Hogei kultur erakunde batu dira Basterretxea omentzeko

Bizkaie! 2024-01-26 12:53   Kulturea

2024an artistearen jaiotzearen mendeurrena ospatuko dabe.

Datorren maiatzaren 6an 100 urte beteko dira Nestor Basterretxea jaio zala. Euskal Herriko artistarik eragingarrienetakoa, polifazetikoena eta joan dan mendeko 50eko hamarkadatik aurrera euskal artea barritzen gehien eragin ebanetako bat izan zan. Margolaritzan eta eskulturan, zineman, ilustrazinoan, diseinuan eta euskal kulturearen sustapenean egindako lanaren zabaltasunak eta sakontasunak irudi poliedrikoa eta berezko eskubidez estimagarria bihurtzen dabe, Peio Aguirre idazle eta komisarioak adierazo dauenez.

Miren Vadillo Artearen Historian doktorearen esanetan, haren lanak eta biziteak arrasto handiko bizi eta arte ondarea osotu eban, estetikaz haragoko eraginakaz. Basterretxearen mendeurrena ospatzeko asmoz, hogei kultur erakunde baino gehiagok hainbat ekimen sustatuko ditue aurten eta datorren urtean, 2025ean, besteak beste, erakusketak, ikus-entzunezko programak eta kultura eta argitalpen jarduerak. Basterretxearen mendeurreneko egitarauak, ganera, haren biziteari eta obreari buruzko informazinoa eta baliabideak batuko dituan webgunea izango dau. Webgune horretatik,  familiak Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museo – Artium Museoari dohaintzan emondako artxiboan sartu ahal izango da. Logotipoaren diseinua Maite Zabaletak egin dau. Mendeurrenaren ospakizuna Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak koordinau dau, Gorka Basterretxearen laguntzinoagaz.

Egitaraua

Egitaraua zezeilaren 28an hasiko da Bilboko Arte Ederren Museoan, Néstor Basterretxea. Diseinua eta arkitektura erakusketearen inaugurazinoagaz. Peio Aguirre, Pedro Feduchi eta Pedro Reula izan dira erakusketearen komisarioak eta artisteak 50eko hamarkadatik XXI. mendeko lehen hamarkadara arte esparru horretan egindako lanak ezagutarazotea da helburua.

Apirilean, Irungo Menchu Gal aretoak Basterretxea Irunen (1957-1975) erakusketea aurkeztuko dau, Fernando Golvanok komisarioa tarteko dala, Basterretxearen produkzino artistiko esperimentalenean oinarritua.

Bestalde, maiatzaren 10etik aurrera, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museo - Artium Museoak Basterretxea artxiboan erakusketeagaz artistearen produkzino zinematografikoan sakonduko dau ikuspegi dokumental bategaz. Erakusketea, ganera, artistearen artxibo digitala aurkezteko esparrua izango da, familiak museoari egindako dohaintzearen ondoren. Horrezaz gan, artistearen Euskal serie kosmogoniko garrantzitsua Gasteizko Montehermoso Kulturunean egongo da ikusgai bagilaren 27tik aurrera.

Zemendian, Durangoko Arte eta Historia Museoak Nestor Basterretxea, diseinatzaile grafikoa eta ilustratzailea erakusketea eskainiko deutso eta Donostiako San Telmo Museoak, barriz, Bilduma baten loturak: Néstor Basterretxea eta San Telmo Museoa, Miren Vadillo komisario dauela.

Nestor Basterretxeak zinemearen munduan egin dauen lana eta etenbako hartu-emonak, baita bere ikus-entzunezko produkzinoa be, luze eta zabal aztertuko ditue Euskadiko Filmategian, Elías Querejeta Zine-Eskolan eta Donostiako Nazinoarteko Zinemaldiak atondutako programetan. Ganera, erakunde horreek ahaleginak batuko ditue udagoienean Basterretxearen zeregin zinematografikoari buruzko lan monografikoa kaleratzeko ZINE: ikerketa zinematografikorako koadernoak sailaren barruan.

Iruñeko Punto de Vista Jaialdiak eta Jorge Oteiza Museoak alkarlanean atonduko dabe Nestor Basterretxea eta irudia ikus-entzunezko programea, martiaren 16an museoan proiektauko dana, eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazinoarteko Zentroak artistearen filmografia osoa proiektauko dau udagoienean izango dan zinema zikloan.

Bestalde, Eusko Legebiltzarrak Izaro eta Gernikako Arbolari omenaldia izeneko jarduerak eskainiko ditu. Horrezaz gan, aitatzekoa da,  Etxepare Institutuak Nestor Basterretxearen mendeurrenari lotutako ekimenak jorratuko dituala udagoienean, Argentinako Amale Artetxe eta Ameriketako Estadu Batuetako Renoko Unibersidadeko Jon Bilbao katedretan.

Elgoibarko Makina-Erremintaren Museoak Makinari Begira gu eta makinaren begitik gu izeneko sorkuntza lantegiak sustatuko ditu eta Operación H (1963). Industria artea Basterretxearen begiradan proiekzino eta berbaldia. Era berean, Bermeo, Hondarribia eta Asparrenako udalek bat egingo dabe artistearen ibilbideari buruzko kultur aste bategaz, jardueren agenda zabala eta Néstor Lagun artean programakaz.

Erakundeak 

Parte hartu daben erakundeak ondoko honeek dira: Arte Ederren Bilboko Museoa, Festival Punto de Vista Jaialdia, Museo Jorge Oteiza Museoa, Irungo Udala, Etxepare Euskal Institutua, Bermeoko Udala, Artium Museoa, Montehermoso Kulturunea, Elgoibarko Makina-Erraminta Museoa, EQZE, Euskadiko Filmategia, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazinoarteko Zentroa, Durangoko Arte eta Historia Museoa, Museum Cemento Rezola, Eusko Legebiltzarra, San Telmo Museoa, Hondarribiako Udala eta Asparrenako Udala.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu