Santakruz eskolako armarria eta kale-izeneko plaka zahar bat zaharbarrituko ditue Eibarren

Bizkaie! 2024-01-18 12:45   Kulturea

Santakrutzeko eskolen proiektua Urbano Manchobas Careaga udal arkitektoak egin eban 1928an.

Eibarko Txaltxazelai alde osoa barritu ondoren, San Andres kurutzea irudikatzen dauen lorategiaren goiko aldean jarritako Santakrutz eskolearen fatxadatik 1995ean erretirautako armarria eta Eibarko Udalaren Errepublika sasoiko armarria zaharbarrituko dira. Udal Lantaldearen biltegian egozan gordeta, bandalismoagaitik, euskarritik atara eta egoera txarrean itxi ondoren hara eroan zalako.

Santakrutzeko eskolen proiektua Urbano Manchobas Careaga udal arkitektoak egin eban 1928an, Mandiola eta Gorosta baserri-auzoetako bizilagunek eskatuta eta lanak Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesean egin ziran 1933tik 1934ra bitartean. Urte horretan bertan hasi ziran klaseak emoten. Gerra Zibilean frontea egonkortu egin zan denpora batez eta eskolak suntsitu egin ziran. 1942an berreregi eben eskolea eta 1965 urtera arte egon zan zabalik.

Elementua interes historiko handikoa danez, zaharbarritze-lanak urtarrilaren amaiera aldean hasiko dira egiten. Armarria porlanezkoa da, 115 x 82 x 13ko neurria dau eta 30 kilo inguruko pisua. Zaharbarritze-lanean piezea garbitu egingo da, gogortu, bistan dauen sare metalikoa saneau eta estali, bolumenak oneratu, zuloak bete eta integrazino kromatikoa egin.

Victor Sarasqueta izena daroan burdinezko plaka bat be zaharbarrituko da. 1930eko urrian, Eibarko Udalak ordura arte Grabadores izena eban kaleari izena aldatu eta Victor Sarasqueta izena ipini eutson eta 1979ko udal-erabagiz izena Bittor Sarasketa euskal grafiagaz jartea erabaki zan.

Ego Ibarra Batzordearen erabagia izan da elementu horreek lehengoratzea, balio historikoagaitik eta gure historiaren aztarnak gordeten dituen elementu fisikoak iraunarazoteagaitik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu