Helburua ikerketa-proiektu bat aukeratzea da, emakume artisten produkzinoa aztertzeko

Bizkaie! 2024-01-19 09:55   Kulturea

Artium Museoak, Juncal Ballestín Ikerketarako Nazinoarteko Bekea deitu dau.

Arte feministearen historiografiari eta museoko bildumeagaz zerikusia daben emakume artistei buruzko ikerketa-proiektuei laguntzeko. Euskal Emakume Artisten eta Praktika Artistiko eta Artearen Teoria Feministen Ikerketa eta Dokumentazino Zentroari atxikia, deialdi honen helburua ikerketa-proiektu bat aukeratzea da, Euskal Herriko eta nazinoarteko arte feministearen historiografiari ekarpen esanguratsua egingo deutsona eta/edo museoaren eta bere Bildumearen programazinoagaz zerikusia daben emakume artista eta pentsalarien produkzinoa aztertuko dauena. Parte-hartzeko oinarriak Artium Museoaren webgunean dagoz eskura.

Deialdi honetara edozein nazionalidadeko ikertzaileak aurkeztu ahal izango dira, edade-mugarik barik, banaka, nahiz hautagaitza bateratua aurkezten dauen kolektibo baten kide legez. Eskatzaileek bekearen iraunaldian garatzekoa izango dan ikerketa-proiektu bat, argitaratu bakoa, aurkeztu beharko dabe. Iraunaldi hori bederatzi hilebetekoa izango da, onartzen dan egunetik zenbatzen hasita.

Ikerketea jorratzeko bideratutako gehieneko zenbatekoa 7.000 eurokoa izango da eta honako honeek jaso beharko ditu: Ikertzaile(ar)en ordainsariak eta ikerketearen garapenak eragindako gastuak. Eskabideak aurkezteko azken eguna 2024ko zezeilaren 29 da. Ondokoak dira hautapen-batzordeak kontuan hartuko dituanak: Proiektuaren interesa, eskatzailearen profil profesionala eta ikerketa-proposamenaren egokitasuna Artium Museoaren helburuen artean.

Informazio gehiago izateko eta deialdiaren oinarriak konsultetako, interesdunek Artium Museoaren webgunea ikusi leikie edo helbide elektroniko honetara jo: ikerketa_investigacion@artium.eus.

Euskal Emakume Artisten eta Praktika Artistiko eta Artearen Teoria Feministen Ikerketa eta Dokumentazino Zentroa Artium Museoak artearen orainagaz eta historiagaz dauen konpromisotik sortua da, bai eta emakume artistak eta teorialari feministak diziplinaren narratibetan sartzeko ─hareen ekintza-eremuetan zeharka sartzeko─ dauen betebehar horretatik be.

Zentroaren helburuen artean honakoak dagoz: Euskal emakume artisten eta museoaren bildumeagaz eta haren nazinoarteko programakaz zerikusia daben emakume artista eta pentsalarien dokumentazinoa eta artxiboak batzea, konserbetea eta zabaltzea, bai eta praktika artistikoari eta pentsamendu feministeari buruzko ikerketeari laguntzen deutsen iturri bibliografiko eta dokumentalak identifiketea eta zabaltzea be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu