Unai Egia: 'Oso argi neukan iraupen gitxiko diskoa izango zala'

Andoni Mugica Lopez 2024-01-22 07:55   Barriketan

Unai Egia (Nabil Taldea).

Nabil Taldeak (Unai Egia, Lekeitio) zazpigarren lana kaleratu dau. Bost abestiz osotutako EPa da Margolana. Unaik, rock formatua emon deutso diskoari, ahotsak eta gitarrak protagonismo handia jasoz. Margolana izeneko kanta ezeze, beste laurak bateria, baxua eta gitarrez beteta dagoz.

Ganera, Eneko Arruza margolariaren inspirazioa izan dau, izan be, diskoaren portadea egiteaz arduratu da. Horrezaz gan, Unaik bakarkako ibilbidea jarratuko dau zuzenekotan, gitarra akustikoa eta elektrikoa, 3 looper, bonboa eta pandereta erabiliz.

Abesti guztien letrak, gitarrak, baxua, bateria eta ahotsea Unai Egiak egin ditu; nahasketa eta masterizazinoa, Aitor Ariñok (Lorentzo Records); diskoaren azala, barriz, Eneko Arruzak; eta, bideokliparen zuzendaritzea eta grabaketearen arduradunak, Aitor Zugadi (El Burrito Films) eta Jon Azkorra izan dira.

Halanda ze, Unai Egia muskiariagaz egin dogu berba, Margolana diskoaren inguruan.

 

1.- Nabil 2005. urtean Lekeition sortutako pop-rock taldea da. Margolana izeneko zazpigarren diskoa atera barri dozu, zelakoa izan da prozesua?

Egia esan, oso prozesu lasaia izan da. Hasieratik, aurreikusi neban kaleratzeko eperik ez jartea, beraz, lasaitasun ghandiz egindako proiektua izan da.

Hiru urte pasau dira azkenengo diskotik eta Margolana okazaratzeko momentua zala sentidu dot. Momentua zan zeozer freskoa kaleratzeko. Hori bai, hasieratik oso argi neukan iraupen gitxiko diskoa izango zala, izan be, guztira, 5 kanta dira. Aurreko diskoetan 10 edo 12 abesti kaleratzen nituan, baina gaur eguneko formatua oso ezbardina da. Esaterako, Gorka Urbizuk atara barri dauen diskoa formatu berekoa da, golpera entzutekoa eta horregaz bat nator: Abestiek jarraitazun bat eukitea, hori egiten saiatu naz Margolana diskoan.

Horrezaz gan, ekonomiari jagokenez, ez neukan mediorik abesti gehiago egiteko, izan be, bost abestietatik hiruk, bideoklipa dabe.

Beraz, sortze prozesua oso lasaia izan da.

2.- Aurreko diskoa akustikoa izan zan, Margolana barriz, rock formatuan dago grabauta (abesti bat ezeze).

Bai, proiektu batetik bestera aldatzen saiatzen naz. Lehenengo 5 lanetan, talde formatua zan eta naturearen elementuegaz oinarritutako obrak egin genduzaan. Horren ostean, Nabil Taldea, beste etapa batean sartu zan, izan be, hortik aurrera, zuzenekoetan be bakarrik joten dot. Formatu barri hori islatzeko, diskoaren portadan bele bat egoan, bakardadea sinbolizauta. Ganera, horretan sakontzeko, gitarra akustikoak eta ahotseak hartzen dabe protagonismo gehien.

Kaleratu barri dodan diskoan, barriz, Margolana abestiaren formatu berari eutsen deutsat. Beste lau kantak rock formatuan egon arren, zuzenekotan neuk bakarrik joten ditu, beraz, kantak egin nituan orduan, oso presente euki dodan zeozer izan da.

3.- Beraz, kantak egitarako orduan, zuzenekoak kontuak izan dituzu?

Bai, hasikerako prozesuan kontuan izan dodan gauzea izan da. Aitor Ariño (Lorentzo Records) produktoreagaz  alkarlanean grabau doguz. Bion artean, oso argi geunkan gitarra akustikoaren protagonismoa, izan be, zuzenekoan joten dodanean, defendidu daitekezan abestiak izatea eta antzeko soinua izatea bilatzen neban.

Oso kanta sinpleak dira, pista gitxigaz, izan be, hori da bilatzen genduana. Beraz, zuzenekotan bateria eta beste hainbeste musika tresna egon ez arren, oso ondo konpontzen naz. Ganera, kriston esperientzia ona izan da Aitorregaz lan egitea.

4.- Zuzenei jagokenez, bakarrik joko dozu. Zelan planteauko dozuz?

Gaur egun, gitarra elektrikoa eta akustikoa joten dodaz eta instrumentu horrek biak dira protagonismo gehien dabenak ahotsagaz batera.

Horreezaz gan, hanka bategaz, bonbo elektroniko bat manejetan dot, eta besteagaz, panderete txiki bat. Ganera, hiru looper dodaz; ahotsak, gitarra elektronikoan eta akustikoan. Musika dana, kontzertuan bertan sortzen dot, aurretik ez dot eroaten ezebez grabauta. Halanda ze, neure apustua kontzertuan bertan dana sortzea da, izan be, talde askok aurretik grabauta eroaten dabe, pensetan doguna baino askoz gehiago. Askotan entzuten dogun erdia grabauta izaten dabe.

5.- Besteak beste, musikea, gitarrea, baxua, bateria eta ahotsea jarri dozu Margolana proiektuan. Ganera, autoproduzidutako obrea da. Halanda be, taldean ibilitako musikaria be izan zara, esaterako, Txapelpunk, Mitosia eta Egon-en. Gustora bakarlari bezela? Zer hartzen dozu faltan?

Taldean, beti dago besteen babesa, lanak banatuta dagoz eta bakotxak bere ardurak ditu. Ganera, erabagiak danon artean hartu eta kontzertuak beste lasaitasun bategaz eskaintzen dozuz. Hori bai, konpromiso bat hartzen dozu taldeagaz eta baita bertoko jendeagaz be. Lehen, gaztetan, agendak bateratzea erraza zan; gaur egun, barriz, lana, seme-alabak eta betebehar asko dagoz eta oso gatxa da dana buztartzea.

Alde batetik, hori da bakarlari bezela egotearen arrazoia, izan be, seme-alabak dodaz eta agendak bateratzea ez da erreza. Beraz, musikeagazko zaletasuna egoera personalera moldatu dot, bakarlari legez. Horrek, alde on asko ditu; zuzenekotan askotasun osoz joten dot, mometuan gauzak gehituz edo kanta batzuk luzatuz.

Baina, aldi berean, bakarrik egotearen alde txarrak be badagoz, izan be, beti ekin behar deutsazu, danaren ardurea dozu, gastu guztiak zeure kontura doaz.

6.- Diskoaren portadeari jagokenez, Eneko Arruza pintoreak egin dau. Ganera, bideoklipean be parte hartu dau. Zelan subertatu da alkarlan hori?

Aurreko urtean kontzertu bat emoten ezagutu neban Eneko, izan be, zuzenekoa amaitu eta gero, zeozertxu alkarregaz egiteko edo komentau eustan, zeure musikea eta neure margolanak buztartu behar doguz. Esandakoari eutsiz [barreak], neuk abestia eta berak koadroa margotea erabagi genduan.

Hasieran, ez neban ulertu. Diskoan, Lekeitioko leku asko aitatzen dodaz, ganera, naturea oso presente dagoan eta margolana, barriz, uri bat da, persona batzuen siluetakaz eta itxura triste bategaz. Enekogaz berba egindakoan, hor ikusten dodazan personen edo silueten pensamenduak eta ardurak, kantuetan islatzen diranak izan daitekez adierazo eustan. Horrek, begiak zabaldu eta formea emon eutson danari.

Beraz, lehenengo abestiak eta ondoren, margolana izan zan. Alkarlanean egindako diskoa da, alkarri lagunduta. Horrezaz gan, bideoklipean be parte hartzen dau erreplika bat margotuz, ondoren erregalau eustana (orain, neure logelan dago [Barreak]).

Bideoklipa Aitor Zugadik zuzendu eta moldatu dau, oleo filtro batzuk sartuz, margolanagaz oso ondo buztartuz. Grabaketak, Lekeition egin genduzan, martitzen bateko goizeko 04:00etan, alde batetik bestera [Barreak].

7.- Margolana, abenduaren 15etik paltaforma guztietan entzun daiteke eta urtarrilaren 27an emongo deutzazu hasierea Lekeition. Gogoz?

Hori da. Lekeitioko Kultur Aretoko Azkuen izango da kontzertua. Aitor Zugadi etorriko da, bideokliparen egilea eta bertan estreinauko dogu hirugarren bideoklipa. Ion Azkorra be hortik ibiliko da. Kontzertu berezia izango da, koloborazino batzukaz, oraindik lotzeko dagozanak.

Laburra izango da, 10 abesti gitxi gora beherea, disko barrikoak gehituta, noski. Horrezaz gan, goiz horretan, Ikusgarri Zineman egongo naz, izan be, musika eskolakoek konbidau deuste jotera (pare bat kanta joko dodaz).

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu