Bilboko Hilerriak hamar kultur ekitaldi atondu ditu
2024-01-22 13:11 KultureaPoesia, pintura eta argazkigintzea, protagonista.
Urtero lez, Bilboko Udal Hilerria jardueraz beteko da, Bilbao Zerbitzuak aurreikusi dauen kultur programeagaz. Hala aurkeztu dabe Bilboko Udaleko Osasun eta Konsumo Saileko zinegotzi dan Álvaro Pérezek eta Bilbao Zerbitzuak erakundeko gerentea José Antonio Fernándezek.
Ekintzek herritarrei panteoi artean ezkutauta bizi dan ondarea gerturatzea dabe helburu. Baita hilerriaren ikuspegi positiboago bat proposatzea be; bake, oroimen eta jada guregaz ez dagozenegaz alkartzeko lekua dalako, nabarmendu dau Álvaro Pérez Alonsok.
Aurtengo egitarauak nobedadeak izango ditu, esaterako, lehen aldiz film laburren lehiaketea bat hartuko dau: Jarduera horren helburua hilerriak bake eta atsedenerako leku diran ikuspegia hurreratzea da. Heriotza beharrezko igarobide natural bat bezala ikusi behar dogu, adierazo dau zinegotziak. Bideoek, 3 minutuko iraupena izango dabe gehienez, eta lekuaren jarrera positiboa transmititu behar da.
Ganera, Hego Euskal Herriko Alpinismo Federazinoaren (gaur egun Euskal Mendizale Federazinoa) mendeurrena dala eta, maiatzaren 18an, zapatua, omenaldia egingo deutse Bilboko hilerrian lurperatuta dagozen mendizale guztiei. Egun horretan, Bidea Orientazino Klubaren laguntzagaz, orienteering probea (kirol-orientazinoa) egingo da kanposantuaren esparruan.
Aurreko urteetan herritarren artean izandako onarpen ona ikusita, leku horren beste ikuspuntu bat sortu nahi dogu, adierazo dau Álvaro Pérezek. Jarduerak gida kualifikatuak izango ditu eta martitik bagilera bitartean eta irailean zehar egitea aurreikusten da. Garagarril eta abuztuko hilak gaueko bisiten ziklo barri baterako gordeko dira.
Poesia, pintura eta argazkigintzea, protagonista
Hilerrian egingo dan lehenengo jarduerea martiaren 19an izango da, Aitaren Egunean hain zuzen be. Omenaldia 12:00etan hasiko da Bilboko Udal Hilerriko kaperan, poesia eta musika klasikoko errezitaldi tradizionalegaz. Bertan, familiak euren senideegaz alkartu ahal izango dira bake eta lasaitasun giroan, helburu bategaz; jada ez dagozenak gogoraraztea.
Egitarauak apirilaren 20an jarraituko dau III. argazki lehiaketeagaz. Jarduerea hirugarren urtez jarraian egingo da, 09:00etatik 14:00etara, eta hilerriaren kulturea eta ondare arkitektoniko, artistiko eta paisajistikoa balioetsi nahi dabe.
Hilerriak, amak be omenduko ditu maiatzaren lehenengo domekan, hilaren 5ean, goizeko 12:00etan- Poesia-errezitaldia izango da, emakumezko talde bokal batek lagunduta. Bertaratutakoei 100 bouquet/margarita/lore sorta banatuko deutsee.
Pintura lehiaketea, barriz, bagilaren 1ean izango da. Ekitaldia 08:30etik 14:00etara egingo da. Horrezaz gan, musikea be ez da faltako 2024ko programean. Igaz bezala, Bilbao Zerbitzuak erakundeak atonduko dau kontzertua, Iñaki Bermúdez saxofonistaren eskutik. Kontzertua irailaren 21ean izango da.
Hemen egitarau osoa:
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!