Martxan da 'Linguatec IA' proiektua

Bizkaie! 2024-01-29 12:14   Kulturea

Euskerea, aragoiera, katalana eta okzitaniera digitalizetako proiektua.

Hizkuntza-prozesamendua tresna indartsua da baliabide urriko hizkuntzak dituan erkidegoentzat, hizkuntza bizibarritzen eta haren erabilera eraginkortasunez sustatzen laguntzen baidu. Hizkuntza horreentzat berebiziko garrantzia dau adimen artifizialaren olatura igotzeak, atzean ez geratzeko. Hizkuntza naturalaren prozesamenduan lortutako kalidadea ez dago hizkuntza guztien eskura, eta lankidetza funtsezkoa da hizkuntza-baliabide eta -tresna barriak egiteko. Barrikuntzako ahalegina areagotu beharra dago, eta apustu egin hizkuntza naturalaren prozesamendurako adimen artifizialaren arloko ikerketa aplikatuaren alde.

EFA 104/01-Linguatec IA (Adimen Artifiziala) Europako proiektuak, Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren finantzaketa jaso dau INTERREG POCTEFA 2021-2027ren 1. deialdiaren bitartez, helburu bi ditu; batetik, baliabide gitxi dituen hizkuntzei aplikatzeko moduko hizkuntza-eredu sortzaile barriei buruzko adimen artifizialeko ezagutza egitea eta, bestetik, eredu horreek erabiltzea aragoiera, katalana, euskera eta okzitaniera (POCTEFA lurraldeko hizkuntzak) digitalizetan aurrera egiteko eta mugaz gaindiko azpiegitura linguistiko adimendun bat eraikitzeko, izan be, erraztuko dau hizkuntza ezbardinetako hiztunen arteko komunikazinoa eta informazinoa modu anitzetan eskuratzea.

Mugaz gaindiko proiektu horren partzuergoak, Elhuyar buru dala (Orai adimen artifizialeko zentroaren bidez), ondoko kideak ditu: Lo Congrés Permanent de la Lenga Occitana, HITZ zentroa (EHU), Tolosako Jean Jaures Unibersidadea, Perpinyàko Unibersidadea, Baionako IKER-CNRS, Aragoiko Gobernua eta Lleidako Unibersidadea. Partzuergo horrek bere lan-oinarriak ezarri ditu, Usurbilen (Gipuzkoan) urtarrilaren 15ean egindako lehen bilerean. Partzuergoa Pirinioetako sei hizkuntzen inguruan komunidade zientifiko bat osotzen daben goi-mailako zenbait erakundek osotzen dabe, hizkuntzak berreskuratu eta bizibarritzeko helburuagaz, adierazo dau LINGUATEC proiektuaren koordinatzaile Josu Aztiriak. Proiektuak mugaz gaindiko lurraldeko gizartea eta kultura egituratzen laguntzen dau, tokiko kulturearen funtsezko elementu bat indartuz: hizkuntzak, gaineratu dau.

Ildo horretan, proiektuan parte hartzen daben erakundeek jada lanean dabiz hizkuntzearen prozesamenduagaz lotutako zenbait eremutan, hala nola konputazinoko eta hizkuntza-baliabide mugatuko egoeretara egokitutako arkitektura neuronalak eta algoritmo barriak egiten. Horren inguruan, euskerearen, katalanaren, okzitanieraren eta aragoieraren eta horren dialektoen transkripzinoko, itzulpen automatiko neuronaleko eta ahots-sintesiko sistemak hobetu nahi doguz, frantsesagaz eta espainieregaz konbina deien, bai eta automatikoki azpititulatzeko eta bikoizteko hizkuntza-plataforma eleaniztun bat garatu be, adierazo dau Aztiriak. Gainera, aurreikusi dogu onlineko plataforma edo gordailu bat sortzea Pirinioetako hizkuntzetarako garatzen doguzen baliabide, teknologia eta aplikazino guztiekaz, gaineratu dau.

Proiektu hau osotzen daben erakundeek uste dabe beren lana oso lagungarria izango dala bai hizkuntzen eta horrek digitalizatzearen arloan lan egiten dauen ikertzaile- eta profesional-komunitatearentzat, bai erakunde publiko eta pribatuentzat, zerbitzuak hobetu eta zenbait hizkuntzatan eskuragarri jarri ahal izango baitituzte, eta harro dagoz, herritarrei ingurune eleaniztun batean errazago komunikatzen laguntzeko baliabide eta tresna baliagarriak eskaintzeaz.

LINGUATEC IA proiektua ez da orain jaioa, izan be, LINGUATEC proiektuaren lekukoa jasotzen dau. Aurreko proiektu hark POCTEFA funtsen finantzaketa jaso eban, eta jada amaitua da; horretan, hiru urteko ibilbidearen ondoren eta garapen-maila handia lortuta, erakunde bazkideek urrats estrategikoa eman eben, adimen artifizialeko bikaintasun-sare bat finkatuz mugaz gaindiko hizkuntza-azpiegitura bat eraikitzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu