Hizkuntza-politiketan, saltoa egin ezinik
2024-01-26 12:57 Euskerea berbagaiEuskalgintzearen Kontseiluak 2023ko irakurketa eta ondorioak izenburuko txostena aurkeztu dau Donostian.
Lehenengo eta behin, Idurre Eskisabelek igazko urte hasieran euskerearen bizibarritzean aurrera egiteko Kontseiluak aurreikusten zituan etxeko lan nagusiak zerrendatu ditu: Euskerearen normalizazinoaren kontrako oldarraldia baetorrela eta etorkizunera begira euskereak bizirik irauteko dituan erronkei aurre egiteko moduko saltoa behar zala hizkuntza-politiketan.
Egitekoen aurreikuspena ez eze Kontseiluak lanerako erabili beharreko tresna nagusia be zehaztu ebala nabarmendu dau, adostasuna, hain zuzen be: 2021ean martxan jarritako Batuz Aldatu dinamikan landutako adostasun soziala ipar, aurrera begirako erronketarako, hizkuntza auziaren eta euskerearen normalizazinoaren gaineko adostasun soziopolitiko sendo bat helburu dala esan dau Eskisabelek.
Urtearen errepasoari ekinez, alde batetik, Europar Batasunean euskerearen –katalanagaz eta galiziereagaz batera– ofizialtasunerako atea edegitea albiste ontzat jo dau: Minorizautako hizkuntza baten normalizazino eta bizibarritzea hizkuntza horretako hiztunei beren eremuan eskubide eta babes juridikoa eskaintzetik hasten da. Ofizialtasunaren autortzea ez da bere hutsean minorizazinoa gainditzeko tresna automatikoa, baina hori barik oso gatxa dala egiazko normalizazinoa azaldu dau. Horrexegaitik, Kontseiluko ordezkariek agerraldia egin eben Bruselan, gainerako hizkuntza gitxituetako eragileakaz batera, Batasuneko Estadu kideei hizkuntza-bardintasunaren alde egiteko eskatuz. Zoritxarrez, argudio teknikoen atxakia erabiliz EBko Kontseiluak erabagia atzeratzen joan da, eta aukerak lausotuz. Era berean, ofizialtasunarena nabarmendu dau, Europan ofiziala izateko aukerea zabaldu dan bitartean, Euskal Herriko zati handi batean euskereak ez baitau oraindino estatus horren autortzarik, besteak beste, Nafarroako zati handienean eta Ipar Euskal Herrian.
Hizkuntza-politiketan, saltoa egin ezinik
Euskal Autonomi Erkidegoari jagokonean, datozen 10 urteetarako Eusko Jaurlaritzearen marko estrategikoa ezarriko dauen Euskerea Sustatzeko Ekintza Plana onartzeko bidean dago eta sektore publikoan euskerearen normalizazinoa arautzeko Dekretua azken txanpan sartu da.
Nafarroari jagokonez, Euskerearen Nafar Kontseiluak Euskerearen II. Plan Estrategikoaren azken proposamena balorau eta onartu egin eban. Baina, segidan, Gobernuak kutxa batean sartu eta blokeau egin eban gobernuak. Araudiari erreparauta, oraindino be administrazinoan euskerearen ezagutzea baloretako merezimenduen Dekretua ez da argitaratu, hau da, beste urtebeteko atzerapena eta, bitartean, ehunka lanpostutan ez da euskerea merezimendu legez aintzat hartu. Gainera, dekretuaren gainean izandako azken albisteak aintzat hartuz gero, euskerea merezimendu lez eremu mistoko lanpostu zehatz batzuetan baino ez da hartuko eta, ondorioz, oso eragin murritza izango dau.
Ipar Euskal Herrian, barriz, bertako euskalgintzearen topagune dan Euskal Konfederazinoak Euskerearen Erakunde Publikoari (EEP) 2050erako euskaldunen proportzinoa % 30era – euskerearen biziraupena bermatzeko proportzinora– heldu daiten beste hizkuntza-politika bat eskatu deutso. Frantziako Konstituzinoko 2. artikulua aldatu eta euskerearen ofizialtasuna lortu bitartean Ipar Euskal Herriak hizkuntzea berreskuratzeko esperimentazino lurralde izentapena lortzea.
Urteko irakurketa eta ondorioak 2023
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!