Alex Txikon: 'Gara garena gizarteari esker'
2024-01-29 07:55 BarriketanTxikitatik, umetatik mendian ibilitakoa, makinatxu bat espedizinotan ibilitakoa, zortzimilakoak zer diran ondo dakiana, 21 urte zituala Broad Peak (8.051 m) izan zan Alexek igon eban lehenengo zortzimilakoa. Gero gerokoak. Munduko 14 zortzimilakoetatik batzuk igon ditu.
Ganerakoan, idazle lanak be egin ditu: Himalayista lemoarrak Nanga Parbatera eginiko neguko lehen igoaldiaren (2016) gorabeherak kontau zituan liburu ederrean.
Igaz, barriz, Manasluko (8.163 m) tontorra zapaldu ostean, liburua plazaratu eban eta beste batzuk be izan dira.
2023ko zemendiaren azken egunetan ekin eutsan Annapurnara (8.091 m), neguan eta oxigeno barik igoteko espedizinoari baina gorabeherak gorabehera (haize bolada indartsuak, edur-jausteak, C3 kanpamentuko depositua desagertzea...) etxera bueltan etorri ziran. Arrazoiak eta espedizinoak bizitakoak gustora kontau deutsoz Bizkaie! Atariari.
1.- Zorionak Alex, ze nahikoa lan egin ostean etxera heltzea nahikoa egitada izan da. Zein izan zan arrazo nagusia Annapurnari agur esateko?
Arriskua. Normalean udabarrian Annapurna eskaletan danean, 2. Kanpalekutik gora egiten da tontorrerako ahalegina baina neguan ezin daiteke holakorik egin. Kontun izan C3 kanpalekuan geunkan material guztia galdu genduala, arrakala bat sortu eta hor joan zalako dana (2.000 metro soka, denda bi, izotzerako estakak, jatekoa, gasa... ), barriro behetik gora buelta batzuk egitea zan kontua baina errotazinoak tarteko, gorabehera horrek arriskutsuak ziralakoan espedizinoa bertan behera ixtea erabagi genduan.
Eguraldia lagun izan dogu baina haize boladak oso gogorrak izan dira C2tik gora, edur jausteak be bildurgarriak izan dira eta arriskutsu egoanez, etxerako bidea hartzea erabagi dogu.
2.- Haize bolada gogorrak eta edur-jausteak izan dozuez arerio. Irudi batzuetan ikusi genduan edur-jauste bildurgarri batek jan zintuela. Holakoetan zer egiten dozue, arineketan beharantz jo, ze estrategia erabilten dozue?
Arin-arinka hasten zara, babesa topau eta suberte apur bat be behar izaten da; holako egoera bi bizi izan dodaz eta bigarrenen oso hur sentidu genduzan blokeak, hiruzpalau metrora pasau jakun olatua...
Edur-jausteak oso gogorrak dira ipar isurialdean eta hor ez dago bromarik, Annapurna mendi ederra da baina sano arriskutsua; pentsaizu C2tik C3ra dago txarrena, serac eta izotzezko blokeak datoz beherantz eta edur soltea baino bloke gogorrak dira eta holako batek jo ezkero, han geratzen zara. Burua hotz eta argi izatea da beharrezkoa, serac horreek eta arrakalak bizirik dagoz, klak, klak horreek, musikea etenbakoa izaten da. Hamabost minuturo etorten jakun edur-jauste bat eta holakoak bizi egin behar dira zeozelako normaltasunez hartzeko. Momentu horreek kenduta gozau egin dogu, gozamena izan da bidea bera, bidea
da benetako tontorra.
3.- Zelako tenperaturak izan dozuez, denda barruan eta kanpoan?
Beheko Kanpalekuan ez deusku hotz handirik egin, 11-16 gradu zero azpitik, C1 kanpalekuan hotzago baina benetako saltoa C2 eta C3tik gora sentidu genduan, 25-26 zero azpitik. C2tik gora eguzkirik ez dau joten, hozkailuan zagoz eta txarrena izaten da lo egiteko zakutik urtetea, epeltasunetik hotzera. Urteak daroaguz goi mendietan eta gure gorputzak ohitu edo egin dira holako tenperatura, haize bolada eta enparauetara.
4.- Haizeak gogor jo baeban be, C3ra heldu zinien (6.500m) eta zoritxarrez depositua hutsik topau zenduen. Hor momentuan zer sentidu zenduan? Ez egoan modurik depositua barriro betetako?
Bai baina arriskutsua zan. Gorabehera edo errotazino asko egin behar izatea ez zan erabagi zuzena, lepoan kilo asko eta ezelako berme barik. Depositua sano handia zan, pare bat metroko zuloa eta hor geunkan gorantz egiteko behar genduan guztia.
Mendiari agur esatea trauma barik hartu beharreko erabagia da, mendiak ez dau handik alde egingo, beti egongo da gure zain. Ez dago ezer garrantzitsuagorik bizitza bera baino.
5.- Holako esoedizinoak egiteko babesleak, laguntzaileak behar izaten dira. Merezidu daben estimuari erreparauta, handi zein txiki, danak eskertzen dira. Óptica Galdakaoko lagun Irunek gafak emon eutsuezan hango jenteari emoteko. Esperientza ederra...
Duda barik. Óptica Galdakaori esker hango jenteak ikusmena hobetu eban eta antioju partidea emon geuntsen. Zoragarria izan zan, herritarren barretxuak eta sentidutea, ikuzkizun ederra guretzako, hunkigarria izan zen euren arpegiko keinua zelan aldatzen zan ikustea ondo graduautako betaurrekoak jartean.
Guretzako erabagiorrak dira babesleak, ezin izango geunke aurrera egin holakorik ez bageunko, txiki zein handi, danak behar doguz.
6.- Aita zara eta horrek seguru, erabagiak hartzeko momentuetan eta aldaketa eragingo eutsuzan...
Iker da gure semea eta benetan ez deusku eragiten gauza bat ala bestea egiteko edo erabagiak hartzeko momentuan bardin, buruari buelta batzuk emoten deutsazuz baina holako momentuetan, altueran burua hotz daukagula hartzen doguz erabagiak. Kanpoko gauzak eta personak bajatortzuz gogora, norbera ahuldu eta leitekeana da erabagi okerrak hartzea.
7.- Idazle lanak be egin dozuz, Nanga Parbatera eginiko neguko lehen igoaldiaren (2016) gorabeherak zein igaz, barriz, Manasluko (8.163 m) tontorra zapaldu ostelko liburua...
[Barreka]... Ez dot nire burua idazletzat hartzen. Idazlea berba potoloegia da baina abenturotan bizitakoak, sentimenduak, esperientziak eta holakoak jorratzen dodaz, sormen lan hori gustetan jat baina Unai Ormaetxea eta Sua argitaletxekoak be nabarmenduko neukez.
Beste alde batetik, proiekzinoak, berbaldiak eta egiten dodaz heririk herri eta benetan gozamena izaten da plazak edo aretoak ganezka ikustea. Jentearen berotasuik barik hau guztia ezinezkoa izango litzateke, nik beti esaten dot betirako zorra deutsodala gizarteari. Gara garena gizarteari esker.
8.- Aparteko mezurik zure jarraitzaileentzat...
Hango jenteak beti emoten deusku daukien apurra eta geure erantzuna izaten da geuk be ahal doguna eskaintzea.
Ganerakoei, barriz, esango deutset biziten, gozetan jarraitu deiela, beti norberaren burua jagon deiela eta mendietan bueltea hartzea ez dala kale egitea.
Ikusi argazki guztiak handiago
2024/01/22 07:50
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!