XLI. Gabriel Aresti ipuin lehiaketan parte hartzeko deialdia edegita
2024-01-15 12:35 KultureaKontakizunak euskeraz eta gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dira.
Bilboko Udalak urtarrilaren 15ean edegi dau Gabriel Aresti ipuin lehiaketearen XLI edizinorako proposamenak aurkezteko epea. Modalidade bietarako deialdia egin da: euskera eta gaztelania; biek 3.500 euroko sari eta 1.750 euroko accesit bi izango ditue, lehiaketea eta gero lanak argitaratzeaz gan. Aurkezteko epea zapatuan, martiak 30, amaituko da.
Kultur ekimen horrek helburu bi ditu: Alde batetik, literaturearen sorkuntzea sustatzea eta, bestetik, euskal literaturako egilerik adierazgarrienetako baten lana ezagutarazoten laguntzea.
Lehiaketea, 18 urtetik gorakoak diran edozein nazinotako idazleentzat zuzenduta dago. Ez dira onartuko aukeratutako hizkuntzetatik kanpo itzulita dagozan lanak ezta lehendik sarituak izandako kontakizunak be. Gehieneko luzapena hamabost orritakoa izan behar da (Times New Roman edo baliokidea, 12ko neurria) eta 1,5eko tartekoa lerro bakotxeko. Gaia librea izango da.
Modalidade bakotxak bere epaimahaia izango dau, literatura arloko persona ospetsuek beteko dabena. Parte-hartzaileek martiaren 30era arte izango dabe ipuinak formatu digitalean aurkezteko aukerea udal webgunean.
2023ko edizinoa
Aurreko deialdian, sariak Salvador Serrano Molinaren Glúteos eta Oihane Fernández Mendiaren Ez Esan Inori kontakizunek eskuratu eben gaztelaniazko eta euskerazko modalidadeetan, hurranez hurran.
Akzesitak, barriz, Asun Garate Iguaranen El hombre del carro eta Jose Quesada Morenoren Lazos familiares idazleentzat izan ziran. Euskerazko modalidadeari jagokenez, akzesitak Isidoro Calvo Lorenzok (Pello Bertendonaren Kasu Zoragarria) eta Amaia Iturriotz Etxanizek (Etxe - Tresnak) jaso eben.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!