Kalean dira ikastetxeetarako 23. Korrikaren unidade didaktikoak
2024-01-23 08:15 Euskerea berbagaiAEKren eta Ikastolen Elkartearen alkarlanari esker, edadearen arabera sailkatuta dagoz.
Euskal Herri osoko eskoletan zabaltzeko unitate didaktiko horiek eskuragarri daude Korrikaren webgunean. Ikasmaterialak edadearen arabera sailkatuta dagoz, Ume Hezkuntzatik Batxilergora. Hainbat baerrikuntza datoz baina betiko helburuak, hau da: euskerearen aldeko jarrerea zabaldu, euskerearen aldeko kontzientzia suspertu eta erabileran eragitea; eta, zelan ez, Korrika ezagutarazotea. Iñaki Zapirain Orereta ikastolako irakasle eta unidade didaktikoen egileak jakinarazo deuskunez, Korrikaren azken edizino bietan legez, unidade didaktikoak modu digitalean argitaratu dira. Unidadeok helburu dabe euskerearen erabilerea sustatzea eta indartzea eta, jakina, euskerearen aldeko ekimenaren girotze-lana egitea.
Era berean, jarduerak ez dira euskara arloan lantzekoak bakarrik, izan be, hainbat irakasgaitan erabilteko pentsauta dagoz, Gorputz Hezkuntzan, esaterako.
Unidadeak edadearen arabera sailkatuta dagoz eta, edizino honetan, izen barriakaz datoz:
- HARRO unidadea, 3-6 urte bitartekoentzat.
- HERRI unidadea, 6-9 urte bitartekoentzat.
- ORRO unidadea, 9-12 urte bitartekoentzat.
- KORRI unidadea, ikasle nagusientzat (12-18 urte bitartekoak).
Harro eta Herri unidadeetan, ikasgelako arbela digitalean proiektetea proponiduten da. Orro eta Korri unidadeetan, barriz, ikasleek ordenagailu eroangarriak erabili leikiez webgunean sartzeko.
Gida didaktikoak irakasleentzako be badagoz. Unidade bakotxari jagokon gidea deskargetako aukerea dago eta jardueretarako argibide guztiak dagoz bertan.
Iraupenari jagokonez, aste biko kanpainea izango da. Hori bai, irakasle bakotxaren esku geratzen da edukiak denpora luzeagoz erabili edo proposamenak laburtzea.
Prozedureari jagokonez, gauza bera, hau da, edukiak edade-tarteka banatuta egon arren eta jarduerek zeozelako hurrenkerea be badabe, irakasle-taldearen esku geratuko da jarduera guztiak gauzatu ala ez, aukeraketa bat egingo den, beste edade-tarte baterako jardueraren bat egokitu nahi daben, azken batean, materiala ez da zurruna eta nahieran erabili daiteke.
Edukiak eta barrikuntzak
- Ispilu harrogarria. Goiatz Labandibar idazlearen ipuin batek emoten deutse loturea jarduerei. Ipuineko protagonistak Nora eta Harri izeneko ume bi dira eta, edizino honetako leloari (Harro Herri) erreferentzia eginda, hainbat gairen inguruan hausnartuko dabe ikasleek, lotseari buruz berba egitea, harro sentidutearen garrantzia... Lur Kortak egin dau ipuinaren kontaketea.
- Harro, herri, korri! esku-olgetea. Harri, orri, ar olgetea atxaki gisa hartuta, Irundik Baionara doan ibilbidea egin beharko dabe.
- Artelana. Edizino honetako mihiseak, 23. Korrikaren logoaren atzeko hondoak, euskerearen eta euskal kulturako erreferentzia pilo bat ditu. Ikasleek horreek identifikau beharko ditue, antzeko irudiak sortu eta horma-irudi handi bat eregi.
- Omenaldia. Korrikaren omenduen inguruko lanketea. Iparraldeko lagunek azterketak euskeraz egiteko dituen arazoez jaubetzea da jarduerearen helburua eta Seaskaren Azterketak Euskaraz kolektiboari alkartasun-gutunak bialtzea proponiduten da. Horregaz lotuta, 23. Korrikaren dokumentalaren inguruan zineforum bat egitea be iradokitzen jake ikasle helduenei.
- Ozto(poz) lasterketea. Korrikak ibilbidean zehar gainditu behar izaten dituen oztopoei erreferentzia egiten deutse jarduerak. Gorputz Hezkuntzako saioetan, oztopoz beteriko zirkuitu bat gauzatzea proponiduten da bertan.
- Plazara dantzara!. Edizino honetarako Myrian Perezek sortu dauen koreografia.
- Korrikahoot olgetak. Korrikaren historia hobeto ezagutzeko.
- Bingo musikatua. Hainbat edizinotako kantak ezagutzeko ariketea.
- Dagoeneko klasiko bihurtu diran jarduerak: Petoa, lekukoa, ibilbidea, mezua...
Kontuak kontu, unidade didaktikoen bildumea hemen dago eskuragarri.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!