Bilbao Bizkaiak Fitur-en aurkeztuko dau eskaintza turistikoa

Bizkaie! 2024-01-22 11:40   Kulturea

Urtarrilaren 24tik 28ra arte.

Bilbao Bizkaia, urtero lez, Europako merkatuko hartzaile eta eskaintzaileentzako lider dan Fitur azokan izango da. Urtarrilaren 24tik 28ra, Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udala batera izango dira azokan Bilbao Bizkaia helmugea sustatzen. Garraioetako, Mobikortasuneko eta Turismoko foru-diputadu Sonia Pérez, Bizkaiko Turismoko zuzendari Leire Sáez eta Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapeneko, Merkataritzako, Turismoko eta Enpleguko Saileko zinegotzi Xabier Ochandiano eta haren taldea Fituren inaugurazinoan izango dira, urtarrilaren 24an (eguaztenean), Bilbao Bizkaiaren turismo-produktu barriak eta alderdi erakargarrienak aurkezteko.

2024. urteari begira, erakunde biek turismo-eskaintza batzuk nabarmendu nahi ditue eta eskaintza horreen protagonista dira, hain zuzen be, uriko ekitaldiak (esaterako, emakumezkoen UEFA Champions League-aren finala) eta naturako turismoa. Mendiak eta haranak, herriak, kultura-ondarea, gastronomia, jarduerak eta Bizkaiko barrualdeko nortasuna izango dira erakargarri nagusiak.

Sonia Pérez Mobikortasuneko, Garraioetako eta Turismoko foru-diputaduak aurkeztuko ditu Bizkaiko turismo-produktu barriak; euskarri barri bi jarriko dira sektoreko profesionalen eta Bilbao Bizkaiaren erakusmahaiak bisitetan animetan diranen eskura.

Natura, parkeak eta paisajeak Bizkaian

2030erako Turismo Estrategiaren barruan, Bizkaiko barrualdeari zuzenean lotutako turismo-produktu bi dagoz: Parke naturalak eta Natura eta paisaiak produktuak Bizkaiko barrualdeko turismo-kudeaketako erakunde guztien arteko kontzeptualizazino, egituraketa eta formulazino estrategikoen emoitzak dira. Helburua da barrualdeko turismoa sendotzea eta, horretarako, turismoaren sektoreko eragile publiko eta pribatuen artean eskaintza lehiakorra sortzea, jasangarritasunaren alde eginez (ingurumenekoa, soziala eta ekonomikoa).

Naturagune babestuak, gailurrak eta ekoturismoa batzen dituan katalogo bat aurkeztuko da eta horrezaz gan, Gorbeia, Urkiola eta Armañon arduraz gozetako gonbidapena egingo da. Bestalde, turistak animetan ditu begiratokiak deskubridu, mendi-ibilbideak egin, bide berdeak eta Donejakue bideak ezagutu deiezan; baina lasai hartzeko aukerak be zabaltzen deutsee: Herri eta paisaje ederrak ikusteko aukerea eta osasun- eta ongizate-jardueretan parte hartu deien.

Bizkaia ezagutzeko beste modu bat

Era berean, Bizkaia osoa, kostaldea, barrualde zein metropolia, bizikleteaz ezagutzeko 16 ibilbideko katalogoa aurkeztu da, jarrera estrategikoa indartuz Bilbao Bizkaia markarako.

Ibilbide horreen barruan, bisitau beharreko baliabide turistiko guztiak nabarmendu eta zerbitzu osogarriei buruzko informazinoa be jasoten da.

The Place to be: Ekitaldi Handiak

Xabier Ochandiano zinegotziak, eskaintzen katalogo zabala aurkeztuko dau ekitaldian: Eskaintzak ekitaldiei lotutako baliabide turistikoei balioa emoten deutsee, esperientzia turistiko globala emonez, nazinoartean proposamen erakargarri eta lehiakorra izanez.

2024rako ekitaldi nagusien artean, UEFA Women's Champions League-ren finala da azpimarratzekoa. San Mamesen jokatuko da, maiatzaren 25ean; final historiko bat izango da, Europako emakumezkoen futbol-ekitaldi garrantzitsuena. Lehen lerroko nazinoarteko ekitaldi horrek, ganera, gizonen eta emakumeen arteko bardintasunaren balio ukaezina berretsiko dau, tradizinoa eta modernidadea batzen diran ingurunean, kirol-eta jai-giroan hain zuzen be.

Ganera, Bilbao Bizkaiak zenbait proposamen ezagun ditu, horren artean: Bilbao BBK Live, Bilbao Blues Festival, BBK Bilbao Music Legends Fest eta BIME 2024. Horrezaz gan, Guggenheim Bilbao Museoaren eta Arte Ederren Museoaren erakusketa artistikoak be nabarmendu behar dira.

Markak hausten

Aurreko urtean, Bilbok inoiz baino bisitari gehien izan eban. Eustat-en datuen arabera, 2023ko urtarriletik zemendira, uriak 1.149.698 turista hartu zituan, Bizkaiak jasotako bisita guztien % 66,8.

Nazinoartean oihartzun handiko ekitaldi handiak berreskuratu diranez, Bilbo munduko turismo-erreferentzia bihurtu da, eta, ganera, turistek gero eta interes handiagoa dabe Bizkaiko beste eremu batzuk ezagutzeko.

Turistaren profila ondokoa da: 47,2 urte ditu, batez beste, bikotean bidaiatzen dau, errenta-maila ertaina dau eta ostatu tradizionalaren alde egiten dau. Jarduerei jagokenez, % 95ek baino gehiagok jarduera kulturalak eta gastronomikoak aukeratzen ditue eta 8,27ko balorazinoa emoten deutse helmugeari. Turistak tokiko ekonomiaren zati handia dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu