Braulio Cortés Díaz, Iñaki Cid eta Pantzo Hirigaraik irabazi ditue 2023ko Cafe Bar Bilbao-Tartean Teatroa sariak
2024-01-19 07:57 KultureaAurkeztutako gidoien kalidadea sekulakoa izan da.
XXI edizino honetan 10 gidoi euskeraz eta 21 gidoi gaztelaniaz aurkeztu dira. Egileen artean 3 emakumezko eta gainerakoak gizonezkoak izan dira. Herrialdeei jagokenez, Bizkaikoak bi, Gipuzkoakoak 4, Arabakoa bakarra, eta Behenafarroakoa bakarra izan dira.
Gaztelaniaz
Diario de desdichas izan da irabazlea, Braulio Cortés Díaz-ek idatzia.
Euskeraz (exequo)
Arropa zuria, Iñaki Cid Larreak idatzia.
Dolu (Bizpahiru antzerki sortakoa), Pantzo Hirigaraik idatzia.
Kontuak kontu, arauak, sariaren helburuak eta gidoi irabazleak dagoeneko irakurgai daude Cafe Bar Bilbao webgunean hemen.
Lautan Hiru
Datorren zezeilaren 29an Cafe Bar Bilbaon eta, Lautan Hiru jaialdiaren barruan, euskerazko gidoi irabazle bien irakurketa dramatizatua egingo da.
Pabilioi 6 Aretoko Antzerki Arinaren Jardunaldietan, barriz, produkzinorako laguntzea be eskainiko da, gidoi irabazlea taula gainean erakutsi ahal izateko.
- Gaztelaniazko gidoi irabazlea: Diario de desdichas, Braulio Cortés Díaz-ena
Bio: Braulio Cortés Díaz. (Mas de las Matas, Teruel. 1980)
2000 inguruan heldu zan Bilbora EHUn kazetaritza egitera. Eta unibertsitateko antzerki taldean hasi zan antzerkia egiten. Bilbon kokatu zan behin betiko 2009an, San Franzisko eta Zabala auzoan, hain zuzen be.
Getxoko Antzerki Eskolan, Pablo Ibarluzearen Antzerki Fisikoaren laborategian eta Antonio Favagaz, Scuola del Attore Comico-n aktore lez be trebatu zan.
Arimaktore taldekoa da. Arimaktoregaz bere testu gehienak muntau eta antzeztu ditu, besteak beste, Encuentro Nocturno de Muerte y Olvido edo Mi nombre es Pájaro laburrak, Gran Cabaret Pachón komedia zentzubik bakoa (Naiel Ibarrolaren musikeagaz) baita Felipe Lozak zuzendutako El Trepa de Palacio musikal bufoa (Pabilioi 6) edo Erre Produkzioak taldeagaz egindako Mil Sombreros antzerkiari buruzko komediak idatzi ditu.
Diario de desdichas
2020an pandemia baten ondorioz itxialdian egon ginan egunetan jazoten dan obrea. Hain zuzen be, sei asteren ondoren, umeak kalera atara genduzan lehen egunean. Kilometro bat, ordubete. Egun horree, irrealidade-sensazinoa indartsuagoa egin zan baina ez da egoera hori aztertu edo epaitzen dauen obra bat.
- Euskarazko gidoi irabazlea (exequo): Arropa zuria, Iñaki Cid Larrea-rena
Bio: Iñaki Cid Larrea (Donostia, 1986) egilea eta aktorea.
2021ean lortutako antzerkigintza barrien bekearen ondoren idatzitako Behin baten Loiolan antzezlanagaz Donostia Kutxa literatura saria irabazi eban 2022an. Urte berean bertako kidea dan amaHiru konpainiagaz Gaizki eta Duzhe Dobre antzezlanak sortu zituan (bertan aktore lanetan), biak Pabilioi 6 antzerki laburren
jaialdian sarituak izan ziranak. Gaur egun Duzhe Gaizki antzezlanagaz biran dabil, martian Victoria Eugenia antzokian egongo dana, besteak beste. Irratian be badabil Euskadi irratian barikuro Baipasa saioan eta aurten euskeraz lehenengo aldiz egiten dan Federico Garcia Lorcaren Yerma antzezlana estreinauko
dau Zurriola antzerki taldeagaz.
Arropa Zuria
Gure amek eguneroko keinu txikien bidez gutako bakotxarengan ixten daben ondarea dau ardatz. Testua aktore birentzat sortua izan da eta nahasten diran mundu ezbardin bitan olgetan dau.
Euskerazko gidoi irabazlea (exequo):
Dolu (Bizpahiru antzerki trilogiakoa), Pantzo Hirigarai-rena
Bo: Pantzo Hiriagarai (Baigorri, Behe Nafarroa, 1958)
Kazetaria eta animatzailea Iparraldeko Euskal Irratietan eta bereziki Irulegiko Irratian. Orain erretiratua.
Antzerkian aspaldidanik dabil, lehenik aktore bezela (Xirrixti Mirrixti taldean) eta
gero idazle lanetan ibili da. Baditu 30 bat antzerki idatziak Ipar Euskal Herriko talde askotan.
Hiru aldiz Donostia Saria irabazi dau (Beherearta, Lamindegiko Laminak eta
Garatenea), eta beste behin Euskaltzaindiaren Toribio Altzaga saria (40 urte)
Eleberri bat ere idatzia dau: Poto.
Orain, One man show edo Bakarrizketak egiten ditu.
Dolu: Familiako norbaiten galtzeak larrituta, lagun batek eskatu eutson heriotzearen gaiaz zeozertxu idazteko eta antzezlanean ikusten da lagun talde bat hareen adiskide baten hileta ospakizunetik bueltan. Barriketaldia sortzen da hareen artean heriotzaz,: ba ete dan beste bizi bat ondotik eta zelakoa?
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!