Gernikako Arbolearen beste oinordeko bat landatu dabe Venezuelan

Bizkaie! 2024-01-18 07:45   Kulturea

Caracaseko Eusko Etxeak egin eban eskaerea.

Ana Otadui eta Glenna del Valle | Ikusi handiago | Argazki originala

Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeko buruak, Ana Otadui Biterik, Arbolaren oinordeko bat emon deutso Venezuelak Bilbon dauen Konsuladu Nagusiari. Alea landatuta dago daborduko, Hego Amerikako herrialde horretan.

Gernikako Arbolearen azken oinordekoa asteon landatu dabe, Waraira Repano parke nazionalean (El Ávila izenez ezaguna). Alea orain dala egun gitxi eroan eben Caracasetik, Venezuelako uriburutik, oso hurreko leku horretaraino. Aurretik Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeko buruak emon eutson, Bilbon, Venezuelak Bizkaiko uriburuan daukan konsulari, Glenna del Valleri.

Hego Amerikako herrialde horretako ordezkariak eta Caracaseko Eusko Etxearen buruak, Ibane Azpiritxagak –harengandik dator eskaerea–, eskutitz baten bidez ondokoa adierazo eban: Arbolearen oinordekoa landatzea gure herrien arteko anaitasunezko loturen ondo merezidutako autortzea da eta lurralde hau –Venezuela– euren gogoko Euskal Herriagazko maitasuna bezainbat maitatzen ikasi eben aitita-amamen aldeko omenaldi zintzoa.

Oinordekoa landatzeko kokapena ez da ausaz aukeratu. Aitatutako parke nazionala aukeratu zan klima epela eta lur emonkorra dtitualako, haretx ofizialak foruen uribilduan dituenaren antzekoak. Ganera, Waraira Repanok sinbolismo berezia dauka. Caracasen zein Guaira Estaduaren bistea dauen mendi-lepo baten dago, Guairan, hain zuzen, milaka euskal herritar, etorkizun hobearen bila, XX. mendean heldu ziran itsas portua.

Historian zehar, foru-kamareak Gernikako Arbolearen 450 oinordeko baino gehiago emon ditu. Antxinakoena, oraindino bizirik, Gernikako Batzar Etxetik oso hur dago, 1859koa da eta Nabor izenagaz ezagutzen dan higiezineko lorategian, hain zuzen be. Kanpoan, haretxik zaharrena Rosarion dago, Santa Fén (Argentina) eta 1886koa da. Foru-kamareak espero dau oinordekorik gazteena, asteon El Ávila eremuan landatu dana, indarrez haztea, bakearen eta bizkidetzaren ikur legez, eta hamarkada askoan haziak banatzea Hego Amerikako lurretan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu