Bilborock musika eta sormen laborategi bihurtuko dabe

Bizkaie! 2024-01-24 08:25   Kulturea

Programazinoa, urtarrilaren 26an aurkeztuko dabe.

Bilboko Udalak Bilborocken programazinoa aurkeztu dau, persona eta kolektibo gazteentzako ekintzailetza-laborategia izateko musika, kultura eta sormen-esparruetan.

Proposamenak 38 jarduera batzen ditu, gazteek profesionalizetako prestakuntza eta tresna baliogarriak eskura izateko, talentu eta sortzaile barrien harrobi bat sortuz, proaktibidadea, parte-hartzea eta ikusgarritasuna sustatuz uriaren barruan eta kanpoan. Programazino horri gazteek proponiduten dituen jarduerak gehitu behar jakoz.

Bilborockek, 2023. urtean, 33.128 parte-hartzaile eta 387 ekitaldi hartu zituan, horreetatik 112 persona eta kolektibo gaztek atonduta. Mix-A, Local-DJs eta Freskure sartu dira programazinoan 2024rako nobedade bezela. Programazinoa, ekitaldi formatuan aurkeztuko da urtarrilaren 26an, 19:00etatik 01:00etara.

Egun horretan, jarduerak eraikin osoko espazioetan egingo dira: Ensegu-geletan, 2024an egingo diran programak erakusteaz gan, aurreko edizinoetako bideoak jarriko dira. Horrezaz gan, Bilborocken dokumentalaren teaser bat proiektauko da. Dokumentalak ekipamendu horren historia jasoten dau, berari lotutako personen testigantzen laguntzinoagaz. Ganera, ondoko bakarlari eta banda gazteak izango dira bertan: Soda Timek musika urbanoko erakusketea egingo dau, Vittersweeten kontzertu akustikoa eskainiko da, FEMME zikloko parte-hartzaileen kolaborazino bereziak egingo dira, AMOOMAren (funk & soul bandea) kontzertua egongo da, eta Celeraka+Monet DJ musikariakaz amaituko dabe.

Itxaso Erroteta Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol zinegotziak adierazo dauenez, aurrera egiten jarraitu nahi dogu, Bilborock gazteen ekintzailetza-laborategi bezela finkatzeko, musikearen, kulturearen eta sormenaren industriaren arloan. Programa erakargarriak eskaintzen jarraituko dogu. Horren bidez, gazteek gehiago ikasiko dabe, baita euren talentua sustatu be. Bilborock persona eta kolektibo gazteentzako erreferentzia-gunea izatea nahi dogu, profesionalizazino artistikoa, ikusgarritasuna eta kolektibo horrentzako aukerak sortzea ahalbidetzeko.

Lehen aitatutako barrikuntzez gan, programa gogokoenek indarrean jarraituko dabe: Lokal Sessions, Bideoklipa, Igandays, Berriak, Femme Bilbao, Klasikoak, Imaginatuak eta Gazte Egunak.

Informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu