'Ikusi eta Ikasi' programeak 2-11 urteko umeentzako jarduerak dakarz

Bizkaie! 2024-01-15 11:25   Kulturea

Bilboko familiei euskerazko aisialdirako aukerak emotea da asmoa.

Bilboko Udalak Ikusi eta Ikasi programearen XXI. edizinoa jarri dau martxan Bilboko barrutietan. 2 eta 11 urte bitarteko umeei Bilboko umeei eta hareen familiei aisialdiko dobako jarduerak euskeraz eskaintzen deutsezan programeak 60 jarduera eskainiko ditu. Horrezaz gan, bi eta hiru bitarteko umeek egokitutako saio espezifikoak izango ditue.

Eider Inunziaga Euskerako, Herritarren Arretako eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazinoarteko Gaietako Saileko zinegotziak adierazo dauenez, Udalak aniztasuna eta emozinoak euskerearen bidez lantzearen alde egiten dau, familiak aurten diseinau dogun programea bezain askotarikoak baitira.

Edozein jardueratan parte hartzeko, www.ikusietaikasi.eus web-orriaren bidez emon beharko da izena, eta interesdunek gaurtik (hilak 15) urtarrilaren 28ra arteko epea dabe horretarako. Programazinoa, zezeilaren 8an hasiko da Errekaldeko Udaltegian Eneko eta Ixabel ikuskizunagaz eta maiatzaren 31n zarratuko da Bilboko Campos Elíseos Antzokian Gora Bihotzak ikuskizunagaz.

Ikusi eta Ikasi programeak zezeiletik maiatzera bitarteko hiru tarte izango ditu: 2 eta 3 urte bitarteko umeentzako olgeta-saioak, gurasoakaz batera (Altzoan); sormen-tailerrak 4 eta 8 urte bitarteko umeentzat eta familientzat (Familian); eta dibersino-tailerrak 9 eta 11 urte bitarteko umeentzat (Lagunartean).

Egokitutako eskaintzea

Programa horretan 2 eta 11 urte bitarteko umeak eta euren familiak alkarregaz ondo pasetako euskeraz eta euskereagaz. Programazinoa umeen edadearen ezaugarriak eta gaitasunak kontuan hartuta diseinau da. Helburuak dira euskerearen aurrean hartu-emon afektiboak lantzea eta euskerea esperientzia positiboakaz lotzea txikitatik, azpimarrau dau Eider Inunziaga zinegotziak.

Altzoan ikuskizunaren saioetan, 2 eta 3 urte bitarteko umeek eta familiek euskerea gozeta aukerea izango dabe, abestien eta esku-olgeten bidez. Familian tailerretan, barriz, 4 eta 8 urte bitarteko umeek, senideekaz batera, hainbat eskulan egingo ditue, besteak beste, txotxongilo-tailerrak eta itzal antzerki mitologikoak, artilea egitea eta zurezko panpinak margoztea. Azkenik, Lagunartean tailerretan, 9 eta 11 urte bitarteko umeek, sukaldaritza-tailerrak eta mosaikoak egingo ditue.

Emozinoak eta elikadura osasungarria lantzeko ikuskizuna

Ikuskizunen bitartez, 4 eta 8 urte bitarteko umeen familiek emozino eta elikadura osasungarriei buruzko lana egingo dabe. Lehenengo ikuskizuna be, Eidabe antzerki-taldearen Eneko eta Ixabel lana, Errekaldeko Udaltegian izango da 18:00etan eta elikaduraren eta osasunaren arteko loturari buruzkoa izango da. Era berean, bigarren ikuskizuna, Margarita Rita Rita, umeen sufrimenduari buruzko antzerki-lan dibertigarri eta koloretsua izango da eta Otxarkoagako Udaltegian ikusi ahal izango da. Azkenik, maiatzaren 31n Bilboko Campos Elíseos antzokia musikaz eta jantzaz beteko da Gora Bihotzak lanari esker.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu