Joseba Gotzonen erakusketea, Basauriko Arizko Dorretxean
2024-01-23 08:34 KultureaBurdina eta ahotsa izeneko obrea zezeilaren 14ra arte izango da.
Joseba Gotzon (Portugalete) artisteak, eskultura proiektua aurkeztuko dau Basauriko Arizko Dorretxeko 0 aretoan. Aldi baterako erakusketea, urtarrilaren 18an (eguena) inaugurau zan eta zezeilaren 14ra arte egongo da.
Lana otxotearen edo ahots-zortzikotearen filosofian oinarritzen da, eta ganbera talde horren kontzeptu eta ezaugarri ugari adierazoten ditu: Formazino mota, ahotsa, errepertorioak edo nazinoartekotzea kontuan hartuta. Horrezaz gan, Joseba Gotzonek piezak diseinau ditu, besteak beste, ahots zuri edo mistoak, itsas abestia, ahots-sokak, ahotsaren orekea edo bibrazinoa, otxotearen eta jantzearen arteko loturea.
Basauriko Arizko Dorretxean artisteak bere obrearen 10 pieza batzen ditu; Zortzi, Tubo, Tablilla eta Otxotea bildumetatik hartuta.
Zortzi izeneko bildumea Portugaleteko Nazinoarteko Otxoteen Jaialdian erabili zituan. Egileak, burdinagaz zortzi zenbakiaren siluetea sortu eban, otxoteagaz lotuta. Eskultura horretan oinarrituta, ahotsaren formazino eta ezaugarriez lotutako hainbat eskultura diseinau zituan.
Tubo bildumea, barriz, organoaren hodian dago oinarrituta, haren soinuan hain zuzen be. Pieza horreek, data historikoetan dagoz oinarrituta: Bilbo 1930 (lehen lehiaketea), Portugalete 1932 (ofizialtasuna), Eibar 1936 (8 + zuzendaria) eta Maitasun 1964 (emakumezkoen lehen zortzikotea).
Tablilla bildumeak antxinan oholtzetan idazten ziran partiturak eta obrak adierazoten ditu eta Otxotea obran, forma zuzenak dagoz soken araberako formazinoak irudikatzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!