Aratusteetako programazinoa eta Farolin eta Zarambolas aurkeztu ditue

Bizkaie! 2024-01-26 13:35   Kulturea

Farolin eta Zarambolas, Lutxo Egia del Río eta Jasone Akizu Perez izango dira.

Jasone Akizu Perez eta Lutxo Egia del Río. | Ikusi handiago | Argazki originala

Jaietako Batzorde Mistoko kide guztiek, Itziar Urtasun Jaietako zinegotzi eta Kultura eta Gobernantza Saileko zinegotzi ondokoa buru dala, udal-korporazioko beste kide batzuekaz, Bilboko Konpartsetako ordezkariak, Fekoor-eko kideak eta Alde Zaharreko Merkatarien Alkartea, Aratusteetako egitarauaren xehetasun guztiak aurkeztu ditue. Jaiak, zezeilaren 8tik 13ra bitartean izango dira.



Farolin eta Zarambolas

Ekitaldi horretan jendaurrean agertu dira baita be Farolin eta Zarambolas, Aratusteetako bikote ospetsu eta maitatuena: Lutxo Egia del Río eta Jasone Akizu Perez.

Itziar Urtasunek adierazo dauenez euskal kulturea, eta, bereziki, Bilbokoa, ezin hobeki ordezkatzen dabe pertsonaia horrek. Jaietako Batzorde Mistoek, barriz, Badakigu dana emongo dozuela Farolinen eta Zarambolasen jai-gogoa erakusteko nabarmendu dabe. Lutxo Egia del Rioren eta Jasone Akizu Perezen egitekoa, bost jaiegun horreetako jaietara entretenimendua eta dibersinoa eroatea izango da, eta horretarako konpromisoa hartu dabe aurkezpenean.

Farolin Lutxo Egia del Río izango da, soziologoa, idazlea eta performerra. Gaur egun, beste arlo batzuen artean, BIRA espazioaren kultur jarduera koordinatzen dau. Bere ibilbidean zehar, elebarriak, ipuinak eta antzezlanak idatzi eta argitarau ditu, eta, gaur egun, lan bi ditu antzerki-zirkuituan: Identitarteak, Galder Pérez eta Ane Zabalagaz, eta Hamalau, Mikel Martinezegaz.

Farolin esparru publiko edo profesionalean izena lortu dauen bilbotarra da, Bilboren izena ahotan ibili eta bilbotarra izatea nabarmentzen dauen pertsonaia; Semper Plus Ultra / Beti harago leloak laburbitzen dau bere ustea.

Bestalde, Zarambolas bilbotar petoa da, ezerk edo inork bizitza aldatuko ez deutsona. Ondo bizitzea atsegin dauena, Carpe Diem / Gozatu ahal dozun bitartean da bere bizimodua ondoen adierazoten dauen goiburua. Jasone Akizu Perez txistularia profil horregaz identifikatzen da; izan be, bere burua beti umore onean egon eta une bakoixaz gozatzen saiatzen dan pertsona bezela definitzen da. Txistua jotzea da bere zaletasun nagusia.

Urtero lez, Farolinean eta Zarambolasen epaiketea barikuan egingo da, zezeilaren 9an. Atxiloketea 18:30ean izango da, Arriaga plazan. Handik, 19:15ean, Plaza Barriko karpara eroango ditue pertsonaiak epaitzera. Horren ostean, 20:15etik aurrera, Plaza Barrian, pertsonaia bien eskarnio publikoa egingo da, aratusteetako koplatxoen doinuekaz batera.

40 jarduera baino gehiago

Pertsonaia bien epaiketea 40 jarduera baino gehiago izango dituen programazinoaren lehen ekitaldietako bat izango da. Jarduera horreek Arriagako plazan, Zazpi Kaleetan, Arenalean, Kale Nagusian eta Plaza Biribilean egingo dira.

Musikak, fanfarreek eta erraldoiek eta buruhandiek festaz eta mozorroz beteko ditue uriko hainbat txoko. Jarduera aitagarrienak ondoko hauek dira: Ikastetxeen desfilea barikuan, hilak 9, goizean, eta ondorengo txokolate-jana eta umeentzako ikuskizuna; umeentzako tailerrak Plaza Barrian eta kontzertuak; eta Bilboko Udal Bandearen eta Bilboko Txistularien Bandearen emonaldiak.

Horrezaz gan, urtero lez, sardinearen hileteak emongo deutso Aratusteei amaierea, martitzen arratsaldean, Plaza Barriaren eta Arriaga plazaren artean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu