1.000 filmaketa-egun baino gehiago Bilbo-Bizkaian

Bizkaie! 2024-01-30 08:23   Zinemea

Ikus-entzunezko industriak 58,5 miloe euroko eragin zuzena izan dau 2023an.

Xabier Ochandiano eta Ainara Basurko. | Ikusi handiago | Argazki originala

Xabier Ochandiano Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza, Turismo eta Enpleguko zinegotziak eta Ainara Basurko Ekonomia Sustapeneko Saileko foru diputaduak Bilbao Bizkaia Film Commission-en 2023ko jarduera-balantzea aurkeztu dabe Zabalgune eraikinean. Oso datu positiboak emon ditue, uria eta lurraldea destino lehiakor eta erakargarria baitira ikus-entzunezko industrian.

Bilbao Bizkaia Film Commission-ek lagundutako ikus-entzunezko proiektuek izandako eragin ekonomiko zuzena 58,5 miloe eurokoa izan da, eta zifra hori laukoiztu egin da 2021ean izandako datuakaz alderatuta (13,8 miloe euro). Guztira, 151 produkzino filmau dira Bilbao Bizkaia Film Commission-en laguntzinoagaz, eta 269 produkzinoei emon deutsee arretea. Horreetatik 68 nazinoartekoak izan dira. Teknikari eta artista artean, 1.113 persona mobilizau dira (figuranteak kontuan hartu bariik) eta 1.026 filmaketa-egun izan dira Bilbo-Bizkaian, 2022an baino %74 gehiago.

Zifren artean azpimarratzekoa da, beraz, film luzeak (12) eta serieak (7) zabaldu dirala gehien aurreko urtearen aldean, % 140 eta % 40, hurranez hurran, izan be, gero eta eragin ekonomiko handiagoa eragin dauen gastu errealaren % 90 aitatutako film luzeek eta serieek osotu dabe. 33 film labur, 21 dokumental, 31 telebista-saio, 8 bideoklip, 2 webserie, 33 publizidade-iragarki eta 4 argazki-saiok osotzen dabe igazko Bilbao Bizkaia Film Commission-ek lagundutako jarduerea.

Uriak momentu bikaina bizi dau ikus-entzunezko industriaren lehentasunezko agertoki bezela, eta horrek garapen ekonomiko handiagoa dakar, enplegua sortuz, eta sustapen-erakargarritasun handia Bilbo-Bizkaiarentzat. Gorantz doan sektore ekonomiko horretan filmaketak erakarri eta kudeatzeko aproposa, nabarmendu dau Xabier Ochandianok.

Ainara Basurko Ekonomia Sustapeneko foru diputaduak adierazo dauenez, 2023 urte bikaina izan da ikus-entzunezko industriaren bultzadarako eta Bilbao Bizkaia Film Commission-entzat. Filmaketen datuak hobetzeaz gan, jaubetu gara urtez urte produkzino handiak erakarteko kapaz garela. Ez da kasualidadea.



Hazten dagoan sektorea

Urian eta lurraldean filmau diran film luzeen ondoko izenburu honeeek argi erakusten dabe ikus-entzunezkoen sektorea hazten dagoala Bilbo eta Bizkaian: Hate Songs, Alejo Levisek zuzendua; Una Ballena, Pablo Hernandorena; Anatema, Jimina Sabadúrena; El bus de la vida eta Cuatro Paredes, Ibon Cormenzanarenak; El Hoyo 2, Galder Gaztelu-Urrutiak zuzendua; Nina, Andrea Jaurrietarena; El Molino, Alfonso Cortés-Cavanillasena; Jone, batzuetan, Sara Fantovarena; Nosotros, Helena Tabernarena; No puedo vivir sin ti, Santiago Requejorena; edo Marco, Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenagarena.

Serieei jagokenez, aitagarriak dira The othe side, Daniel Écijak Disney Plusentzat sortua; Detective Touré, Jon Arretxeren eleberrietan oinarritua, EITB eta RTVErentzat; Ángela (Atresmedia/Disney+), Querer (Movistar+), Cicatriz (Amazon Prime/RTVE),eta Romi (Mediaset). National Geographic-en Europe from above dokumentala eta Fushigi Hakken telebista-saioa, Tokyo Broadcasting kanalarena, Bilbok eta Bizkaiak sektorean daben posizionamendu eta arrakastearen adibide dira. Uriak zenbait produkzino arrakastatsuren aurre-estreinaldiak be hartu zituan igaz, besteak beste, 20.000 especies de abejas (Estíbaliz Urresola), El silencio (Aitor Gabilondok Netflix-entzat) eta Una vida no tan simple (Félix Viscarret).

Bilbao Bizkaia Film Commission-ek 2023an babestutako ikus-entzunezko proiektuen eragin sozioekonomikoari buruzko azterketea eta analisia ikerketean, Bilbo-Bizkaiari buruz ikus-entzunezko produkzinorako ekosistema bezela ondoen baloretan diran alderdietako batzuk pizgarri fiskalak (4,80/5) eta konpromiso publikoa (4,50/5) dira. Hotel eta logistika-gaitasuna, segurtasun juridikoa eta baimenak eta erabilgarritasuna be positiboki balorau dira, bost puntutik lau baino gehiago jaso baititue.

Aurreikuspen onak 2024rako

Produkzino batzuk dagoeneko amaituta dagoz, besteak beste, Querer seriearen filmaketea eta urtarrilean produkzino ugari jarriko dira martxan: Romi eta Cicatriz serieak, Cuerpo Escombro eta Sin Instrucciones filmak, edo Soy Nevenka lanaren grabaketea, Iciar Bollaínek zuzendua, hilebete horren amaieran hasiko dana. Beraz, urteko lehen hiruhileko horretarako aurreikuspenak oso positiboak dira: Bilbo-Bizkaia ikus-entzunezko filmaketeak egiteko erreferentzia bezela sendotzen eta bultzatzen dabe Estadu osoan eta Europan.

2024. urterako lehentasunezko erronken artean, ikerketak tokiko talentua indartzeko beharra azpimarrau dau prestakuntzearen eta lanbide-kualifikazinoaren alde eginez eta produkzino eta azpiegitura-zentroen eskaintzea handitzea eta hobetzea.

Esangura horretan, Bilbo-Bizkaia Ikus-entzunezkoen Hub bat sortzen dabil, Zorrotzako puntan kokatuko dan proiektu batean. Aurreikuspenen arabera, 100.000 metro koadroko espazio bat egongo da filmaketarako, plato digitalakaz, postprodukzinoko espazioakaz, kanpoaldeko filmakatakaz, kamerinoegaz, biltegiakaz eta bulegoakaz. Horrek, zalantza barik, balio erantsi handia ekarriko deutso Bilbo-Bizkaiari ikus-entzunezko industriaren esparruan.

Bilbao Bizkaia Film Commission

2015ean, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Bilbao Bizkaia Film Commision zerbitzu publikoa eta dobakoa sortzea sustatu eben, filmaketak egin, kudeatu eta erakarteko. Urteotan 1.547 filmaketari arretea emon deutse eta 1.016 ikus-entzunezko proiektu gauzatu dira.

Bilbao Bizkaia Film Commission-en laguntzinoa produkzinoaren fase guztietan emoten da, lokalizazinoetan, zerbitzu profesionaletan, administrazino-izapideetan, produkzino-espazioetan, ostatuan eta logistikan, bai eta babes eta konfidantza instituzionalean, segurtasun juridikoan eta pizgarri fiskaletan be.

Hori guztia, lankidetza publiko-pribatuari esker egiten da, produktoreen eta eragile pribatuen eta erakunde publikoen arteko bitartekari bezela jarduten baitau. Bilbo-Bizkaiko filmaketa-industrian aurrera egiteko beharrezko lankidetzea da beraz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu