Mendi Gorria, itsasoa eta sumendi-lurraldea buztartzen

Amaia Larruzea 2024-01-16 08:14   Ibilian-ibilian

Tenerifeko iparraldeko Almaciga inguruan gagoz.

Eguzki beharra sentiduten hasi al zarie daborduko? Egia esan, geure inguruak dituan berezitasun ukatuezina dogu klimea. Halanda be, klima beroagoa daben inguruek eta eguzkiak eskaintzen dituan bitaminek bizipoza emoten deuskue. Gauzak holan dirala, Tenerife aldera gerturatuko gara, hango eguraldia, berezitasunak eta jentearen jarrerea disfrutetako asmoz.

Hegoaldea, toki preziatuena izan da beti, izan be, eguzkiak gehiago joten dau. Halanda ze, aitamen txiki bat egin nahiko neuke Tenerifeko iparraldeko Almaciga inguruari, erabat gomendagarria baita. Orain, barriz, hegoaldera egingo dogu; ez horren ezagunak diran Las Americas eta Los Cristianos ingurura, lasaiagoa eta anitzagoa dan zonaldera baino, El Medano aldera hain zuzen be.

Bertara heltzeko garraiobideari jagokenez, ondo konektauta dagoan tokia dala esango neuke, izan be, autobus-zerbitzuak nahiko ondo dagoz Tenerifen. Ganera, autobus eta taxi zonaldea oso gertu dago, San Isidron. Hori bai, geuk kotxe bat alokatuko dogu, El Medanora joateko, bertan, Mendi gorria esploretako amesa baitaukagu.

El Medanon, haizea da protagonista. Windsurf, kitesurf eta antzeko kirolak egiteko toki aproposa dala konturatu gara. Horrezaz gan, hondartza luze eta zabalak dagoz, bainu ederrak hartzeko, eguzkitan gustura lasaitzeko eta malekoietatik paseotxoak emoteko. Bertoko berezitasun nagusia, sumendi-lurraldea dala esango neuke, izan be, Mendi Gorriaren Erreseba Naturalean gagoz kokatuta.

El Medano, 171 metro dituan mendia da, toki danetatik ikusi daiteke, errepidetik, Medano herritik, baita inguruetako lurralde guztietatik be. Mendiak altuera handikoa ez dan arren, itsas-mailan dagoanez, ikusgarriago egiten dau eta sensazino horrek, garrantzia emon deutso historian zehar. Ibilbide gogorra da, izan be, hatx asko dagoz, baina edonork igon leike. Horrezaz gan, demasako beroa dagoanez zonaldean, ibilbidea hasi aurretik, kontuan hartu behar dogun gauzea da. Bestalde, kontuz ibili hatx guneetan eta lurralde babestua izanik, ez urrundu bidetik.

Erabat gomendatzen dot ibilbide hau, merezidu dau. Tontorretik sekulako ikuspegia dogu; batetik, La tejita hondartzea, eta bestetik, Teide aurrez aurre ikusten da. Beraz, El Medano osoa dogu bistan, lurra eta itsasoa buztartuz, paisaia ederra sortuz. Arroka gorrixka horrek, ganera, mendiari izena emoten deutsona, kutsu berezia sortzen dau geure begietan. Gerturatu, igon, disfrutau eta horren ostean, hondartzara joan eta bertako bizipoza sentidu!

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu