eta taldeen aurreko hartu-emonak eta alkarlana. Historian zehar, Eibarko Klub Deportiboak erakunde askogaz batera jardun dau lanean, alkar hartuta eta indarrak batuta, hainbat proiektu eta asmo aurrera eroateko. Espeleologian, ikerketa-lan asko egin ditu —batzuetan Aranzadigaz kolaborazinoan— inguruko mendietako topografia- eta erregistro-lanak egiten, kobazuloak miatzen, esplorazinoetan, sistema karstikoaren ikerketan, eta aurkikuntza zenbaitetan; udalentzat be lan asko egin dau uren inguruko ikerketa-lanak egiten.

Kulturearen arloa hasiera-hasieratik eban jomuga eta alkartearen sorreratik hasi zan Liburutegia sortzen, alkartekideen jakintza-maila sendotu guran, irakurteko txokoa eta liburu-mailegu zerbitzua eskainiz. Sasoi batean esperantoa erakusten zan Deportiboko bulegoetan eta helduentzako euskera-klaseak eskaintzen ziran. 60ko hamarkadan, Arrate Kultur Alkarteagaz batera, Euskal Jaiaren antolakuntzan jardun eban, karrozak txukunduten, Eibarrera kanpotik makina bat jantza-talde etorri eta, herriko alkarte gastronomikoakaz batera, hareei bazkariak emon eta herriko etxeetan banatzen ziranean. Sasoi haretan 200 txistulari eta 600 jantzari inguru zituan Deportiboko Kezka taldeak. Gaur egun, Eibarko hainbat ekimenetan parte hartzen dauen taldea eta herriko ume eta nagusi askoren jantza-eskolea izateaz gan, herriaren enbaxadore eta ohitura zaharrak zeharo barriztu ditue: Aratosteetako Koko-Dantzak edo Arrateko Amaren Dantzak horren adibide.

Argazkilaritza taldeak be ibilbide luzea eta oparoa egin dau mundu horretara hureratu nahi dauen edozein herritarrentzat maila guztietako ikastaroak eskainiz, erakusketak atonduz eta Udalak atondutako Indalezio Ojanguren mundu mailako argazki-lehiaketan eta beste hainbat gauzatan laguntza tekniko osoa emonez.

Xake-taldeak Eibarko Hiria Jose Mari Kruzeta Memoriala Xake Lehiaketea atontzen dau arrakasta handiz eta xake-txapelketa askotan hartzen dabe parte herriko xakelariek, baina herriko gaztetxuenei begira egindako beste lan bat be badau: Xake-Eskola Lehen Hezkuntzako 5. mailara arteko ikasleentzat.

Pelotak be betidanik izan dau presentzia Klub Deportiboaren bizitzan eta gaur egun be bizi-bizi jarraitzen dau pelota-jokoaren sustapenean, txikienetatik hasita, edade guztietako 50 neska-mutil baitabiz Pelota Eskolan eta kirol horregaz lotutako beste hainbat jarduera atontzen.

Klub Deportiboa gerra aurrean, 1930ean, hasi zan boletina kaleratzen eta 1964an, Klubak 40 urte bete zituanean, Kezka aldizkaria argitaratu eban lehen aldiz aldizkari lez. Hasiera batean sei hilabeteko aldizkari zana urtekari bihurtu zan, 1975eko urtarrilean azken alea, 13. zenbakia, argitaratu zan arte. Handik urte batzuetara, beste edizino bat izan eban 1989 eta 2001 bitartean. Aldizkari horreek ondo islatzen dabe klub barruan egindako lana eta gizarteak momentu bakotzean zituan kezkak.

Deportiboko Mendi Batzordeak herriaren onerako gauza asko egin ditu mende honetan zehar Mendi Federazinoafgaz batera, izan be, inguruko mendietan iturriak eregi zituan (Urkoko barrankoan, Kalamuara bidean, Karakaten...); mendi-bideak markau eta planifikau, baita garbitu be. Babeslekuak edo errefugioak be egin eta gestionau izan ditu: Urrakiko Zuloagatarren errefugioa, Kalamuako eta Arrateko bide ondoko errefugioak, sasoi batean garrantzia handikoak, eguraldi txarretik babesteko. Eibarko Udalak be talde horri zor deutso gure herriko mugarri historikoak ikertu, bistaratu eta ezagutarazotea. Bada beste alderdi bat, gitxien ezagutzen dana eta benetan nabarmentzekoa, erreskateena: eibartarren batek edo inguruko beste herritarren batek istripu bat izan dauenean, mendian bateren bat galdu edo jausi izan danean, klubak beti bialdu izan dau mendizale-talde bat erreskatean parte hartzeko inguruko mendietara (Atxarte, Udalatx..), eta, sarri askotan Picos de Europara eta Pirinioetara. Urpekaritza taldeak be makina bat erreskate-lan egin ditu, errekan izandako ezbeharretan, material eta personal teknikoa jarriz, sarri askotan, Ondarruko buzoakaz ibilita eta hondamendiren bat izan danean, laguntza teknikoa eskainiz. Errekak eta itsas-ertzak garbitzen be sarritan ibilten dira.

Mendira ibiladiak beti atondu izan ditu adineko jentearentzat eta umeentzat, eta nagusiena ezagunagoa bada be, herri mailan umeentzat atontzen diranak berebiziko garrantzia dau umeen sozializazinoan eta integrazinoan.

Atletismoa izan zan Klubaren sorrerako hiru oinarrietako bat (mendiagaz eta txirrindularitzeagaz batera) eta gerra aurretik hasita eibartar asko eta asko izan dira kirol horretan ibilitakoak, gizonak nahiz emakumeak, eta hainbat lehiaketa eta txapelketatan parte hartzeaz gan, herriko kaleetan bertan egiten diran lasterketa herrikoiak bultzatu dira, besteak, beste, kluben arteko olinpiadak edo urte amaierako San Silbestrea atonduz. Memorial Eulogio Echeverría, Bolumburu saria edo Simon Aldazabal lasterketea ditugu Klubak atondutako eta etorriko diran ekitaldi horreetako batzuk.

Txirrindularitzea izango da, segurtik, Klub Deportiboak jorratutako kirol-alorrik ezagunena, ez bakarrik Eibarren, baita mugaz haraindi be. Gerra aurretik, 1924an bertan, Pedalaren Eguna antolatu eban, jentartean erantzun bikaina izan ebana. Arrateko Igoera, San Juan Saria edo Mardaras Saria ditugu Klubak atondutako proba batzuk. Espainiako Ziklo-kros txapelketa be urte askoan atondu eban. Arrateko Igoereak sekulako eragina izan eban herri mailan, herritar askok hartzen ebelako parte antolakuntza-lanetan; horrezaz gan, herrian inpaktu ekonomikoa eragiteaz gan, mundu mailako oihartzuna lortu ebalako, harik eta 1980an Klub Ziklistaren Eibarko Bizikleta eta Arrateko Igoera batu eta mundu mailako kategoriako lasterketa bakarra atontzen hasi arte (Euskal Bizikleta), gaur egun Euskal Herriko Itzulia bilakatu dana. Kirol honetan, beti ibili da beste alkarte batzuekaz hartu-emonetan eta alkarlanean. Txirrindularitza eskolea 1996tik aurrera jarri eben martxan, maila guztietan, lasterketak atontzen eta gazteak kirol horretara erakarten. Ibilbide emonkorra izan dau, afizionatu taldetik 10 txirrindulari pasau diralako profesional mailara. Urte haretan bertan, ziklo-kross taldea be hasi zan eta, 2005ean, emakumeen taldea, junior eta elite mailan, Italiako Giroan, Frantziako Tourrean eta Munduko Kopako probetan partu hartu eta, emakumeak izateagaitik, hainbat langa gainditu izan behar izan zituana.

Gatxa da Eibarko Klub Deportiboaren 100 urteak laburbatzea; gatxa da benetan historian zehar horrenbeste jente eta ekintza egin dituan talde baten ibilbidea lerro batzuetan jasotea.



Atzo, 100. urtearen bezperan, Gipuzkoako alkarte handienetakoak argiz eta jentez piztu eban herritik Urko tontorrerako bidea eta, beste behin be, agirian geratu zan eibartarrek Klubari daukotsen maitasuna.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu