23. Korrikak Azterketak Euskaraz kolektiboa omendu dau

Bizkaie! 2024-01-26 08:12   Euskerea berbagai

Euskerea da Azterketak Euskaraz kolektiboaren aldarria, Korrikarena bezelaxe.



Baxoa eta brebeta* euskaraz egiteko hiru hamarkadan baino gehiagoan burrukan ibili eta daibzen ikasleek jaso dabe Korrikaren gorazarrea. Era berean, Oihaletxea dokumentala (Lander Garrok zuzendua) aurkeztu da eta hor Azterketak Euskaraz kolektiboa osotzen daben Seaskako ikasle, irakasle, guraso eta ikasle ohien testigantzak jasoten dira.

Ikasleei bizitzako momentu erabagigarrian, baxoa eta brebeta egiteko orduan, azterketek sortutako berezko ezinegonari beste zama bat inponiduten deutse: Ikasketetan erabili ez daben hizkuntzea erabiltea, frantsesa, hain zuzen be. Baina herritar euskaldun lez jagokezan hizkuntza-eskubideak aldarrikatzeko hautua egin eta egiten dabe, Frantziako Gobernuaren aginduen gainetik, beren notatan kalteak onarturik.

Korrikak, autortza honen bidez, hareen egoerea ezagutzera emoteko bozgorailua izan nahi dau. Korrikako arduradun Ane Elordik aitatu bezela, Euskal Herri zabalean, baita hemendik kanpo be, mundu guztiak jakin daiala gazte honeek, egun, ezin dabela ikasketen zati garrantzitsu hori beren hizkuntzan egin; eta, bidebakokeria horren aurrean, pausoak emoten jarraituko dogu.

Seaskako Peio Jorajuriak be egin dau berba eta Bizkarsoro filmari (Josu martinez, 2023) erreferentzia egiten hasi da, bertan Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan egunero bizi izaten dan errealidadea dala aitatuta: XXI. mendean, Euskal Herria herri ukatua da; euskerea, zangopilatua.

Beskoitzeko ikastolarena salatu adu ondoren: Auzapez puxant batek 51 haur ikastolarik gabe utz ditzake, kale gorrian, egun batetik bestera. Zergatik?.

Oztopo eta traba guztien gainetik, euskerearen ofizialtasuna eta euskeraz biziteko eskubidea aldarrikatu ditu: Harro hadi Euskal Herri, ikastolak antikonstituzionaltzat dituan legearen aurrean. Harro hadi Herri, ofizialtasuna ukatzen deuskuen hautetsien aurrean. Harro Herri, haurrei beren hizkuntzaz berba egin eta idaztea debekatu nahi deutsen errektore** eta agintari zapaltzaileen aurrean”.

Elorri Falxak, Manex Erdozaintzi-Etxart ikastolako irakasleak, aitatu dau frantses Administrazinoak irakasleria konplize nahi dauela hizkuntza-zapalketan. Brebeta euskaraz egitearen aldeko burrukea irabazi genduan, baina orain Baxoaren tenorea da: Ikastolak, hautetsiak, jentartea... herri oso baten babesa beharko dogu burruka hau be irabazteko.

Ikastoletan, bardintasun, errespetu eta alkartasun-balioetan heziak izan gara. Azterketak Euskaraz kolektiboaren izenean, Maika Gueiçanburu ikasleak aurreko belaunaldien lana azpimarratu dau: Zenbaitetan, kantuz eta jantzan egin deutsagu aurre inposizinoari; beste batzuetan, okupazino eta desobedientzia-ekintzakaz baina, beti, maitasunagaz, gure aurrekoen bideari jarraituz. Egungo ikasleak lekukoa hartzeko prest dagozala adierazo dau Gueiçanburuk, Korrikan bezela, lekuko hori beste belaunaldiei pasauko deutsegu, harik eta Euskal Herri euskalduna lortu arte!.

Oihaletxea dokumentala


Lander Garrok zuzendu dau ikus-entzunezkoa. Ordu-erdi pasatxoko iraupena dau eta Azterketak Euskaraz kolektiboko Seaskako ikasle, irakasle, guraso eta ikasle ohien testigantzak jasoten ditu.

Korrikak eta Azterketak Euskaraz taldeak jaio ziran desagertzeko bokazinoagaz. Ekimen biak maite ditugu, baina ez dabe irauteko bokazinorik, biak sortu diralako anomalia baten ondorioz; bidebakokeria dana aldatzeko, adierazo dau Garrok.

Oihaletxea metafora bat dala azaldu dau, euskerea irudikatzen dauen metafora, hain zuzen. Gu oihaletxe edo oihal-etxolaren barruan gagoz, eta euskereak babesten gaitu. Gure babeslekua da euskerea/oihaletxea, baina kanpoko elementuen (haizea, hotza, ekatxa) menpean gagoz. Guk oihaletxeari sendo eusten deutsagu, desagertu ez daiten. Era berean, ez dogu oihaletxea indartzeko denporarik, izan be, eten barik kanpoko elementu horreen kontra gabizanez, eskuartean doguna atxikitzen dogu.

Kontuak kontu, dokumentala zezeilaren 8an estreinauko da, EITBn.

Oroigarriak

Azterketak Euskaraz kolektiboaren lana autortzeko, AEK-k oroigarri bana emon deutse Estitxu Robles, Xalbador, Manex Erdozaintzi-Etxart, Piarres Larzabal eta Kattalin Elizalde kolegioetako ordezkariei, zein Bernat Etxepare lizeokoei. Ane Elordik, txalo-zaparrada artean adierazo dauenez, “Zuon burruka gogorra izan da eta da. Izan daitela oroigarri umil hau egindako lanaren autortzea; AEKren partetik, gure esker ona, euskaldunon eskubideen alde lehiatzeagaitik”.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu