Agustin Ibarrola omendu dabe
2024-01-29 09:10 erakusketakDurangon, 2.500 bisitarik ikusi dabe erakusketea.
Agustin Ibarrolaren Papera Ardatz erakusketearen amaiera ekitaldia egin dabe, eta Durangoko Udalak artistea autortzeko erabili dau eguna. Arte eta Historia Museoan erakusketea edegi eta hurrengo egunean hil zan Ibarrola, ondorioz ekitaldirik ez egitea erabagi eban Udalak. Oraingoan, barriz, Agustin eta bere obrea omentzeko ekitaldia egin dabe. Bertan izan dira Mireia Elkoroiribe Durangoko alkatea, Jon Sergio Kultura zinegotzia, Garazi Arrizabalaga Arte eta Historia Museoko zuzendaria eta Ibarrola sendia, Irrintzi Ibarrola erakusketako komisarioa buru.
Elkoroiribek adierazo dauanez, Ibarrolak izugarrizko ekarpena egin deutso euskal kultureari, eta bere talentuagaz eta kreatibidadeagaz mundu guztiko audientzia erakarri dau. Bere lanek muga guztiak gainditu ditue, eta Euskadiko aberastasun kulturalaren eta naturalaren sinbolo bihurtu dira. Ibarrolak egindako ekarpena nabarmendu dau Elkoroiribek, azken hilabeteetan Durangon ikusi ahal izan diran lanak horren adibide jarrita, eta horrezaz gan, Agustin Ibarrola parekorik bako altxorra da, eta berak itxitakoa betirako egongo da geugan, gehitu dau.
2.500 bisitari
Durangoko Arte eta Historia Museoko zuzendari Garazi Arrizabalagak emondako datuen arabera, 2.500 bisitarik ikusi dabe azken hilabeteetan erakusketea. Datu oso ona dala nabarmendu dau eta eskerrak emon deutsee bisitariei.
Erakusketea Durangora ekarteko Irrintzi Ibarrolagaz izandako hartu-emonak be nabarmendu ditu Arrizabalak omenaldi ekitaldian, Urtebetez lanean ibili ginan Irrintzi eta biok, eta hasieratik bagenkian papela oinarri daben artelanak erakutsi nahi euskuzala. Nahiz eta akaso Ibarrolaren obrarik ezagunenak ez izan, erakusketeak aukerea emon dau Agustín ezezagun hori plazaratzeko; eta hori oso positiboa da geuretzat, izan be, geure museoan lehenengoz erakutsi doguz Ibarrola lako artista handi baten lan batzuk.
Papelari garrantzia emotea erabagi eben erakusketea sortzerakoan, Papelari behar dauen garrantzia emotea be izan da geure nahia, kontau dau Arrizabalagak, arte munduan papela beti hartu izan dalako bigarren mailako material bezela, eta horri bueltea emotea izan da geure nahia.
Artiz Lasarguren jantzariak artistea omentzeko emonaldia eskaini dau ekitaldiaren ondoren eta bertaratutakoek, Irrintzi Ibarrolari esker, erakusketea ikusteko aukerea izan dabe.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!