'Gurean zeurea. Vive lo que somos' Bizkaiko programazinoa aurkeztu dabe

Bizkaie! 2024-01-29 13:19   Kulturea

150 kultur jarduera baino gehiago atondu ditue.

Leixuri Arrizabalagak, Euskera, Kultura eta Kirol diputatuak, foru museoetan, aretoetan eta interes historikoko lekuetan 2024rako diseinautako kultur eskaintzearen barri emon dau. Aurkezpenean beraregaz egon dira foru museo eta aretoetako zuzendariak, Asier Madarieta BizkaiKOAko zuzendari gerentea eta Begoña de Ibarra, Kulturako zuzendari nagusia.

Aurtengo programazinoa Gurean zeurea. Vive lo que somos lelopean atondu da. Diputaduak adierazo dauenez, Bizkaiko Foru Aldundiarentzat derrigorrezkoa da gune kultural horreek bizirik mantenidutea. Aldundiaren museoak, aretoak eta guneak geure historiaren benetako jagoleak dira, gizarte moduan definiduten gaituan ondarearen zaindariak. Leixuri Arrizabalagak gaineratu dauenez Museo horreek bizirik manteniduten badoguz, geure iragana jagon ez eze, ezagutzak eta ulermenak aberastuten daben etorkizuna eregiten dogu. Horregaitik jende guztia kultura-zeharkaldi hau gugaz batera egitera konbidatuten dot, espazio horreek eskainduten deuskuezan esperientziez gozatera, eta lurraldearen kulturea geure eguneroko bizitzetan errotuta dagoan gure geure gauza moduan sentidutera.

Foru guneen programazinoak aldi baterako 16 erakusketa barri eskainiko ditu aurten, geure kulturearen eta ondarearen inguruan atondu diranak. Arkeologia Museoak Neandertales. La Historia de la otra humanidad en los Pirineos Occidental eskainiko dau, Piezaz Pieza programaz gan, bildumako piezak erakutsiko ditu; La pieza Invitada: La Esfinge del Teatro de Mérida. PVRO TEATRO aurkeztuko dau Oiassoko Erromatar Museoaren eta Meridako Hiri Monumentalaren Partzuergoaren laguntzinoagaz. Arrantzaleen Museoak Bermeo. Portu Zaharra 1880-2024 aurkeztuko dau; Euskal Herria Museoak aldi baterako hiru erakusketa izango ditu: Todo mejora con la alimentación ecológica-Eko Lurra; Arturo Acebal Idigoras. Entre Euskadi y Argentina; eta Sonia Ruedaren Hitz politak. La Encartada Fabrika-Museoak aldi baterako erakusketa bi ditu programauta: Paisajes desvanecidos en el aire; eta De la Cámara a la aguja, Euskal Museoak produziduten dauena. Bakion Museo del Txakoli-Txakolinguneak urtean zehar lau erakusketa antonduko ditu: Txakomic; Mairin Mitchell: Euskaldunen Kronista Irlandarra; Bakioko Margozaleak eta Txakolina. El Pobaleko burdinolak Señales del tiempo. Burdinaz forjatutako haize-orratzak erakutsiko dau Euskal Museoak itxitako haize-orratz bilduma batetik hasita. El Pobaletik gertu, Muñatones gaztelua dago; bertan erakusketa-unidade barri bat egongo da, ustez Abraham Cresques Mallorcako XIV. mendeko geografo eta kartografoak egin eban mapamundi bat. Bilbon, Ondare Aretoak erakusketa bi izango ditu: Clemente & Jesús Arraiz; eta D, Abraira. Ganera, Rekalde Aretoak Juan Carlos Eguillorren atzera begirakoa erakutsiko dau.

Adin guztietako ikusleei zuzendutako programa hau osotzeko tailerrak, berbaldiak, bisita gidatuak, hitzaldiak, ibilbideak edo antzezpenak atondu dira. Urtean zehar 150 jarduera baino gehiago egingo dira museo, areto eta foru guneetan. Jarduera guztiek ezaugarri komun bat dabe: Bizkaiko kultura-ondarearen hainbat alderdi modu atsegin eta erakargarrian ezagutaraztea.

Aurten zenbait data berezi dagoz, eta horreetan aparteko jarduerak egingo dira: Txakolin Museoa Txakolingunearen hamargarren urteurrena; El Pobaleko Burdinolaren 20. urteurrena eta Nestor Basterretxearen jaiotzaren mendeurrena.

Ganera, zazpi argitalpen barri aurkeztuko dira museoen eskutik: Cuaderno n.º 13: Neandertales, La historia de la otra humanidad en los Pirineos occidentales; Gure Ondarea ezagutzen: Arrantza atzo eta gaur; Bermeo. Portu Zaharra 1880-2024; Arturo Acebal Idigoras. Entre Euskadi y Argentina katalogoa; El Txakoli; Señales del tiempo. Veletas forjadas en hierro.; eta Cuaderno de campo de Luis Barreiro (1909-1917).

Museoek eta foru-aretoek publiko orori zuzendutako aisialdi-programa bat eskaintzen dabe. Interes historikoa daben museo, areto eta leku guztiek programa garrantzitsua dabe, ikasleentzat zuzenduta.

Urteko katalogoak, barriz, 2024an egingo diran programa bereziak jasotzen ditu: Ibilbide historikoak oinez edo tren turistikoz, beste modu batean Bizkaiko ondare ezohiko eta ezezagunena ezaguteko. Plan horretan gazteluak, herrixka gotortuak eta erromatar garaiko hondakinak batzen dira, edertasun bereziko ingurune batean, esaterako Leako eta Barbadungo arroetan edo Urdaibaiko Erreserban. Bizkaiko Foru Jauregia bisitatzeko programea, edo Ondarearen Europako Jardunaldiak (jardunaldi horreetan ehundik gora jarduera kultural gegiten dira urrian Lurralde osoan zehar); La Encartada Moda moda-ekitaldi paregabea da, La Encartada Fabrika-Museoa eszenatoki paregabean egiten dana; Museoen Nazinoarteko Egunarekin Bizkaian dagozen 40 museo baino gehiagoren museo-aberastasuna ikusarazoten da; MusEkintza museoetan egiten dan arte eszenikoen jaialdia; eta Ibiltari programea, hainbat kultur gunetan erakusteko prestatutako erakusketa ibiltariak eskaintzen dituana.

Horreezaz gan, Omako Basoak bisita libreak eta bisita gidatuak eskaintzen jarraituko dau urte osoan. Kasu bietan beharrezkoa izango da aldez aurretik webgunearen bidez erreserba egitea. Bisita gidatuak zapatutan izango dira, 11:00etan gaztelaniaz eta 12:30etan euskeraz.

Bizkaiko Foru Jauregia astelehenetik zapatura, aldez aurretik erreserbauta, bisita daitekeen beste gune bat da. Jauregiko korridore bereziak eta aretoak zeharkatzen dira eta Foru Erakundeak Bizkairako dauen garrantzia emoten da ezagutzera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu