‘Euskaltzaindiaren Hiztegia' obrara 843 forma gehitu dira eta 2.376 moldatu

Bizkaie! 2024-01-18 10:45   Euskerea berbagai

Danetara, 49.471 forma ditu orain hiztegiak, 66.523 adiera eta 108.630 adibide.

Azken sei hileotan, Euskerearen Akademiak 843 forma barri jaso ditu bere hiztegian. Euskaltzaindiak eten barik osotzen eta barrikusten dau hiztegia, eta urtean bitan sareratzen ditu barrikuntzak. 2016an, bigarren argitalpena papelean atara zanetik egiten dau holan eta 2023ko bigarren urte-erdian eginiko lanaren emoitzak jasoten ditu gaur sareratutako eguneratzeak.

Euskaltzaindiaren Hiztegiaren erabilerea hobetu egin zan igaz, bilatzaile funtzionalagoa, bilaketa-aukera barriak eskaintzen ditua eta, bestetik, berbak topetako bide gehiago emoten ditu orain bilatzaileak eta, beraz, askozaz zehatzagoa da.

Kontuak kontu, azken sei hileotan 843 forma barri jaso ditu Euskaltzaindiak bere hiztegian, hain zuzen be, 73 sarrera, 389 azpisarrera eta 381 ohiko lexia. Era berean, 2.376 forma moldatu edo findu ditu: 2.194 sarrera eta 182 azpisarrera. Danetara, 49.471 forma ditu orain hiztegiak, 66.523 adiera eta 108.630 adibide.

Forma barriak landu eta bestelako lanak be aparteko garrantzia izan dau eta Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arduradunak gogoratu dauenez: Forma barriak sartzea bezain garrantzitsua da lehendik dagoana txukuntzea, eguneratzea, adiera batzuk egungo erabileren arabera berrantolatzea. Hiztegia argiagoa, erabilerrazagoa eta egungo beharretara egokitua izateko ezinbesteko lana. Esangura horretan, Urkiak nabarmendu nahi izan dau beste atal askotan egiten dan lana, esaterako, formak aldatzerakoan, adierak berrikustean edo bestelako kontu gehigarriak gehitzerakoan: Kasurako, oraingo eguneratzean 1.916 sarrera eta adibide moldatu edo ikutu dira. Esaterako, adibiderik barik egozan adiera batzuetan gehitu egin dira (adib.: makil dantza, optimista edo orkidea); egungo gizartearen ikuspegitik zaharkituak, desegokiak edo iraingarriak izan eitekezanak be aldatu dira, batez be gizon eta emakumeen arteko bardintasunari erreparauta (atzitzaile, emerdi, zelati...). Euskara Batuaren Ortotipografiaren (EBO) arau barrien arabera barrikusi eta egokitu dogu hiztegia; eta, adierak barrikusi, osotu eta findu dira, bai eta euskalki zein erregistro-markak be; eta, zelan ez, jakintza-arloa.

Gainera, euskaltzain osoak beste barrikuntza deigarri bat aitatu nahi izan dau: Lehenengoz, 381 ohiko lexia jaso dira hiztegian: Ohiko lexia figura barria da, forma konplexua, azpisarrerak bezela, baina oso gardena da eta ez dau definizino-beharrik be. Beraz, informazinoa eta adibideak besterik ez dagoz, gehienetan definizinoa bera tautologikoa dalako. Baina berben konbinazinoak zuzen erabilteko argigarriak dira forma honeek (adibidez: saria banatu / emon / eskuratu / irabazi / jaso / lortu / sua amatatu / itzali / piztu). Azalpena behar dabenak edo adiera bat baino gehiago dituenak azpisarrera izango dira, orain arte bezela (adibidez: su eman, sasiari su eman, su hartu...).

Euskal Hiztegi-Etimologikorako lotura eta esaera zaharrak

Beste iturri batzuk konsultetako aukerea eskaintzen dau orain hiztegiak (Orotariko Euskal Hiztegia, XX. mendeko corpusa, Lexikoaren Behatokia, Euskararen Herri Hizkeren Atlasa). Bada, Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa be gehitu da eta erabiltzailea zuzenean joan daiteke hiztegitik forma horren etimologia begiratzera, baldin eta EHHEn jasota badago, jakina, ohartarazo dau hiztegiko arduradunak.

Azkenik, esaera zaharrak aurreko eguneratzean jaso ziran, baina orain jagoken sarrera guztietara lotura egin dala ohartarazo dau Urkiak. Atal horretan, 518 esaera zahar batu dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu