Urtarrilaren 28an hasiko da Arabako Bertsolari Txapelketea

Bizkaie! 2024-01-15 07:45   Bertsolaritzea

Martiaren 16an izango da finala, Gasteizko Printzipal Antzokian.

Urtarrilaren 28an hasi eta martiaren 16ra bitartean izango da 2024ko Arabako Bertsolari Txapelketea. Arabako Bertsozale Alkarteak, Baranbioko Garrastatxu Txokoan aurkeztu dau, Gasteizko Printzipal Antzokian amaituko dan 2024ko Arabako Bertsolari Txapelketea.  

Aurkezpen hasierean, 1982an jokatu zala lehen Arabako Bertsolari Txapelketea nabarmendu dabe, orain 40 urte. Urte guzti horretan zehar Arabako bertsogintzak egin dauen bidea adierazo da, txapelketen momentu onenak nabarmenduz: 1982an Arabako Bertsolari Txapelketea, 1990ean Prudentzio Deuna sariketea, 2012an Arabako Bertso Kuadrilla artekoa, 2021an Arabako Binakako bertsolari Txapelketea eta 2024an 40 urte lehen txapelketea burutu zala, beraz bada zer ospatua Araban.

Egoitz Iradierek, Arabako Bertsozale Alkarteko sustapen arduradunak, emon ditu txapelketeari buruzko xehetasunak. Ondoren, Patxi Aizpuruak hartu dau hitza, orain 40 urte Arabako Bertsolari Txapelketan parte hartutako kide eta alkarteko idazkaria (beheko argazkian).

Txapelketako lehenengo final laurdena urtarrilaren 28an jokatuko da, Izarrako Kultur Etxean. Eta martiaren 16an amaituko da, Gasteizko Printzipal Antzokian. Horreezaz gan, final laurdenak, Izarran, Oionen eta Laudion izango dira eta final-erdiak, barriz, Aramaion eta Dulantzin.

Txapelketeak ondoko egiturea izango dau: Arabako 18 bertsolarik parte hartuko dabe, 2022ko Arabako Bertsolari Txapelketearen finalean kantau eta izena emon eben 5 finalistek gehi 2023ko udazkeneko kanporaketetan puntuazinoaren arabera lehenengo 13ak. 18 ibiliko dira final laurdenetan, 12 bertsolari finalerditan eta 6 bertsolari finalean. Bertsolariek, behin bakarrik kantauko dabe fase bakotxean. Guztira, 9 epaile eta 13 gai-jartzaile egongo dira.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu