'Euskerea maitatzea kulturearen bidez sustatu behar dogu'
2024-01-19 12:39 KultureaPedro Miguel Etxenikek NIE 2023 saria jaso dau.
Donostia International Physics Center (DIPC) erakundeko buruak Nafarroako Ikastolen Federazinoak urtero emoten dauen NIE 2023 saria jaso eban bart, hainbat alderdiren aintzatespen legez, zientziari egin deutson ekarpena, ikerketan egin dauenlana, euskereari jagokon lekua emotea eta euskerearen erabilerea bultzatzea, zientziaren arloan euskeraz ikastea, euskeraz lan egitea, ikerketak euskeraz egitea eta zientzia euskeraz erabiltearen aldeko jarrerea eta hezkuntzearen inguruan egin dituan hausnarketa-artikuluak, ikasleen gogoeta kritikoak bultzatzea, egungo ikasleen ikasketa-prozesua maisuki ezagutu eta azaltzea eta ikastolen mobimentuaren alde beti izan dauen konpromiso sendoa.
Nafarroako Ikastolen Elkartearen (NIE) helburuetako bat da euskerea eta euskal kulturea sustatzea, biak hezkuntza eta gizarte-garapenagaz lotuz. Esangura horretan, urtero NIE sariak banatzen deutsee helburu horreek beteten lagundu daben persona edo erakundeei.
Elena Zabaleta Nafarroako Ikastolen Federazinoko buruak eta Josu Reparaz zuzendariak emon eutsen saria. Ekitaldian erakundeen zenbait ordezkari be izan ziran: Unai Hualde, Nafarroako Parlamentuko lehendakaria; Ana Ollo, bigarren lehendakariordea eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskerako kontseilaria; Jabi Arakama, Euskarabideako zuzendari kudeatzailea; Pedro Miguel Etxenikeren senideak eta lagunak eta Nafarroako ikastoletako ordezkariak. Aurreko edizinoetako saritu batzuk be bertan izan ziran, berbarako, Carlos Garaikoetxea.
Izaban 1950ean jaiotako nafar fisikaria mundu mailako zientzialari giltzarrietako bat da fisikearen ikerketan. Luzea izan da haren ibilbidea denporari, espazioari, bilakaereari eta kausalidadeari jagokenez eta, era berean, titulu, sari, kargu, argitalpen, ideia, esperientzia, ziurtasun eta zalantzez betea be bai. Batzuk aitatzeagaitik, badakigu ilusino handiz hartu zituala honako honeek, sorleku dauen lurraldearen aintzatespena ekarri eutsielako: Kulturaren Vianako Printzea Saria, Izabako seme kuttunaren izendapena, Manuel de Irujo Saria, NUPek Honoris causa Doktore izentetea eta Nafarroako Urrezko Dominea. Eta, beste aintzatespen askoren artean, ondokoak be aitatzekoak dira: Euskaldun Unibersalaren izentapena 1998an, Zientzia Zehatz, Fisiko eta Naturalen Errege Akademiako akademiko numerarioaren izentapena, Fisikako Max Planck Saria eta Ikerketa Zientifiko Teknikoko Asturiasko Printzea Saria.
Aita Pedro Miguel Etxenike Erronkariko ibarreko medikua eban eta ama, barriz, Felisa Landiribar, erretiroa hartu arte San Fermin Ikastolako andereño izan zana. Hain zuzen be, ikastolek bezela, Pedro Miguel Etxenikek be munduari zabalik egotea aldarrikatzen dau, baina sustraiak ahaztu barik eta beti gogoan hartuz aurrerapen zientifikoa traineru bat dala, arraunlariek atzera begira egiten baitabe arraun, joaneko ezagutzan oinarrituta. Haren ibilbide luzean beti aldarrikatu dau hezkuntza herrialde batek eta gizarte batek etorkizunerako egin leiken inbersinorik onena dala eta gurea lako herrialde bat kalidadea eskainiz eta hezkuntzeari lehentasun osoa emonez bakarrik lehiatu daitekeela munduan.
Etxenikeren ustez, kultura batzuek teknologia eta ezagutzea ekarri ditue mundura, baina Europak munduari egin deutson ekarpen nagusia giza eskubideak dira eta hor sartzen da hezkuntzarako eskubidea be. Hezkuntzea etorkizunagazko alkartasuna da. Eta ekidadea. Ekidadea eta etorkizunaren aurreko alkartasuna. 80ko hamarkadan, eten bat egin eban bere ikerketa-ibilbidean eta herrialdeagaz dauen konpromisoaren ondorioz, politikan sartu zan Hezkuntza eta Kulturako sailburu lez.
Etxenike irakaslea hunkitu egin zan saria jasotean: Ohore handia da sari hau jasotea. Esker onez, euskerearen aldeko berbak erabili zituan: Euskereak aurrera egiteko legeez gan, euskerearen aurreko maitasuna kulturearen bidez sustatu behar dogu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!