80 saltokik kolaboretan dabe Getxoko Eskola Bideen proiektuan

Bizkaie! 2024-01-30 08:54   Kulturea

Ikasleek eskolara joateko bidea erraz identifiketea da asmoa.

Guztira, herriko 80 saltokik bat egin dabe Getxoko Udaleko Ingurumen Zerbitzuak bultzatutako Eskola Bideen proiektuagaz. Liburu-dendek, farmaziek, ule-apaindegiek, okelategie eta arrandegiek, okindegi- gozotegiek, frutategiek, moda eta konponketa-dendek, dekorazino eta kirol-dendek, zapata-dendek, sarrailategiek, kioskoek, estankoek, tabernek eta kafetegiek, hau da, askotariko establezimenduek erabagi dabe ekimen horregaz alkarlanean jardutea, izan be, ekimenaren helburua da udalerriko Lehen Hezkuntzako ikasleen artean mobikortasun jasangarri eta seguruko moduak sustatzea eskolako joan-etorrietan.

Hortaz, proiektuan parte hartzen daben personek eta erakundeek (ikastetxeek, guraso-alkarteek eta, oro har, herritarrek) alkarregaz diseinautako eskola-ibilbideetan zehar, bidea oinez egiten dauen ikasleak beti izango dau denda baten laguntzinoa.

Establezimenduetako batzuk edegita egongo dira umneak eskolara joaten diranean, eta beste batzuk eguerdian edo arratsaldean. Holan, denda laguntzaileek proiektuaren logotipoa dakarren pegatinea erakusten dabe erakusleihoan edo bide publikotik ikusteko moduko leku batean. Beraz, edade txikikoek erraz identifikau leikie ibilbidea eta, behar izanez gero, dendarien laguntzinoa jaso.

Ikastaroa aurrera doa, eta gero eta persona gehiagok ezagutzen dabe proiektua, eta proiektuan laguntzaile diranek aukerea dabe ibilbidean zehar goraberaren bat gertatzen dan ikusteko. Halanda ze, ikastetxeakaz edo familiaregaz hartu-emonetan jarteko modua dabe, edozein arazoren barri emoteko. Lankidetza-maila horrek familiakaz konfidantza handiagoa sortzeaz gan, erreferentzia be bihurtzen da eskola-bidea erabilten daben umeentzat, Iñigo Urkitza Ingurumen Zerbitzuko zinegotzi arduradunak adierazo dauenez.

Azkenik, Urkitzak aitatutako saltokien laguntzinoa eskertu eta azpimarrau dau: Lankidetzea oinarrizkoa izanik, ez doguz alde batera itxi behar herrian konsumidukeran lortzen doguzen onurak, izan be, tokiko merkataritzea funtsezko zutabea da komunidadeen bizitzan, hurrreratasunagaitik, tratu personalizatuagaitik eta emoten deoskun konfidantzeagaitik. Herrian konsumiduteko ohiturak ingurumen-inpaktua murriztu eta eragin handiko garapen sozial eta ekonomikoa be bultzatzen dau.

Ikusi hemen parte hartzen daben establezimenduen zerrendea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu