Enkarterri Museoak 13.000 bisitari baino gehiago izan ditu 2023an
2024-01-16 12:17 KultureaBisitari-kopurua aurreko urtean baino % 4 handiagoa izan da.
Enkarterriko Museoak 13.100 lagunen bisitea izan eban igaz, hau da, 2022an baino ia bostehun bisitari gehiago. Zifra horregaz, pandemia aurreko emoitzak berreskuratu ditu Abellanedan (Sopuerta) kokatutako kulturguneak.
Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundea museoaren ugazaba eta Enkarterriko eta Bizkaiko ondarea balioan ipintea helburu, egitarau zabal eta askotarikoa izan dau 2023an, jarduera didaktikoak, bisita gidatuak, ibilbide kulturalak, berbaldiak, jardunaldiak... Abellanedako Batzar Etxeko monumentu-multzoan kokatuta dago kulturgunea eta haren arrakastearen erakusgarri da atondutako jardueretan eskainitako plazak bete egin dirala.
2023ko jardueren artean, nabarmentzekoa izan da George Alexander Dick. 1837-1903. Alemaniatik Barakaldora. Ingeniari alemaniar baten bidaia Euskal Herrian zehar XIX. mendean proiektua. Haren barruan atondutako aldi baterako erakusketea aurtengo zezeilaren 29ra arte egongo da ikusgai. Proiektu horretatik beste jarduera batzuk be etorri dira, ganera, besteak beste, alemaniar injineruaren bidaia-koaderno guztiak digitalizau eta argitaratzea; koaderno horreetan, XIX. mendearen erdialdeko Bizkaiko eta Gipuzkoako paisaje argitarabakoak ikusi daitekez.
Beste alde batetik, jarduera pedagogikoen arloan, tailerrak atondu dira edade txikiko ikasleentzako, urtero legez. Arlo horretan, azpimarratzekoa da Bigarren Hezkuntzako ikasleek andrazkoen memoria historikoa berreskuratzea ardatz daukan proiektu barri eta barritzaile baten –Amama influencer– bigarren zatiaren prestaketea. Proiektu horren bidez, eskualdeko andrazkoen historian eta Enkarterriko fabriketan izan eben presentzian sakondu gura da.
Ondarearen berreskurapenari jagokonez, 2023an Arechabala-Chavarri familiaren (XV.-XIX. mendeak) dokumentu-bildumea digitalizetako lanak amaitu dira, baita Trapagaraneko eta Barakaldoko fabrikei eta historiari buruzko dokumentu-funts barriak erosi be.
Era berean, museoaren ohiko programazinoaren parte diran beste proiektu batzuk jarraipena izan dabe, esaterako, Kulturen familiarteko proiektuak, Gabonetako egitarauak, Burdinolen Ibilbideak, eskualdean barrenako ibilbide kulturalek eta Batzarretik Batzarrera proiektuak, Bizkaiko Batzarren lau egoitzak ezagutzeko (Bilbo, Gernika, Gerediaga eta Abellaneda).
Lankidetzen atalean, 2023an Viento fuerte del norte liburua aurkeztu zan, italiarrek Enkarterrin egindako bonbardaketei buruzko lana, Italiako artxiboetatik ataratako dokumentazinoan oinarritua eta aurkezpenaren osogarri, hegazkin faxistek suntsitutako eremuetan zehar ibilbidea egin zan.
Azken buruan, igaz, Enkarterri Museoak eskualdeko arte gotikoaren ganeko ikerketea ipini eban martxan, eta aurten buru emongo deutso egitasmo horri, Enkarterrin oso ugaria eta aldi berean ezezaguna dan arte horri buruzko erakusketa bat aurkeztuz eta argitalpen bat plazaratuz. Jesús Muñiz Petralanda artearen historialariagaz lankidetzan egiten dabil lan hori museoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!